Mendia

Hiru Mendi Zerrak arrakastatsua

Guaixe 2022ko mai. 9a, 13:30

Urbasa, Altzania eta Aralar biltzen dituen Hiru Mendi Zerrak martxa 392 mendizalek osatu zuten eta mendizaleen aldetik eskerrik beroenak jaso zituztela nabarmendu dute Altsasuko Mendigoizaleak taldeko antolatzaileek

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak apirilaren 2rako antolatu zuen Hiru Mendi Zerrak mendi martxa, baila elurrarengatik maiatzaren 7ra atzeratu zuen. Eta eskerrak, larunbata fresko esnatu arren, eguzkitsua eta ederra bilakatu baitzen. Azkenean 392 mendizale izan ziren Urbasa, Altzania eta Aralar mendizerrak lotzen dituen martxan parte hartu zutenak. Bi aukera zituzten: ibilbide uzea (47 km) edo laburra (26 km). Bi ibilbideen lehen zatia berdina zen: Altsasutik Urdiainera joan eta gero, Portuazpi igo eta Bargagain, Urbasa, eta Gainsol zeharkatu zituzten mendizaleek, Ziordira jaisteko. Han banatzen zen ibilbidea. Luzean jarraitu zutenek Kipular, Sorozarreta, Atabo, Balankaleku, Intxusburu, San Pedro eta Dantzalekutik jarraitu zuten, Altsasura heltzeko, eta laburrekoek Olaztiko partzelarietan aurrera egin zuten, Cementosen atzetik, Altsasura Ameztiatik heltzeko. Egon zen tarteko ibilbide bat ere, Sorozarretatik Altsasura egiten zuena, Dorretxikitik.

Ziordiko hornidura gunean haragi gisatua jatea tradizioa da. Milagros Jimenez, Patxi Beramendi, Juanito Urra eta Carmelo Navarrete arduratu ziren prestatzeaz, eta bikaina zegoen. Hala zioten mendizaleek. "Jendea mendian ibiltzeko gogoz dago, eta asko aurreko astean Sakanako Ibilaldian parte hartzetik zetozen. Oso pozik zeuden, antolakuntzarekin zeharo eskertuta. Zerotik hamarrera, berrehungo puntuazioa eman ziguten askok" aipatu du, irribarrez, Jesus Guineak, Altsasuko Mendigoizaleak taldearen izenean. "Gu ere oso eskertuta gaude, bai mendizaleekin eta baita babesleekin ere" nabarmendu du.