Txantxari udal ludoteka Intxostiapuntan kokatzea erabaki zuen Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak maiatzaren 2an. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "ludoteka zerbitzuak berak hainbat legegintzalditan egindako eskaria da onartutako lekualdaketa". Ludotekak 25 urte bete zituenean, 2018an, udaletik jakinarazi zen ludotekaren solairu berean dagoen epaitegia Erkuden eta Altzania kaleko bidegurutzean dagoen udal eraikin batera aldatzeko asmoa zegoela. Horrek, jakina, egoitza berria egokitzea zekarren. Garbitoki eraikineko lehen solairu osoa ludotekarako litzateke. Pandemiarekin guztia gelditu zen eta, ondoren, udalak beste ikuspuntu batetik hartu du gaia eta ludoteka bera Intxostiapunta gazte gunearen beheko solairura lekualdatzea erabaki du.
Zergatiak
Ollok azaldu duenez, Garbitoki eraikineko gaur egungo kokapenak hainbat arazo ditu. "Hasteko kokapen bera. Izan ere, zerbitzuaren erabiltzaileendako arriskua dago, lokalaren ondoan oinezkoendako espazio gutxi dagoelako espaloian. Familia pila elkartzen dira sarreran, mugimendu handia dago eta haur pila. Gartzia Ximenez kaletik hirigunera joaten diren ibilgailuak atetik pasatzen dira". Garbitoki eraikinaren lehen solairuan dago ludoteka, baina igogailua duenez, irisgarritasun irizpidea betetzen du. Ez, ordea, komunena, ludotekatik kanpo baitaude, solairuko ezkaratzean.
Intxostiapuntara lekualdatzeari esker, "segurtasun handiagoa izango dugu eta oinezkoendako gune bat egongo da zerbitzuaren sarreraren ondoan". Udalaren iritziz, ludoteka beti egonen da hobe beheko solairu batean. "Intxostiapunta gazte gunearen ondoan patio bat dago eta horrek ludotekaren jarduera aukerak zabaltzen ditu", gaineratu du Ollok.
Alkateak gogorarazi du gazte guneko beheko solairuak haur eskola hartu zuela 2015eko sutearen ondorioz. Udalak komunak egokitu zituen egoitzaren barruan egoteko eta, beraz, lan hori aurreratuta du. Haur eskola egungo egoitzara joan ondoren jaso zen pareta botatzea besterik ez da egin behar beheko solairu guztia espazio bakar bat bihurtzeko. Bestalde, han dagoen bionboak espazioak sortzeko aukera emango du. Ezin ahaztu ere, eraikin berria dela.
Elkarlana
Eraikin berean gazte gunea eta musika eskola daudenez, han haur eta gazteen familia pila elkartzen dira. Haurrak beheko solairutik goikora, gazte txokora pasako lirateke. Alkateak nabarmendu duenez, "Intxotiapuntako beheko solairura lekualdatzeak aukera emango du ludoteka eta Gazteria zerbitzuen artean sinergia handiagoak sortzeko, baita bi zerbitzuen erabiltzaileen artean ere, zerbitzu horiek lotura zuzena baitute elkarren artean". Gazte txokoan dauden sukaldea edo ordenagailuak ludotekaren hainbat ekintza egiteko baliagarriak lirateke. Musika eskolarekin ere sinergiak sortuko direla ere garbi dute udalean. Batzuetan haur handienekin joan dira musika eskolara bisitan. Egoitza berean egonda, entzunaldietara joan, edo musika tresnen aurkezpenak egin daitezke, esaterako.
Zerbitzuen artean elkarlana sakontzeko aukera izanen dela gaztigatu dute udaletik. Eta sinergien aurrekaria ere gogorarazi dute: Garbitoki eraikinean, ludoteka gainean, udal liburutegia 2003ra arte egon zen eta bi zerbitzuen artean elkarlana izaten zen, liburuak edo Liburu Eguna zela eta.
Ikasturte berria
Ikasturtea despeditzean familia eta lana bateragarria egiteko kontziliaziorako eskaintza eginen du garagarrilaren akaberan ludotekak. Garilean eta agorrilean Aisiaz Blai aisialdi eskaintza etorriko da. Horiek izanen dira Garbitokian dagoen Ludotekak hartuko dituen azken jarduerak. Ludotekak egoitza berrian hasiko du kurtso berria. Ollok jakinarazi duenez, "lekualdaketa irailean egingo da, lokal berrian ludoteka zerbitzua lastailean hasteko".
Txantxari udal ludotekak ikasturte honetan 105 bazkide ditu. Pandemia aurretik baino zerbait gutxiago bada ere, haur erabiltzaileen kopuruak gora egin zuen ikasturte honen hasieran eta negu hasieratik handitzen joan da. Egoitza berriak gazte txokoa eta musika eskola ondoan dituenez, matrikulazio igoera izan daitekeela aurreikus daiteke. Lokalaren edukierak aginduko du izen ematekoa zenbatekoa izanen den. Familiendako saioetan heldu batek eta haurrak egon behar dute, horregatik, dohainik dira. 4 urtetik 12 urte bitarteko haurrek ikasturteko bost euro ordaindu behar dituzte.
Orain arte ludotekak erabili izan duen lokalaren erabilerari dagokionez, alkateak jakinarazi duenez, "oraindik ez da zehaztu erabilera bat, baina dagoeneko hainbat aukera daude mahai gainean".
Pandemia
Nafarroako Gobernuak ez du ludotekendako osasun gomendio sortarik sortu pandemian. Horregatik, ludoteka zerbitzukoak Hezkuntza Departamentuaren protokoloak hartu eta haienera egokitu dituztela azaldu dute udaletik. Ludotekariek beti eraman dituzte musukoak, ume txikienek ez eta 6 urtetik gorakoek bai. Hasieran, familia saioetara etortzen ziren gurasoek musukoa eta oinetakoetan kaltzak jantzi behar zituzten. Ezarritako osasun neurriak aisialdian kontrolatzea oso zaila dela gaineratu dute udal arduradunek.
Pandemiak ludotekan izan duen eragin ona izan da material guztia bilduta dutela. Materiala atera eta saioa bukatu ondoren, jaso eta gorde egiten dute. Beraz, lokala hutsik gelditzen da eta ludoteka ez dagoenean, beste talde batek erabil dezake. Esaterako, Gazteria Zerbitzuarekin koordinatuta haiek erabil dezakete ludotekaren espazioa.