Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Altsasuko auziko defentsen helegiteak izapidetzea ukatu zituela jakin zen joan den asteazkenean. Horrek auziaren epaitegiko prozesua itxi zuen. Epaileen erabaki horren aurrean Altsasu Gurasoak taldeak oharra zabaldu du eta onartu dutenez, "bere azken epaiarekiko itxaropen handirik ez bagenuen ere, tramitatzea onartu eta aztertuko zutela espero genuen. Aldeko epai batek gure gazteengan ez zukeen ondorio zuzenik izanen, baina gizartearen zati handi batek ulertu duena berretsiko zukeen, bidegabekeria handia izan dela, hain zuzen". Auzipetuen gurasoek nabarmendu dutenez, "hasiera-hasieratik dena oso lotuta zegoen auzia epaile naturalari, Nafarroako Auzitegi Nagusiari, kentzeko eta Auzitegi Nazionalak epaitzeko". Europan "aldeko epai bat antzeko kasurik ez errepikatzeko garrantzitsua izan zitekeen" gaineratu dute gurasoek.
Halakorik ez da izanen, baina gurasoek "urte hauetan guztietan pertsona, talde, erakunde eta abarrengandik jasotako elkartasun eta maitasun izugarria eskertzen dugu. Justiziaren alde borrokatzea merezi izan duela uste dugu, eta oraindik ere borrokatzeko arrazoiak egon badaudela sinetsita gaude".
Gurasoek "elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu Euskal Herrian, Katalunian eta Estatuko gainerako lekuetan gure antzeko egoeran daudenei. Behar den guztietan gure esperientziaren aletxoa jarriko dugu".