Zuhaitz Maitiak taldearendako Basoitxikoa "justifika ezina" da

Guaixe 2022ko mar. 29a, 09:28

Basoitxi zuhaitz mozketa ondoren.

Herritik gertu egin den aprobetxamendua "baso ekintza suntsitzailetzat" jo du taldeak. Altsasuko Udalari eskatu diote "altsasuarrak aintzat hartuta" jokatzeko, eta "hurrengo pausoak harmoniaz eta adostasunez egitea".

Basoitxiko haritz amerikarren aprobetxamendua dela eta Zuhaitz Maitiak taldeak Altsasuko Udalari zenbait "zehaztasun" egin dizkio zabaldu duen oharraren bidez. Taldekideen iritziz, "arraseko mozketa eginez suntsitutako eremuan, gure ustez, egin beharreko lana honakoa zen: zaintza, behaketa, bakantzeak, argitzeak eta ordezkatze progresiboa". Udalaren baso ordenamenduari erreferentzia eginez, taldekideek gaztigatu dutenez, "argi esaten da ez dela batere gomendagarria eurite garaian eta neguan egitea basolanak. Basoitxin, berriz, negu gorrian dabiltza sarraskia burutzen, hondamena bortitzagoa eginez". Jakinarazi dutenez, aipatu dokumentuan "aurreikusita dago 7.000 metro kubiko gehiago moztea Altsasun. Mozketa berriak herriko hainbat lekutan aurreikusi dituzte. Horiek ere modu basatian eginen dira? Bide berriak nonahi sortuz euria dagoenean?". 

Zuhaitz Maitiak taldeko kideek "adarjotzetzat" dute Altsasuko Udalak esatea Basoitxi aisialdirako erabilera izanen duela: "eskusartzea egin baino lehen erabilera hori bazeukalako. Harro sentiarazten gintuen basoa zen, eta herritik oso gertu egotean, aisialdirako gune ezin hobea zela guztiondako". Bestetik, udalak zuhaitzek onddoek eragindako gaitza zutela jakinarazi zuen eta taldeko kideek horren inguruko azalpenak altsasuarrei zergatik ez zitzaien eman galdetu dute. Zuhaitzek gaitza noiztik duten eta haren inguruko teknikarien txostenik ba ote den ere galdetu dute. Zuhaitz Maitiak taldeko kideek ziurtatu dutenez, "zuhaitzak osasuntsu zeuden, hori esan baitute berriki Basoitxin egon diren zenbait basozain eta adituk". 

Azkenik, taldekideek udalari gogorarazi dioten Basoitxiko piñu eta haritz amerikarrak auzolanean landatu zirela. "Garai batean auzolana derrigorrezkoa zen, araututa zegoen betebehar bat zen. Herritarrek hainbat lan egiten zituzten herri guztiaren onurako. Eta, Basoitxiren landaketa, esaterako, horrela egin zen. Eta horretan ibili zirenek, ez dugu uste, basoaren horrelako suntsipen bortitza aurreikusi zutenik; baso-ustiapen selektibo, mailakatu eta kontserbazionista baizik". 

Sinadurak 
Zuhaitz Maitiak taldeak duela hilabete batzuk udalari eskatu zioten aprobetxamenduko lanak gelditzeko. Ez zen hala izan eta sinadurak biltzeari ekin zioten. Dagoeneko 600 bat jaso dituzte. Hainbat establezimendutan sinatzeko orriak utzi dituzte. 

Erlazionatuak