Iortia kultur gunearen parean dagoen zabalgunean, Burunda frontoitik gertu, estalpea egiteko asmoa du Altsasuko Udalak. Eta, horretarako, proiektuen lehiaketa antolatu du. Bertara arkitektoak edo ingeniariak aurkeztu daitezke, banaka edo taldeka. Lehiaketara proposamenak aurkezteko epea martxoaren 15eko 23:59an despedituko da. Jasotako proposamenak epaimahai batek ebaluatuko ditu eta, gehienez, hiru proposamen aukeratuko ditu.
Ondoren altsasuarren parte hartze prozesua zabalduko da. Hiru proposamenak www.altsasu.eus webgunean jarriko ditu udalak. Bakoitzari buruzko informazio idatzia eta grafikoa argitaratuko da udalaren webgunean, eta proposamen bakoitza bere leloarekin identifikatuko da. 16 urte beteak dituzten altsasuarrek aukera baten alde botoa emateko aukera izanen dute. Horretarako, udalak bost egun natural emanen ditu. Boto gehien lortzen dituen proposamenak lehen saria jasoko du, eta lortutako boto kopuruen arabera banatuko dira beste bi sariak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiak berdindutako proposamenei emandako puntuazioa gailenduko da.
Ideia lehiaketako proiektu irabazlea aukeratu ondoren, haren egileari estalpe proiektua idazteko ardura emanen dio udalak. Lanaren hartzaileak bi hilabete izanen ditu gehienez proiektua idazteko. Horren eta obra zuzendaritzaren truke hartzaileak 31.278,32 euro (BEZ barne) jasoko ditu.
Udalaren beharrak
Kultur gune pareko zabalguneak 1.600 metro karratu ditu eta estalpeak haien 720 metro karratu estaliko ditu. Altsasuko Udalak deialdian jakinarazi duenez, lau behar izan behar dituzte kontuan estalpe proposamenek. Batetik, ahalik eta azalera estalirik handiena hartzea, kontuan hartuta Iortia Kultur Etxea dagoela, eta estalki horrek ez diola hari eragin behar. Bestetik, gauzatzeko materialak sendoa eta iraunkorra izan behar du, eta baztertu egin behar dira ehungintzako aukerak eta antzekoak. Horrekin, estalpe barneko altuera librea, gutxienez, 8 metrokoa izan behar da, Altsasuko Udalak duen agertokia hartzeko aukera izan behar baitu; agertoki horrek 6,80 metroko altuera du, gutxi gorabehera, gailurreraino. Azkenik, argiztapen instalazioa izan beharko du estalpeak.
Bestetik, aurkeztutako proposamenek gutxieneko honako baldintzak bete behar dituzte: teilatu tradizionala (ehungintza ez dena); 40 metro luze eta 18 zabal; hormigoizko zapatak izatea, elkarri lotuta, lotura-zangoen bidez; metalezko habe egitura; zutabeen arteko hesiak, zutabez estalitako espazioa askatzeko aukera ematen dutenak; kalitate handiko kanpo estaldurak, estalkia dagoen ingurunearekin bat etor dadin; eremu estaliari argiztapen naturala emateko zuloguneak; argiztapen-instalazioa eta jarduketaren gehieneko zenbatekoa, ordainsari teknikoak kenduta, 573.435,78 eurokoa (BEZa barne) izatea. Geroa Baik proposatuta, Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuan Altsasuko Udalarendako 300.000 euro daude estalpea egiteko.