Hiru urte itxaron ondoren, hemen da Korrika. 22. edizioa Amurrion hasi zen duela aste bat eta Donostian bukatuko da igandean. Euskararen aldeko aldarrikapena modu parte hartzaile, jolasti eta dibertigarrian zabaltzen du Euskal Herrian barna, eta diasporaren bidez munduan barna ere. Korrikaren antolatzailea Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK) da. Eta errelebo lasterketaren bidez helduei euskara irakasten segitzeko ekonomia babesa lortzen du. Beraz, Korrikako protagonistak lekukoarekin eta haren ondoan eta atzean laster eginen duten pertsonak dira. Baina benetako protagonistak Itsasi euskaltegian opatu ditugu, A2 mailan ikasten.
22. Korrika
Altsasuko Kukuerreka elkartean Korrika afaria dago gaur eta han afaria zerbitzatzen egonen direnetako bat da Juan Cruz Bengoetxea Saez de Maturana (Piloto). Afaldu ondoren, Korrika iritsi bitartean “ez dakit mus partida edo zer eginen dugun. Baina gero korrika egitera. Ez dakit zenbat kilometro, baina korrika eginen dudala ziur”. Haren taldekide Xesc Alemany Sureda eta Mari Mar Aldaz Iriarte ere laguntzen egonen dira gaur. Azken biek ez dakite zer eginen duten Korrika iritsi bitartean. Alemanyk aukera baliatu du bere taldekide batzuen sukaldari bertuteak goratzeko. Eta azpimarratu du berarendako lehenengo Korrika izanen dela bihar goizaldekoa. “Ez dut ulertzen nola den dena. Ulertu eta bizi nahi dut”. Jakina, korrika eginen du. Bide batez, sorterrian, Mallorcan, Correllengua dutela gogorarazi du.
Juan Jose Herrero Palomok (Koke), lan kontuengatik ezingo du Korrikan parte hartu goizaldean. Azkenik, Mikel Zelaia Mendiak ez du herrian laster eginen: “Altsasuko Koadrila Xelebreak Cadreitan hartu dugu kilometro bat, eta igandean parte hartuko dugu Korrikan”. Erriberan asteburua emanen dute, larunbatean Bardean buelta bat emango dute. Cadreitako lagun euskaldun batekin joanen dira natur parkea bisitatzera.
Zergatik euskara ikasi
Zelaiak aurretik ere euskara ikasi nahi zuen. Jubilatzean denbora pixka bat daukala baliatu du asmoa egia bihurtzeko. Baina esan duenez, “jubilatuek sekula ez dugu denborarik”. Aldazi “euskara asko gustatzen” zaio. Orain denbora gehiago daukanez, izena ematea erabaki zuen. “Giro ona daukagu eta oso gustura nago”, gaineratu du. Herrero ere “oso gustura” dago ikasten. Irakaslearekin ere taldea gustura dagoela gaineratu du. Bengoetxeak euskara ikasi nahi du: “nire helburua ez da guztia ulertzea. Nire helburua da beste pertsonak hizkuntzaz ez aldatzea ni nagoenean”.
Alemanyri asko gustatzen zaizkio hizkuntzak eta honakoak dakizki: katalana, gaztelania, ingelesa, eta italiera eta gaeliko pixka bat. Eta ikasi duen euskara pixka. “Beste herrialde batera joaten naizenean bertako hizkuntza ikastea gustatzen zait. Antropologoa naiz eta herriak sakon ulertzeko garrantzitsua da hizkuntzak ezagutzea”, azaldu du. Euskara ikasten Mallorkako Euskal Etxean hasi zen: “sei hilabete egon nintzen han ikasten. Irlandara joan nintzen eta beste sei hilabete euskara ikasten egon nintzen. Baita gaeliko apur bat ere”.
