Joan den urteko ilbeltzaren 23an Altsasu Gurasoak taldeak, Altsasukoak Aske herri plataformak eta auzipetuek ziklo bat itxi zuten. Giza Eskubideen Europako Auzitegia zen falta zen azken pausoa. Eman zuten, eta asteazkenean jakin zen auzitegiak defentsek aurkeztutako helegiteak atzera bota zituela. Iñaki auzipetuak sare sozialen bidez eman zuen erabakiaren berri eta gaineratu zuen: “justizia erakunde guztien babes faltaren aurrean, (auzia) ondo baino hobe ulertzen duen gizartea geratzen da. Estrasburgon galdu arren, beti jarraituko dugu salatzen”.
Altsasuko auzia jendaurreko eta hedabideen aurreko esposizio handia izan da. Gurasoek nekatuta bukatu zuten, eta, neurri batean, hala segitzen dute. Herenegun zabaldutako albisteak, atzera ere, bizi izandako egoera batera eraman zituen. Benetako déjà vu bat. Hedabideen deiak lekukotza eske, elkarri egindako kontsultak, orain arte erabilitako ideia eta kontzeptuak freskatu beharra, sare sozialen bidezko mezuak irakurri eta erantzutea… Guztia, berriro, biziberritzea. Nekea. Baina egin beharra ere, atzera ere, auzitegi baten erabakiaren inguruan aritu beharra.
Zergatik Europara?
Europako auzitegiak helegiteak jaso zituztela jakinarazi zuen joan den urteko garilean. Antxon Ramirez de Aldak azaldu duenez, “horrek ez zuen esan nahi dagoeneko aztertzeko bidean zegoela. Hurrengo tramitea oraingo hau da: helegitea onartzea edo ez”. Altsasuko auzia hasi zenetik lehenengo aldia da auzipetuek eta senideek epaitegitik zuzenean jaso dutela jakinarazpena, ez hedabideen bidez. Baina oraingoan ere bada kexurako arrazoirik, Ramirez de Aldak azaldu duenez: “ez dute argudiorik eman helegitea ez onartzeko. Ez dela onartzen dioen komunikazio bat da, ez dago argudiorik. Harrituta gaude. Pena da. Argudioak eman balituzte, onartu genitzakeen edo ez. Gutxienez jakinen genuke zergatik bota dituzten atzera helegiteak”.
Bai Ramirez de Aldak, bai Gotzon Urritzolak Europako auzitegian “esperantza pixka bat” bazutela aitortu dute, “zuzenbidean dabiltzanak esaten ziguten: Estrasburgon bukatuko da, eta han arrazoia emanen dizuete. Ez da horrela izan. Alde horretatik, penatuta gaude. Baina errealista izanda, oso zaila zen. Auzitegi horretan helegite asko aurkeztu eta gutxi onartzen dira”.
Urritzolak gogorarazi du “hasieratik kasu hau injustizia handi gisa ikusi dugu. Gazteen froga asko eta eskubideak ukatu ziren. Auzipetuei ez zieten beraien errugabetasuna epaitegi aurrera eramaten. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaileen artean ez zegoen inpartzialtasunik. Eta zigorrak neurrigabeak izan dira”. Urritzolak gaineratu duenez, “Nafarroa zen auziaren justizia eremu naturala, eta hasieratik hemendik atera zen. Espainiako Auzitegi Nazionalean, Gorenean eta Konstituzio epaitegian ez dugu eskatzen genuen justiziarik jaso. Eskatzen genuen justizia horrek Europako auzitegira eraman gintuen”. Urritzolak nabarmendu duenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten “halakorik berriro inon eta inori ez gertatzeko. Pertsonen eta kolektiboen eskubideak ukatuak ez izateko, Estatuak duen indar hori desagertzeko”.
Esker ona
Erabakia ezagutu ondoren, “zapore garratza” gelditu zaiela azaldu du Urritzolak, “Europak erantzunen zuela uste genuelako. Defentsek aurkeztutako argudioei ez diete erantzun. Horregatik, triste gaude: hasieratik eskatzen genuen justizia ez dugu lortu”. Hala ere, “urte hauetan guztietan izan dugun justizia bakarra gure defentsek egindako lana eta Altsasuren, Nafarroaren, Euskal Herriaren, Estatuko hainbat herriren eta munduko leku guztietako jendearen elkartasuna izan dira. Horrekin geratzen gara”, esan du Urritzolak. “Eta pentsatzen dugu elkartasun horrek beste kasuendako balioko duela. Guk beste kasuei elkartasuna adieraziko diegu”.
Jasotako elkartasunagatik eskertuta daude biak. “Horregatik, gu eta gure seme-alabak bizitzen segitzen dugu”, Urritzolak esan duenez. Ramirez de Aldak esan duenez, “ibilbidea bukatu da, bai. Gauza hauek fisikoki bukatzen dira. Baina guretako betirako dira. Hainbeste elkartasun jaso dugu. Pertsonak ezagutu ditugu. Beste injustizia batzuk ezagutu ditugu. Hitzaldiak eta partekatu ditugu. Hain polita, hain ederra… Ez da alferrik izan. Eta horrek asko iraunen du”.
Zigorrak
Altsasuko auzian zigortutako zortzi auzipetuak kalean daude. Jaso zuten zigorraren arabera, bakoitzaren egoera desberdina da. Ainara izan zen kartzela zapaldu ez zuen auzipetu bakarra, nahiz eta auzitegian agertu beharra izan eta bestelako neurriak ezarri zizkioten. Eta auziak bizitza baldintzatu izan dio. Esaterako, oporretan atzerriko herrialde batean ez zioten sartzen utzi.
Iñakik hiru urte eta erdiko zigorra jaso zuen. Espetxetik pasa eta zigorra bete duen lehen auzipetua da. Lastailaren 4tik aske da. Ramirez de Aldak azaldu duenez, “eskumuturrekoak oraindik libre ez direla gogorarazten die egunero”. Egoera horretan daude Aratz, Adur, Jokin, Oihan, Jonan eta Julen. Aratz garagarrilean beteko du zigorra (lau urte eta bi hilabete). Adurrek, Jokinek eta Oihanek 2024ko maiatzean beteko dute zigorra (aurreneko biek zortzi urte eta erdi eta atzenak bederatzi urte eta erdi). Eta Jonanen eta Julenen zigorra (zazpi urte eta erdi) 2025eko lastailean bukatuko da.