Jatorri italiarra duen eta Iruñean bizi den Francesca Fiorelli arkitektoak irabazi du Altsasuko estalpea egiteko ideia lehiaketa. Udalaren webgunearen bitartez egin zen herri bozketaren bidez altsasuarrek haren proposamenaren alde egin dute. Fiorellik 2.000 euroko saria jasoko du. Gainera, udalarekin hitzarmena sinatu ondoren estalpearen proiektua eta obra zuzendaritza kontratua jasoko ditu. Proiektua egiteko gehienez bi hilabete izanen ditu. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “negoziazioan gehienezko epe hori murriztea aztertuko dugu”.
Aukeratutako proposamena mendebaldeko etxebizitzen fatxadatik eta frontoitik urruntzen da, pasabide zabala uzteko eta argi gehiago pasatzeko. Kultur gunearen fatxadarekiko paraleloki lerrokatzen da, 7,5 metrora, eta haren iparraldeko fatxadara egokituz. Kultur guneko sarreraren hegoaldeko izkinaren parean kokatuko da Hiriko zuhaitzaren enborra eta hura ardatz hartuta, modu erradialean bederatzi zutabe banatuko dira plazan barna. Aukera horrekin arkitektoak habe gutxiago jarri nahi ditu, mugimendua ez trabatzeko. Zutabeen banaketa erradial horregatik estalpearen zabalera aldatuz doa eta kultur gune parean du bere alderik luzeena proposamen horrek: 48 metro. Bakea kalera jotzen duen aldeak 31,75 m luze ditu. Alderik motzena, 16 m-koa, lokomotor trenaren parekoa da. Guztira 730 m2-ko azalera du.
Estalpeari bederatzi adar dituen enbor batek eta bederatzi zutabek eutsiko diote, altzairuzkoak eta harea kolorearekin lakatuta. Batzuk eta besteak habez lotuta egonen dira, eta egiturari eusten dioten habe nagusien artean, altzairuzko uhal sistema batek osatuko du bigarren mailako egitura sistema. Teilatuak txirbil orientatuzko egur taulen sandwich panelak izanen ditu eta zinkezko akabera.
Argia sartzeko, estalpearen teilatuan hainbat diametrotako argi zuloak aurreikusi ditu Fiorellik. Argi zuloak perimetrotik urruti eta enborretik gertu kokatu ditu. Argi zuloak beiraz estalita egonen dira. Argizuloen barruko aldean kolore bakarreko LED argi zerrendekin egindako borobilak egonen dira. Horien bidez oinezkoendako argiztapen egokia eta inguru segurua eskainiko du. Bestalde, potentzia handiagoko LED zerrendak aurreikusi ditu estalpearen perimetroa mugatzen duten zutabeen barneko ertz bertikaletan. Horiek une jakinetan erabil daitezke, esaterako, azoka edo ikuskizunetan. Gainera, erabileraren arabera LED argien indarra erregulatu daitekeela gaztigatu du arkitektoak.
Arkitektoak proposatu du udalak eszenatokia tren makinaren paraleloan kokatzea. “Horrela babestuago dago eta estalpeak puntu gehiagotik har ditzake bisitariak”. Fiorelliren iritziz, estalpe proposamenak jarduera ugari hartzeko aukera eskaintzen du.
Beste sarituak
Altsasuarren botoek Altsasuko Nortasuna eta Aterpea proposamenak bigarren eta hirugarren postuan utzi dituzte hurrenez hurren. Haien egileek 500 euroko sari bana jasoko dute udalaren aldetik. Azkenik, ideia lehiaketaren oinarriak jarraituz, epaimahaiak accesita eman dio Einbeinstand proiektuari, bere originaltasunagatik. Aipamen berezi horrek ez dauka sari ekonomikorik.
Altsasuarrek ideia lehiaketara aurkeztu ziren 24 proposamenen artean hiruren alde botoa emateko aukera zuten. Hiru horiek teknikarien epaimahaiak baloratu eta gero pasa ziren boto fasera. Teknikarien balorazioaren arabera proiektu onena Hiriko zuhaitza zen eta hari 87 puntu eman zizkioten. Aterpea proiektuak teknikarien 66 puntu jaso zituen eta Altsasuko nortasunak, berriz, 65.