Altsasuko auziari buruzko lehen liburua Aritz Intxusta Pagola eta Aitor Agirrezabal Morenoren Altsasu. El caso Alsasua (2018, Txalaparta) izan zen. Inmaculada Fuentes Ballesterosek La noche que cambio mi vida liburua argitaratu du otsailean (2022, Samaruc). Idazleak argitu duenez, “gau hura 2016ko lastailaren 14tik 15erakoa izan zen. Nafarroa sakoneko herri batean, Altsasun, jipoituz ia semea hil egin zuten, bere kide zen sarjentuarekin eta beraien bikotekideekin zeudenean”.
Egileak azaldu duenez, “bost urteren ondoren, beharrezko indarrak bildu ditut agiriak, argazkiak, epaia eta garai hartan sentitzen nuenari buruzko nire idatziak berraztertzeko. Haiek ordenatu eta liburu forma eman diet”. Egileak liburuan aipatutako agiri eta argazki batzuk argitaratu ditu, baita “epaiaren objektibotasuna” ere, “frogatutako egitateak berretsi nahi dituenarendako, faltsutu gabe, manipulatu gabe, jazo ziren bezala”. Fuentesek azaldu duenez, “egia bakarra dago. Eta maiz desitxuratu nahi badute ere, beti nagusituko da”.
Idazleak ziurtatu duenez, “liburu hau idatzi beharra nuen. Oinazea, antsietatea eta larritasuna eragin dit. Baina gainetik zama kendu dut. Emaitzarekin oso pozik nago. Espero dut zuen guztiongan interesa piztuko duela”. Fuentesek jakinarazi du liburuarekin lortutako irabaziak eman eginen dizkiela “lehen minututik gurekin egon ziren hiru elkarteri. Haietako bi akusazio partikular gisa aurkeztuta, guztia ongi ateratzeko (Covite eta AUGC). Eta beste bat errehabilitaziorako adituaren kargu egin zen (Guardia Civilaren ikastetxeetako ikasle ohien elkartea), horregatik gaur egun nire semeak lanean segitzen du”.
Fuentesek aurretik bi liburu idatziak ditu. 2019ko irailean Retales de vida kontakizun liburua argitaratu zuen. Valentziako Blasco Ibáñez ateneoaren Algo que decir liburu bilduman kontakizunak eta olerkiak argitaratu zituen 2019ko irailean, azaroan eta abenduan, baita 2020ko irailean. Bere bigarren liburua, Aquel improvisado viaje eleberria, 2021eko garilean argitaratu zuen.