Astekaria

Gasaren prezioak igerileku estaliaren itxiera ekarriko du

Guaixe 2022ko mai. 16a, 11:04

Bi igerilari Zelandi igerilekuan igerian. ARTXIBOA

Zelandi kiroldegiko igerileku estalia, jacuzzia, turkiar bainua eta sauna garilean eta agorrilean itxita egonen dira. Gimnasioa, ordea, irekita egonen da.

Orain arte ohikoa zen urtero kiroldegia agorrilean aste batzuetan itxita egotea mantentze lanak egiteko. Baina, Altsasuko Udalak apirilaren 29an hartutako erabakiak gasaren prezioarekin zerikusia du. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "Atabo Altsasu enpresa publikoak oraindik ez du berreskuratu pandemia aurreko pertsona abonatuen kopurua. Osasun agintariek COVID-19aren hedapena prebenitzeko ezarritako neurrien ondorioz, abonatuen kopurua nabarmen jaitsi zen, 1.800dik 1.400era. Une honetan 1.500 pertsona inguru daude abonatuta, eta, beraz, pertsona abonatuen diru sarrerak pandemia aurretik baino askoz ere txikiagoak dira". 

Abonatutakoen kopurua txikitzearen ondorioz, udalak diru ekarpenak egin dizkio kirol azpiegiturak kudeatzen dituen enpresa publikoari. Beti ere, "ekonomia oreka lortzeko". 2020an kirol instalazioen kudeaketa enkargatzeagatik dagozkion166.137,09 euroez aparte beste 36.888,22 eman zizkion. 2021ean aparteko ekarpen hori 180.000,00 eurokoa izan zen. 2016 eta 2019 artean Atabo Altsasuk irabaziak izan zituen eta hura pilatutako zorra ordaintzera bideratu zen, zorra desagerrarazteko.

Alkateak argitu duenez, "aurten  kontsumo gastuak neurriz kanpo handitu dira, bereziki, igerileku klimatizatuaren instalazioan gas kontsumoa". Ollok azaldu duenez, gasagatik ordaindu dutena %456ko igoera izan du, 2021. urtean 66.140,60 euro ordaintzetik aurten 301.601,14 eurora pasatuz. Horregatik, udalak bi erabaki hartu zituen. Batetik, Atabo Altsasuri 120.000 euroko aparteko ekarpena egin eta, bestetik, gas kontsumoa eta, beraz, faktura murrizteko, igerileku estaliak garilean eta agorrilean ixtea. Bi hilabete horietan igerian aritu nahi dutenek Dantzalekuko igerilekuetara jo beharko dute. Basoko igerilekuek garagarrilaren 21ean zabaldu eta agorrilaren 31n itxiko dituzte ateak.