Estalperantz pausoak ematen

Guaixe 2022ko mar. 2a, 11:04

Iortia kultur guneko zabalgunean, Burunda frontoiarne ondoan, estalpea eraiki nahi du udalak.

Udalak ideia lehiaketa deitu eta dirua bideratu du.

Kultur gune pareko zabalgunean estalpea edo pergola jartzeko asmoa du udalak. Horretarako ideia lehiaketa antolatu du. Gainera, joan den asteazkeneko bilkuran aurrekontu aldaketa onartu zuen eta pergola egiteko 307.714,1 euroko diru saila bideratzea erabaki zuen. Geroa Baik proposatuta, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuan jasota dago foru administrazioak udalari 300.000 euroko transferentzia eginen diola. Beraz, Altsasuko Udalaren inbertsioa 607.714,1 eurokoa izanen da. Horrekin batera, Altsasuko Udalak azken bilkuran erabaki zuen Amandrea plazaren zorua berritu eta iragazgaitz bihurtzeko lanei bultzada ematea. Lanek 473.151,76 euroko aurrekontua dute. Haietatik udalak 313.375 euro jarriko ditu eta plazako lurpeko garajeetako jabeen komunitateak, berriz, 159.776,76. 

Bestalde, udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak otsailaren 21ean erabaki zuen argiteria publikoa berritzeko lanen bigaren fasea Telman, Pipaon eta Noi enpresek sortutako aldi baterako enpresen elkarteari ematea. Lanen truke 293.704,01 euro (BEZ kanpo) jasoko dute.