Hitz egiteari ekin
Grabagailuaren presioa gaindituta, boskoteak euskaraz erantzun zituzten galderak. Haientzat euskaltegiko ikasgelatik kanpo hitz egitea beste kontu bat da. Herrerorentzat ongi doa ikasketa prozesua, baina hitz egiteko “konfiantza hartzea kostatzen” ari zaiola esan du. “Aurrera egiten ari naiz. Ikasten ari naizen hirugarren urtea da eta ongi nago”. AEKra euskara ikastera joan izanaz pozten da Aldaz. “Konturatu naiz gehiago ulertzen dudala. Irakurtzean ere. Baina hitz egiten, gaizki. Blokeatuta nago, eta ezin dut. Hitz egitea asko kostatzen zait”. Hala ere, “gustura eta gogotsu” dago. Alemany “pozik” dago “nire eta gure euskara maila, pixkanaka, gero eta hobea delako. Helburua da, bidea, gutxika aurrera egitea”. Ulermena hobetzeko bere trukuetako bat ere esan du: “goizero Guaixe irakurtzea”. Ikaskideek oihu egin diote.
Zelaiak esan duenez, “asko kostatzen zait ulertzea, eta besteei hitz egiteko blokeatuta nago. Irakurtzen, beno, gutxi gorabehera, pixka bat ulertzen dut. Belarriprest bai, baina belarria itxita dago”. Belarria “egiteko” telebista eta irratia euskaraz jartzen ditu, “baina asko kostatzen zait ulertzea”. Bengoetxeak aitortu duenez, “egunero ikasi, baina hitz egiteko soltura… ezer”. Irakasle eta talde “majoa” dituela esan du, baina aitortu du gauzak memorizatzeko arazoa duela, “trabatuta” sentitzen da, eta “azkarrago joan nahiko nuke, baina burua…” Gaineratu duenez, “pixkanaka-pixkanaka, erdi euskaraz erdi gaztelaniaz, ulertzen dut. Egunero gehiago ulertzen dut. Baina hitz egitea zaila da! Eta hiztunak garenentzat, gehiago”. Boskotea aurrera egiten ari direla sentitzen du.
22. tantora iristea
Ikasketa prozesua bukatzeko zer falta zaien galdetuta, Herrerok ez daki udan zer eginen duen, baina berarentzat “oso garrantzitsuak dira barnetegiak eta AEK. Segituko dut”. Bengoetxeak uste du barnetegi batera joan beharra duela. “Kontraesana daukat. Dudak dauzkat. Ikasi nahi dut. Eta, horregatik, barnetegira joan beharko nuke. Baina, ez dakit pauso hori eman nahi dudan. Zer egin? Eta nola?” Zelaiak uste du udan ikastaroren bat egitea ona dela, “baina niretzat oso zaila, lotuta nago”.
Aldazek ez du presarik, “pixkanaka-pixkanaka, auskalo noiz. Baina hemendik aurrera ez dut sekula utziko. Nik aurrera segituko dut”. Alemanyk esan duenez, “egoera errealetan euskara esperimentatzea faltatzen zait; ez bakarrik klase barruan, etxean, egunero”. Bere iritziz “euskaldunagoak diren herrietan euskaldun berrientzat errazagoa da. Baina hori hemen praktikatzeko arrazoi bat da”.
Botilerorik?
Euskara ikasteko, praktikatzeko prozesuan ondoan euskaldunik ba ote duten galdetuta, baietz esan dute. Aldazek koadrilan euskaldunak ditu, baina ez da erabiltzen. “Ohitura da bizpahiru pertsona gaztelaniaz, bada, beti-beti gaztelaniaz. Eta ni ere haiekin. Bi esaldi eta blokeatuta nago, utzi eta gaztelaniaz segitzen dut”. Hala ere, “espero du hemendik aurrera, heldu den urtean agian, batzuekin hitz egitea”.
