2021eko maiatza eta ekaina bitartean Led Silhouette konpainia osatzen duten Martxel Rodríguez eta Jon López dantzariek Nafarroako Gobernuaren DNA programaren arte egoitza egin zuten Iortia kultur gunean. Egonaldi horretan Los Perros ikuskizuna izanen zenaren sustraiak sortu zituzten. "Balio izan zigun lurra hartzeko eta proiektua nondik nora joango zen pentsatzeko". Urtean zehar beste bi egonaldi egin dituzte, Lesakan lehenengoan, konpainiaren egoitzan, eta Maiorkan bigarrena. "Pixkanaka garatuz joan gara". Azkenean, apirilaren 17an mustu zuten lana, Lesakan, "etxean", eta apirilaren 30ean, larunbatean, Iortia kultur gunera itzuli ziren lana aurkeztera, ostiralean ospatzen zen Dantzaren Nazioarteko Egunaren egitarauaren barne.
Soinuak
"Altsasun bizitu genituen ikuskizunaren lehendabiziko egunak, eta orain aurkeztera itzuliko gara eta ilusioa egiten digu". Kultur gunean sortzen ari zireneko "ezjakintasuna" oroitzen dutela aipatu du Martxel Rodríguezek.
Sakanan igarotako denbora horretan, eta Betisa Anda Altsasuko kultur teknikariari esker, Altsasuko kanpai dorrean eta errepikean egoteko aukera izan zuten. Tomas Ganboari kanpaijoleari Arruazun egin zioten omenaldian egon ziren ere. "Kanpaiekin bueltaka egon ginen, batez ere Sakanan egon ginen hilabete horretan. Zoritxarrez, edo horrela sortu delako, materialaren garestitzeagatik kanpaien fabrikazioaren ideia burutik kendu behar izan genuen". Nahiz eta kanpaiak bisualki ez egon, soinu konposizioan "ioareak, kanpai hotsak, ahotsak eta abar" entzun daitezke: "Jendeak ibarraren soinuak aurkituko ditu".
Egonaldiaren azken egunean entsegu irekia egin zuten Iortia kultur gunean. "Hiru eszena aurkeztu genituen eta laneko metodologia azaldu genuen". Entseguan erakutsitako hiru eszenetatik bat guztiz kendu dute eta bi garatu dituzte. Egun berean Iskiza soinketa erritmikoko gimnastekin jarduera egin zuten, programaren baitan antolatzen dituzten interbentzioetan. "Esperientzia polita izan zen. Normalean horrelakoak egiten ditugunean dantza taldeekin elkartzen gara, baina pentsatu genuen interesgarria izanen zela Marcos Morau zuzendariaren estiloa hain birtuosoa denez eta malgutasunari garrantzia handia ematen dionez, malguenak direnekin aritzea interesgarria izanen zela". Oso gustura aritu zirela esan du Rodríguezek.
Harremanak
"Bizitzaren etapa desberdinetan harremanak nola garatzen diren erakusten du"
Los Perros ikuskizunak "gauza askori buruz" hitz egiten du. "Dantzatzen dugun aldiro kristoren hustuketa da". Ikuskizunak bizitzaren etapa desberdinak erakusten ditu, eta eszenatokian bi dantzari dauden arren, López eta Rodríguez, elementu desberdinekin pertsonaia gehiago erakusten dituzte, gazteagoak eta helduagoak. Oier Zuñigaren ahotsak eta proiekzioek "ildoa jarraitzen" laguntzen dutela azaldu du dantzariak. "Bizitzaren etapa desberdinetan bikoteak, laguntasuna, fideltasuna eta maitasun harremanak eta horiek nola garatzen diren erakusten du". Bidai bat bezala deskribatu du lana, "oso plastikoa dena, oso bisuala" eta, aldi berean, emozioekin konektatzen duena.
Marcos Morau koreografoa eta arte zuzendaria izan da. "Askotan esaten dute bere lanak hotzak direla, oso estetikoak direlako, ez da gure iritzia, kritikoek eta abar esaten dute. Lan honetan azpiko kapara iritsi gara, emozionalagoa den zerbaitera". Morauren eta La Veranole bere konpainiaren mugimenduak "lehorrak, zehatzak, motzak, disoziatuak eta abar" direla azaldu du Rodríguezek, eta hortik abiatuta landu zuten ikuskizuna. "Baina dramaturgiarekin eszena bakoitzean gorputza ere modu desberdinetan landu du.
Laztanak deitutako eszena batean, esaterako, gorputzaren zatiak grabitatearekin eta bertzearen inguruan pasatzean sortzen ahal diren mugimenduak landu dituzte: "Tranpantojoak edo egin ditugu, publikoa despistatzeko; norenak diren hankak edo besoak pentsarazteko". Testua batzuetan "nahiko iluna eta indartsua" da, eta bukaeran "argia" agertzen da: "Aretoko dantzen antzekoak egiten ditugu. Ospakizun bat da". Harremanetan sortzen diren momentu zailak erakusteko "biolentziarekin lotutako" mugimenduak dituzte, bortitzagoak. Beste eszena batean gorputzak "ia hildakoak bagina bezala manipulatzen ditugu...".
Koreografian aspektu berriak esploratu dituztela azaldu du dantzariak. "Dantza garaikideak baditu pila bat aukera edo azpiestiloak deitu ditzakegunak. Jendea ohituta badago dantza garaikide mota batera, 1990ko hamarkadatik hemen gehiago garatu dena, agian honek aldaketa handia suposatzen dio oso plastikoa eta zinematografikoa delako".
Saria
Martxel Rodríguezek Nafarroako Talentu Artistikoa Sustatzeko Saria jaso du aurten. "Oso pozik gaude saritua dantzaren inguruko norbait izan delako. Normalean beste dizplina batzuk gehiago saritzen dira, eta ulertzen dugu, baina dantzak ere badu bere publikoa. Dantza garaikidea ez da komertzialena, eta dugu izatea nahi ere, baina errekonozimendua behar du". Batzuetan, "zertarako egiten dugu hau?" galderak sortzen direla aitortu du dantzariak, eta saria "hauspo" bat da.
Momentuz, Los Perros ikuskizunaren eta aurretik zituzten ikuskizunen emanaldiekin jarraituko dute. Udan dantza, arte plastikoak eta bideoa uztartzen duen ikus-entzunezko bat sortuko dute, sariaren baitan. "Arte historian zehar gorputza nola tratatu duten, kanonak... erakutsi nahi dugu".
