AGAk gazteen premien diagnosia aurkeztuko du

Guaixe 2022ko api. 1a, 13:33

Altssu Gazte Asanbladako kideak hitzaldira joateko dei egiten. @AltsasukoGA

Gaur, 18:00etan, Iortia kultur gunean Altsasuko Gazte Asanbladako kideek ‘Hamaika arazo erro bakarra, gazte langileok lehen lerrora’ hitzaldia eskainiko dute.

Herriko gazteen arazoak zein diren identifikatzeko dinamika martxan jarri zuen Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) joan den urteko udaberri hasieran. Gazteen arazo nagusiak zein diren identifikatzeko asmoz galdetegia zabaldu eta hainbat koadrilarekin elkartu ziren AGAko kideak. Lanaz, aisialdiaz, ikasketez eta etxebizitzaz galdetu zieten gazte altsasuarrei. Jasotako erantzunak aztertu ondoren, AGAko kideek gaurko hitzaldian inkesten ondorioak eta haietatik beraiek atera dituzten ondorio politikoak plazaratuko dituzte, hau da, gazteen arazoen erroak zein diren identifikatu eta horiei nola aurre egin aztertuko dute. AGAko kideek aurreratu dutenez, hitzaldiaz aparte, inkestak bete zituzten koadrila guztiekin bilduko dira, eta landu duten txostena emanen diete.