Elurra Castillo Suarez Garciaren testuetan askotan agertzen den elementu bat da. "Gainera, iruditzen zait modu kontrajarrietan erabili izan dudala ere". Elurrari egiten dion erabilpenak tesi doktoral baterako emanen lukeela iruditzen zaio altsasuarrari. Sinbolo hori erabili du liburu berriaren izenbururako: Elurra elurraren gainean. Liburuan hamalau poema agertzen dira, garai desberdinetakoak eta beraien arteko lotura bakarra "enkarguzko poemak" direla da. Omenaldietan, ekitaldietan, hiletetan eta abarretan irakurri diren testuak dira. "Ni naiz testuen arteko lotura".
Liburua "bitxikeri" bat bezala deskribatu du idazleak. "Etxeko liburu bat da. Liburu ilustratu bat da; helduendako liburu ilustratu bat hamalau poema biltzen dituena". Txakur Gorriko neskek ilustratu dituzte poemak, eta guztiak euskarazko poemak dira, baina Fernando Reyk gaztelaniara itzuli ditu ere. "Luxuzko edizioa dauka". Igandean Altsasuko Haritza tabenan Elurra elurraren gainean liburuaren aurkezpena egin zuen. Suarezekin batera Rey egon zen, poemaren bat irakurri zitzuten eta bakoitzaren esanahia azaldu zuten, "bakoitzak baduelako bere istorioa". Eskerrak eman nahi dizkie ekitaldia posible egin dutenei ere, Igor Mintegi, "bere etxea uzten didalako" eta Helena Aldasorori "logistikarekin laguntzeagatik". Liburuak Arakatz liburudendean eros daitezke.
Liburu berezia
Otsaportillon irakurtzeko testuak, omenaldietan, hileta pare bat daude, baita Denbora eta tokia gurutzatzen direnean guaixeren 25 urteurrenerako idatzitako testua ere, besteak beste, irakur daitezke liburuan. "Alde horretatik, testu bereziak dira". Argitaratu gabe egoteak "pena" ematen zion, eta bereziak zirenez argitalpen berezia merezi zutela uste zuen Suarezek ere. "Horretara Fernando Reyk animatu ninduen. Haietako batzuk itzuliak zituen batzuetan ekitaldiak elebitan direlako, eta berak esan zidan denak itzuliko zituela eta ea zer iruditzen zitzaidan argitalpen bat egiten bagenuen modu bikain batean".
Autoedizioa izan da, eta Suarezek azaldu duenez oso zaila izan da aurrera eramatea
Liburuaren bigarren berezitasuna da Suarez bera dela editorea. "Testuaren edizioaz Fernando Rey arduratu da, maketazioaz Elkar argitaletxea eta testuak Reyrenak eta bionak dira; baina ekoizlea ni naiz". Oso proiektu garestia dela azaldu du Suarezek, "eta iruditzen zait argitaletxe batek ez luketela hartuko. Konturatu behar gara zenbat garestitu den materialen prezioa eta zer zaila den liburu hau argitaratzea". Hasieran paperik ez zegoen, gero kartoirik ez zegoelako eta aleak ostegun gauean iritsi ziren Altsasura, Zaragozatik inork ezin zituela ekarri. "Oso konplikatua izan da hau ateratzea". Editorea izateak ere alde onak ditu: "Gauzak nik nahi izan dudan bezala egin dira". Baina autoedizioa ez lukeela berriz egingo aitortu du Suarezek.
Enkarguak
"Hori da nire bizitza. Beti prest edozerri idazteko. Kantuak egiten ez dakit, salbuespena Nafarroa Oinez izan zen, eta berriz egingo ez nukeena. Baina batzuetan eskatzaileari ezin zaio ezetzik eman. Beti atera da zerbait". Gerran eraildakoen omenaldietan, Otsaportilloko omenaldietan, mota askotako ekitaldietan, baita hiletetan ere irakurtzeko testuak bildu ditu eta aitortu duenez, berarendako zailena Jon Barberenari lur eman ziotenean irakurtzeko idaztea izan zen. "Oso harro nago testu horretaz. Iruditzen zait askotan hildako jendeari ez diegula esan maite ditugula, eta ondoren idazten ditugula gauza ederrak. Liburuan badaude bizirik dagoen jendeari eskainitako testuak ere, eta iruditzen zait hori ere polita dela. Jendea aurrez daukazunean maite duzula esatea". Jon Barberenaren kasuan "hamaika aldiz" esan zuten elkar maite edo miresten zutela. "Konstatazio bat zen". Testu hori irakurtzean aurkezpenean emozionatuko dela uste du Suarezek.
Jon Barberenaren kasuan nik uste hamaika aldiz esan genuela elkar maite genuela edo miresten genuela elkar. Hori zen konstatazio bat. Nik uste emozionatutako naizela".
Tximeleta
Izenburua Elurra elurraren gainean bada ere, liburuaren azalan ez da elurra agertzen; gaueko tximeleta bat agertzen da. "Txakur Gorriko neskei enkargua egin nienean, eta ilustrazioak behar nituela esan nienean, askatasun osoz jokatzeko esan nien; ez nuela nahi ilustrazioak testuan esaten zenaren isla izatea". Batzuetan irudiak testuarekin zerikusirik ez duela eman dezake, "baina badauka". Azaleko irudiak, gainera, azken poemarekin bat egiten du.
Proiektua hasi zutenean hamabi poemez osatuta egon behar zuen, baina gero "egon behar zuten" bi testu gehiago sartu zituen: "Fran Baldarena iruditzen zitzaidalako sartu behar zela nortasun handiko pertsona izan delako Sakanan eta arrasto handia utzi duena, eta berak eskatutako testu bat zegoelako ere, eta Martin Ugalderi buruzko testu bat. Enkargu bat izan zen, ekitaldi batean irakurri nuena, eta politikari batzuei gustatu ez zitzaien politikoegia zelako". Zentsuratua izan zen, baina "Martin Ugaldek merezi zuen testu hori nonbaiten agertzea. Zer dago politikoagoa egunkari nazional bat egitea baino".