Estalpe proposamenen inguruan iritzia emateko azken eguna

Guaixe 2022ko api. 1a, 14:00

Altsasu estalpea hartuko duen tokia. ARTXIBOA

Kultur gune pareko zabalgunean estalpea egiteko ideia lehiaketara aurkeztutako hiru proposamen daude udalaren www.altsasu.eus webgunearen. Haren bidez eman dezakete botoa 16 urtetik gorako altsasuarrek. 

Boto gehien jasotzen duen estalpe proposamena eraikiko da Burunda frontoiaren eta Iortia kultur gunearen artean. Udalak deitutako ideia lehiaketara 24 proposamen aurkeztu ziren. Haiek aztertu ondoren altsasuarrek aukeratzeko hiru aukera jarri ditu udalak bere webgunean. Botoa emateko epea astelehenean zabaldu zen eta gaur despedituko da. Babes handiena duen estalpe proposamen egileari udalak proiektua idazteko ardura emanen dio. Bi hilabete izanen ditu horretarako. 

Proposamenak 
Altsasuko nortasuna 

40 metro luze eta zortzi metro inguruko altuera eta estalki laua duen proposamena da, kultur guneak bezala, estalki lau eta forma geometriko errazak ditu. Estalpearen perimetroan, bertikalean jarritako oholak leudeke, barrualdea babesteko. Horiek lau metroko altueratik estalperaino iritsiko lirateke. Ertzeetan dauden hamar zutabek eutsiko liokete aterpeari. Kanpoko soiltasunarekin alderatuz, barruan altuera jolasa legoke. Argi naturala sartzeko estalkian beira ilarak izanen dira eta perimetrotik ere sartuko litzateke. Barruan lau argi ilara jarriko lirateke. 

Aterpea

Proposamen horrek aterpea plazaren erdian kokatu du. 17 metro zabal eta 44 luze lituzke, 748 metro karratu estaliz. Iortia kultur gunetik 8 metrora jasoko litzateke. Estalpeak bi isuriko estalkia luke. Bere luzeran metalezko bi habe luze izanen lituzke eta guztiari zutabeen bi ilarak eutsiko liokete. Estalpearen goiko partean, erdian eta luzera guztian, argia pasatzeko. Estalpeak odor edo rafe zabalak ditu. 

Hiriko zuhaitza 

Proposamena mendebaldeko etxebizitzen fatxadatik eta Frontoitik urruntzen da, pasabide zabal uzteko eta argi gehiago pasatzeko. Kultur gunearen fatxadarekiko paraleloki lerrokatzen da, 7,5 metrora, eta haren iparraldeko fatxadara egokituz. Kultur gune parean du bere alderik luzeena proposamen horrek: 48 metro, eta 16 motzenean. Guztira 730 metro karratuko azalera du. Estalpeari eusteko ahalik eta zutabe gutxien izatea aurreikusi dute egileek, mugimendua ez trabatzeko. Zuhaitz moduko egitura batek eutsiko lioke estalpeari. Zutabe, enbor, nagusi bat luke eta perimetroan beste zutabe batzuk. Estalpean beiraz estalirako zulo batzuk aurreikusi dira argia sartzeko. Barruan LED argian egonen lirateke. 

Aurrekaria 
Duela 25 urte Domingo Lumbier eskolen eraikinekin zer egin erabakitzeko prozesua martxan zegoen Altsasun. Eskola zaharrak bota ondoren eraikin publiko bat jaso eta herriko Alde Zaharra eta zabalgunea lotuko lituzkeen espazio bat sortzea zen ideia. Jose Angel Agirrebengoa alkate zela, udalak etxadia berritzeko Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Fakultateko 6. mailako ikasleei zuzendutako ideia lehiaketa antolatu zuen. Azken proiektua egin aurretik egin zitekeenaren inguruko ideiak jaso nahi zituen horrela udalak. Abiapuntu bat nahi zuen. 

Lehiaketara 28 proiektu aurkeztu ziren, eta epaimahaiak haietako zazpi diruz saritu zituen. Proposamen guztiak Gure Etxea eraikinean ikusgai jarri zituzten otsailaren 22etik martxoaren 9ra arte. Eta martxoaren 4an aukeratutako hamar proiekturen aurkezpen publikoa egin zen. Gero bozketarako ontzia jarri zen. Udaberri hartan udalean gaia landu zuten. Blas Otazuk eta Javier Floresek idatzi zuten plan partziala. Iortia kultur gunea 2003ko apirilaren 4an mustu zuten.