Estalpe egitasmoen artean gogokoena aukeratzeko bozketa martxan dagoela, Altsasuko EH Bilduk azaldu duenez, “frontoira, kiroldegira eta kultur gunera jo gabe, eguraldi txarra dagoenean kalean mota guztietako ekintzak egin daitezkeen gune babestu baten premia aspaldi plazaratu zuen ezker soberanistak”. Koalizioa pozik dago Altsasu halako espazio bat izateaz gertuago dagoelako. Baina faltan bota du “estalpearen propietateei buruzko eztabaida egitea kirol, kultura, ekonomia eta abarreko taldeekin”.
Koaliziotik azaldu denez, “udalak eskatzen zituen betekizunak (gutxieneko altuera, Iortia kultur eraikinetik bereiztea) betetzen dituzten hiru proposamenen artean bozkatzea ez da parte-hartzea. Galdetu behar zen eraikin berri horren eta plaza osatzen duten eraikinen arteko harremanaz, altueraz, haizea edo euria geldiarazteko itxiturez, azken batean, altsasuarrek aukera guztiak aztertzea”. Galdeketan aukeratzen den proiektuan “dituen gabeziak konpontzeko hobekuntzak sartzeko borroka” eginen duela aurreratu du EH Bilduk.
Azkenik, koalizioak bozketarako aukeratutako metodoagatik udaletxean adierazitako “haserrea” publiko egin du: “gure proposamena Altsasuko herritar guztiek bozkatu ahal izatea da, ez bakarrik teknologia digitala erabiltzen dutenek; beraz, botoa aurrez aurre eman ahal izatea eskatzen dugu, nahiz eta horretarako behar den denbora edo pertsonala egokitu behar den”.