Ihoteak-Inauteriak 2022

Maskaritaren idia sendatzeko hedabea

Guaixe 2022ko ots. 28a, 11:19

Altsasuko herri inatuerietako erakusketa mustu zuten asteartean, Iortia kultur gunean. Herriko ikastetxetako haurrek Inauteri Batzordeak sortutako ipuin baten errepresentazioa egin dute. Altsasuko eta Leitzako pertsonaiak ere ikusgai daude.

"Nik maskarita izan nahi dut, handia naizenean maskarita izanen naiz", "Juantranposo hoberena da, ni Juantranposo izanen naiz", "momotxorroak datoz!"... Iortia kultur gunean mustu zuten erakusketarekin, asteartean hasiera eman zioten Altsasuko inauteriei. Haurrak, gazteak, baita guraso eta senideak ere, urduri zeuden, inaugurazioan herri inauterietako pertsonaien aurkezpena eginen zutelako ere. Altsasuko Inauerietako Batzordeak urtero erakusketa egiten du Iortia kultur gunean, are gehiago, 2021ean pandemiagatik inauteriak bertan behera gelditu baziren ere, erakusketa egin baitzuten.

"Gure helburua da inauteriak leku guztietara eta jende guztiarengana eramatea. Horretan saiatzen gara. Horregatik guretako oso garrantzitsua da gaztetxoekin lan egitea. Haiek izanen dira etorkizuna". Eta, antza denez, Altsasuko inauteriek etorkizuna dute. Txikitatik zainetatik sartzen den ohitura bat da.

Ipuina
Haur eta gazteei inauteriak gerturatzeko, inauteri garaian egiten duten erakusketan haurrak dira protagonistak. Batzordearekin batera Altsasuko hiru ikastetxetako guraso elkarteak aritzen dira hura antolatzen: Iñigo Aritza ikastola, Korazonistak eta Zelandi eskola. Inauterien inguruan haurrek sortutako lanak inauterietako pertsonaiekin batera erakusten dituzte. Nahiz eta pertsonaiak berdinak izan, urtero, beraz, erakusketa desberdina da.

Lanak sortu ahal izateko, batzordeak inauterien inguruko ipuin bat sortzen du eta herrian gertatuko istorioren baten inguruan hitz egiten du. Aurten 'Txato eta Moriko, Arkangoako idiak' deitzen da. Bergarak kontatu du: "Maskarita eta bere aita Arkangoa kalean bizi dira eta bat-batean idi bat mendira joaten da egurrak jasotzera. Izan ere, negua da eta etxea berotzeko eta sukaldea pizteko egurra behar dute. Baina idi batek oinean min hartzen du eta maskaritek bere lagunekin hedabe magiko bat prestatzen dute. Hedabe magiko horri esker momotxorroak agertzen dira, momotxorroen dantza egiten dute, eta idia sendatzen dute. Hurrengo egunean, esnatzen direnean, momotxorroak desagertu dira, baina, dagoeneko, garai berri bat da". Inauterien zentzua eta arrazoia haurrei kontatu nahi dizkiete ipuin hauekin; hau da, momotxorroek lurra esnatzen dutela eta garai berri bat ekartzen dutela; udaberria.

Ipuinaren errepresentazioa egiteko batzordeak hiru zatitan banatzen du istorioa eta zati bakoitza ikastetxe bati ematen dio; hortaz, lehenengo zatia Iñigo Aritza ikastolako haurrek egin dute, bigarren zatia Korazonistak-ekoek eta hirugarren zatia Zelandi ikastetxeko ikasleek. Sortutako lanetan maskaritak dira protagonistak, eta lehengo bizimodua islatzen dute: baserriak, sua, baratzetik lortutako bazkariak...

Pertsonaiak
Ikastetxetan egindako ipuinean oinarritutako lanekin batera, Altsasuko inauterietako erakusketan ere Altsasuko herri inauterietako zenbait pertsonaia erakusten dituzte: momotxorroa, Juantranposo, maskarita, akerra, sorgina, eta golda. Pertsonaia hauek aurten Leitzan erakutsi dituzte, eta, elkartrukean, Leitzako ihoteetako pertsonaiak erakusketara ekarri dituzte: Ahariak eta zezenak, atsoak, Akerra, zakudunak eta tuturdunak. Zenbait pertsonaia Altsasukoekin nahiko antzekotasun dituzte, esaterako, ahariak eta zezenak, adarrak, larruak, joareak gerriak, eta maskueriak eta makilak eskuetan daramatzatela. Akerraren pertsonaiak buruan adarrak ditu eta aurpegia esalita joaten da. Gorputzean larru beltza darama, baita zintzarriak ere. Tuturduna da, agian, atentzioa gehien piztu zuen pertsonaia, izan ere, oso koloretsua da eta buruan lorez eta lumaz osatutako txano handi bat darama.

Altsasuko inauterietako erakusketa martxoaren 4ra arte, datorren ostiralera arte, ikusgai egonen da Iortia kultur gunean, astelehentik ostiralera 17:30etik 20:00etara, larunbatean ikuskizuna baino ordu bat lehenago eta igandean 16:00etatik 20:30era.

Erlazionatuak