Altsasuarrek 'Hiriko zuhaitza' estalpearen alde egin dute

Guaixe 2022ko api. 12a, 09:22

Altsasuarrek aukeratutako proposamena. ALTSASUKO UDALA

Botoen %43 jaso ditu (264). Egileak 2.000 euroko saria eta proiektua egiteko bi hilabete izanen ditu. ‘Altsasuko nortasuna’ proposamena bigarren gelditu da botoen %29rekin (180) eta hirugarren, berriz, ‘Aterpea’ proposamena %27ko botoekin (168). Azken bi horien egileek 500 euroko saria jasoko dute.

Iortia kultur gune parean estalpea eraikitzeko proiektu lehiaketak badu irabazlea: Francesca Fiorelli arkitektoa eta Hiriko Zuhaitza proiektua da. Udalaren webgunearen bitartez egin zen herri bozketaren bidez haren proposamenaren alde egin dute altsasuarrek. Horregatik, udalarengandik 
2.000 euroko saria jasoko du. Gainera, udalak arkitekto irabazlearekin hitzarmena sinatuko du proiektua eta obra zuzendaritza kontratua emateko. Gehienez bi hilabete izanen ditu proiektua egiteko eta alkateak jakinarazi duenez, negoziazioan gehienezko epe hori murriztea aztertuko da.

 

Altsasuarren botoek Altsasuko Nortasuna eta Aterpea proposamenak bigarren eta hirugarren postuan utzi dituzte. Haien egileek 500 euroko sari bana jasoko dute udalaren aldetik. Azkenik, 
ideia lehiaketaren oinarriak jarraituz, epaimahaiak accesita eman dio Einbeinstand proiektuari, bere originaltasunagatik. Aipamen berezi horrek ez dauka sari ekonomikorik.