Alokairuzko etxebizitza premien inguruko informazioa jasotzeko Altsasuko Udaleko Hirigintza, Obra, Etxebizitza eta Gazteria Zerbitzuek eta Altsasu, Olatzagutiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak inkesta zabaldu zuten www.altsasu.eus webgunearen bidez 2021eko garagarrilaren 4tik 17ra. 80 pertsonak erantzun zuten (48 emakumezkok, 30 gizonezko eta zehaztu nahi izan ez zuten beste 2). Galdetegia erantzun zutenen erdiek 26 eta 35 urte artean zituzten. Eta beste 16l 36 eta 45 urte artean. 18 eta 25 urte artekoen erantzunak 11 izan ziren.
Galdetegia erantzun zutenetatik 37k bi logelako etxebizitza nahi zuten eta 29k, berriz, hiru gela edo gehiagoko eraikin batean bizi nahiko lukete. Gela bateko etxebizitzaren alde 9k egin zuten eta isolatutako eraikin bat nahi zutenak 4 izan ziren. Bestelako aukeren aldeko hautu bakarra izan zen. Alokairuaren iraupenaz galdetuta, 51k etxebizitza iraunkorra nahi zuten, 22k ekonomia autonomia handiagoa lortu arte han bizi nahiko lukete, bakarrak ikasturterako nahi luke etxebizitza eta 6k bestelako aukeren alde egin zuten.
Ekipamendua eta errenta
Alokatutako etxebizitza horretan nola biziko liratekeen galdetuta, 29k esan zuten bakarrik bizitzeko litzatekeela, 28k familiarekin bizitzeko eta 22k beste pertsona batekin partekatzeko litzatekeela. Etxebizitza pertsona batekin baino gehiagorekin partekatzeko erantzun bakarra izan zen. Alokairuzko etxebizitzak zein ekipamendu izatea nahi luketen galdetuta, 58k etxea guztiz jantzita egotea nahiko lukete, 20k sukaldea izatea eta bik igogailua izatea lehenetsi zuten. 80 erantzunetatik 18 izan ziren etxebizitzan arkitektura oztoporik nahi ez luketela esan zutenak, gainontzeko 62ei ez zien inporta halako trabak izatea.
Duten errentaz galdetuta, 33k esan zuten urtean 12.000 eta 20.000 euro artean kobratzen dituztela. 20k 9.000 eta 12.000 artean eta 14k 20.000 eta 40.000 euro artean jasotzen zituztela urtean. 11ren kasuan 9.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzte urtean eta bik bat bera ere ez. Inkesta erantzun zuten 80 pertsonetatik 18k besterik ez zekiten etxebizitza alokatzeko eskuratzeko laguntzak zeudela. Hileko ordaindu lezaketen alokairuaz galdetuta 36k 200 eta 300 euro artean ordaindu zitzaketela esan zuten, 33k 300 eta 400 euro artean, 8k 400 eta 500 euro artean eta 3k 500 eurotik gora.