Haize Berriak banda, bere esentzian

Guaixe 2022ko mar. 15a, 11:45

Haize Berriak banda. ARTXIBOA

Sakanako bandak 25 urte bete ditu aurten, eta mende laurden honetan berarendako konposatutako obren kontzertua eskainiko du martxoaren 19an, Iortia kultur gunean; '%100 Haize Berriak' izanen dena.

Haize Berriak banda tradizioa da, baita berrikuntza, gozamena, ustekabea, ikerketa, garaikidea eta abar ere. Sakanako musika bandak 25 urte bete ditu aurten, eta ospatzeko kontzertu berezia eskainiko du martxoaren 19an, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean: 25 urte hauetan bandarendako konposatu dituzten lanen errepasoa eginen dute musikariek. Haize Berriak bandako bazkideek sarrerak bost eurotan eros dezakete, eta ez bazkideek sei eurotan.

Duela mende laurden, Altsasun fanfarre bat zegoen. Bertatik banda bat sortzea zerbait naturala zela esan zuen Javier Unamuno Asartak hasieratik bandan dabilen musikariak. Sakana guztiko musikariak biltzen ditu. Banda 25 kiderekin hasi zen, eta dagoeneko bandaren ibilbidearen talde handienetariko bat sortu dute: 44 kidek osatzen dute banda. Gainera, bandatik azaldu zutenez, inoiz baino gazteagoa da ere, eta musikarien erdiek 25 urte baino gutxiago dute. Bandak etorkizuna badu.

Duela gutxi, eta pandemia tarteko, David Sánchez Andión erriberriarrak hartu zuen bandaren zuzendaritza, eta harekin ziklo berri bat hasi zuen bandak. Ziklo berri horrekin batera, bandaren 25. urteurren ospakizunek bat egin dute.

Haize Berriak bandari erronkak gustatzen zaie. Ez dira nolanahiko emanaldiak egitearekin konformatzen, eta urrats bat gehiago ematea gustatzen zaizkio. Hilaren 19an eskainiko duten kontzertuan goi mailako lanak interpretatuko dituzte, bandarako propio sortutakoak. Sakanako bandarako abestiak sortu dituzten konpositoreen artean, besteak beste, hainbatetan saritutako nazioarteko konpositoreak daude, esaterako, Thierry Delruyele; Euskal Herriko egile ezagunen abestiak eskainiko dituzte ere, Margarita Lorenzo de Raizabalen konposizio bat; tradizioz betetakoak Carlos Etxeberriaren eskutik; berrikuntzaz Vicente Egeak sortutako abestiarekin edo Alberto Gonzalez Urrozen dibertimentua.

Haize Berriak bandaren aurrekontutik zati handi bat konposizioetara bideratzen dute, eta bandaren ezaugarrietako bat kontzertu bakarrak eskaintzea da.

Erlazionatuak

Sakanako musikarien bide naturala

Erkuden Ruiz Barroso 2021 mai 12 Altsasu