Euskaldunez inguratuta dago Bengoetxea. Bikoteari kostatzen zaiola esan du. Seme-alabei beti euskaraz hitz egiteko eskatu zien. “Beti euskaraz hasten gara, baina hirugarren edo laugarren esaldian ta-ta-ta hasten naiz eta gaztelaniara pasatzen naiz”. Aldea dago, ikasi du, lehen harreman guztia gaztelaniaz zelako. Urdiainen familia du eta dena euskaraz hitz egiten dute. Esan duenez, haiek elkarrekin hitz egiten ari direnean “pixkanaka ulertzen dut”. Ikaskideek lorpen horregatik zoriondu dute. Gehiago praktikatu nahiko luke. Bestalde, Alemanyk hemen dituen ezagunen erdiak euskaldunak dira, “edo moldatzen dira”. Lagun euskaldunak ditu, esate baterako, Mutrikun edo Iruñean. “Batzuetan esaten diet: euskaraz hitz egin, mesedez. Baina, Bengoetxea bezala, hiruzpalau esaldi eta gaztelaniara aldatzen gara”.
Herreroren etxekoak euskaldunak dira, “ni naiz arazoa. Baina ikasten ari naiz, pixkanaka konpontzeko”. Azaldu duenez, koadrilako emakumezkoak dira bakarrik euskaldunak. Etxekoek euskaraz hitz egiten dutela azaldu du Zelaiak. “Emaztea tenkorra da eta hitz egiten du. Baina niri asko kostatzen zait” Semeekin ere euskaraz hitz egiten saiatzen da, baina haien pazientziaren araberakoa izaten da emaitza. Koadrilan jende askok badaki. “Giroa badugu, baina kostatzen zait euskaraz hitz egitea”.
Euskara ikasita, zer eginen duzu gustura?
Ikas prozesua despeditu ondoren Zelaia gustura ariko da jendearekin hitz egiten, erosketak euskaraz egiten. “Eta bertsolariak ulertu nahi nituzke. Asko gustatuko litzaidake, baina orain ezin dut”. Martxoaren 18an Jon Maiaren Altsasuko emanaldia ikusten egon zen: “pixka bat harrapatu nuen”. Zelaia bezala, Aldazen asmoa “beti-beti” izan da bertsolari txapelketara joan eta ulertzea. “Niretzat onena izango zen”. Irakurtzea eta abestiak ulertzea nahiko luke. “Gainera, nire familiaren parte bat euskalduna da. Urtero egun batean elkartzen gara eta abesten bukatzen dugu. Haiekin kantatu eta hitz egitea gauzarik handiena litzateke”. Alemanyk abestien letrak ulertu nahi lituzke, “batez ere Xabier Leterenak. Horrekin batera, Joseba Sarrionaindia ulertzea. Bere liburu asko irakurri ditut, baina katalanez edo gaztelaniaz. Nire helburua da Moroak gara behelaino artean liburua irakurtzea”.
Herreroren lehen pausoa izan da ETBn Herri txiki, infernu handi saioa ikustea, “eta, barrez, familiarekin, ongi, gustura gaude. Horrela segitu nahi dut”. Bengoetxeak, berriz, hitz egin nahiko luke. “Ikastolan, kooperatiban bilerak eta euskara ez nekien bakarra ni nintzen, jo. Horregatik, nik hitz egin nahiko nuke, beste pertsonak nigatik euskaraz segitzeko, ez pasatzeko gaztelaniara”. Horrekin trauma modukoa daukala esan du.
Bukatu dira galderak. Argazki saiorako grabagailua itzaltzear zela “klaseko azkarrak” esan du ikaskide batek egunero jipoi batekin mehatxatzen duela. “Argitaratu ezazu!” Irakurritakoa irakurrita, irakurleari utziko diogu zein den zein asmatzen. Barre algaren artean beste gauza batzuk ere esan dituzte, baina ezin dira hona ekarri. Euskaltegian gelditu da boskotea Edurne Ruiz Iragi irakaslearekin, euskara ikasten. Hitzekin. Haiei egin dakiekeen aitortza handiena euskaraz hitz egitea da. Beraien ikaste prozesuan bidelagunak izan. Euskaraz hitz egiteko bost pertsona gehiago ditugulako aurki. Eskerrik asko.