Udalak eta Amandrea plazako garajeetako jabeen arteko hitzarmena

Guaixe 2022ko mai. 9a, 10:03

Lanak despeditu ondoren plazak izanen duen itxura. ALTSASUKO UDALA

Plaza osorik berritzeko pausoa da. Batetik, lurpeko garajeen sabaia konponduko da, eta, bestetik, plazako zorua berrituko da.

Amandrea plaza osorik berritzeko beste pauso bat eman da: Altsasuko Udalak eta plazako garajeetako jabekideen komunitateak hitzarmena sinatu dute. Horren arabera udalak kudeatuko du obra kontratatzeko espedientea. Aldeek egin beharreko lanak eta haien aurrekontuak ere zehaztu dira hitzarmenean. Alde batetik, garajeetan dauden ur sartzeak eragozteko garajeen estalkia iragazgaitz bihurtzeko lanak eginen dira. Haren ardura komunitateak hartuko du. Bestetik, gaur egun plazako zoladurako hormigoia oso hondatuta dago eta hura berrituko du udalak. Horretarako, kultur gune pareko zabalgunearen moduko zoladura jarriko du. 

Garajeko sabaia eta urak kaltetutako guztia konpontzeko komunitateak 159.776,76 euro ordainduko du (Gastu Orokorrak, Etekin Industriala eta Balio Erantsiaren Gaineko Zerga kontutan izanda). Udalak zorua berritzeko 313.374,63 euro ordainduko du (Gastu Orokorrak, Etekin Industriala eta Balio Erantsinaren Gaineko Zerga kontutan izanda). Diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko du lana udalak. Guztira 473.151,39 euroko inbertsioa da. Lanak uda ondoren hastea aurreikusten da. 

Finantziazioaz
Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek azaldu duenez, hitzarmena sinatu denetik garajeetako komunitateak bi hilabete izanen ditu aurrekontuaren dagokin zatia udalari ordaintzeko. Ordainketa egin ondoren, udalak lanak emateko deialdia eginen du. “Lanak egiteko lau hilabete izanen ditu enpresa hartzaileak eta udazkenean hastea aurreikusten da”. Lanen finantziazioari dagokionez, Ollok azaldu duenez, “une honetan Nafarroako Gobernuaren 2022-2028 Tokiko Inbertsio Planera zein lan aurkeztu aztertzen ari gara. Sareak, zoladura, sareak eta zoladura, udal ekipamendua eta beste berritzeko laguntzak ematen dira deialdi horren bidez. Hirigintza Batzordean aztertu ondoren eskaera eginen dugu”. 

Alkateak azaldu duenez, foru gobernuaren deialdi horrek berritasuna izanen du: “udal bakoitzak urtero diru kopuru bat izanen du berak aukeratutako inbertsioa egiteko. Amandrea plazako udalaren zatia (zoladura berritzea) diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko da. Baina udalak eskatuko du Tokiko Inbertsio Planeko aurtengo zehaztapen libreko inbertsioa hori izatea”. Ollok jakinarazi duenez, aurten Altsasuko Udalak zehaztapen libreko inbertsioetarako 95.000 euro izanen ditu. 

Erlazionatuak