Astekaria

"Denboraldia kontentu egoteko modukoa da"

Maider Betelu Ganboa 2022ko eka. 1a, 12:30

Iosu Mendiola, eskuinean, taldekideekin. CBASK

Bigarren Maila Autonomikoko CBASK Jatorman taldea play-offetan erori da, Lauko Finalaren atarian, baina denboraldiaren balorazio ona egin du Iosu Mendiola Marañon entrenatzaileak

Bigarren Maila Autonomikoko CBASK Jatorman taldearendako maiatzaren 21ean bukatu zen 2021/2022 denboraldia. Ligan zazpigarren sailkatu eta gero, bigarren fasean lehen eta zortzigarren taldeen arteko play-offean erori zen Iosu Mendiola Marañon arbizuarrak zuzentzen duen saskibaloi talde altsasuarra, Humiclima taldearen kontra.

Final Laukoan ez sartzea pena da, baina horrek ez du esan nahi denboraldi txarra egin duzuenik, inola ere. 
Egia esan, aurtengoa nahiko emaitza ona izan da. Bigarren Maila Autonomikoko liga erregularrean zazpigarren sailkatu ginen, eta horregatik lehen eta zortzigarren postuen arteko play-offetan ligan bigarren sailkatutako taldearen kontra jokatzea egokitu zitzaigun, Berriozargo Humiclimaren kontra. Play-offetan ez dugu emaitza ona atera, baina denboraldiaren irakurketa osoa egin behar da. Aurtengoa denboraldi berezia izan da. Joan zen urtean Lauko Finalean bigarren izan ginen, emaitza ikusgarria, baina aurten taldea asko aldatu zitzaigun, zenbait jokalarik taldea utzi zutelako eta berriak hasi zirelako. Beraz, aurreko urteko emaitza berdintzea ez zen erraza. Horri gehitu behar zaio denboraldiko azken txanpan lesioekin zorte txarra izan dugula. Azkenean, Lauko Finalaren atarian geratu gara, baina asteburuko une txarra pasata, denboraldiaren balorazioa ez da txarra, inola ere. 

Aurtengoa berregokitzapen denboraldia zela esan zenuen hasieran. Pazientziaz hartuta eta lanak egoki eginez, liga erditik emaitza onekin hastea aurreikusten zenuen. Eta horrela izan da.
Bai (kar, kar). Hasieran egoera beltzagoa ikusten nuen, baina gauzak ongi eginda denborarekin emaitzak hobetuko genituelako itxaropena nuen, eta hala izan zen. Lehenengoei eta hirugarrenei ere irabazi genien. Humiclima kenduta, talde ligan talde guztiei irabaztea lortu genuen. Hau datorren denboraldiari begira pozik egotekoa da.

Humiclima Berriozarko talde beteranoa eta gogorra da, azken urteetan beti Final Laukoan sartzea lortzen duena.
Bai. Jokalarien mailaz aparte, play-offak bezalako partida erabakigarriak jokatzeko esperientzia hori behar duzu. Humiclimako jokalariak halako ehunka egoeratan egon dira eta baita halakoak baino zailagoetan ere, eta gureak bezalako jokalari gazteen kontra jokatuta, ezberdintasun hori nabaritzen da. Hori izan da, nire ustez, euren kontra jokatu genuen kanporaketaren gakoa eta horregatik ezin izan dugu irabazi. 

Humiclimaren kontrako play-offean, joaneko partidan 52 eta 58 galdu zenuten, Zelandin. Lauko finalerako sailkatzeko itzuliko partida zazpi punturen aldearekin irabazi beharra zenuten, baina Humiclima 98 eta 50 gailendu zitzaizuen.
Zelandiko joaneko partidan erakutsi genuen bi taldeen artean ez dagoela halako alderik, hau da, Lauko Finalerako sailkatzeko aukerak bagenituela. Larunbateko Berriozarko itzuliko partidara konfiantzarekin joan ginen, eta hasieratik zazpi puntu horiek ateratzen hastea espero genuen, partida hobe joatea, baina gaizki hasi eta gaizki ibili ginen partida guztian barna, ezin buelta eman. Ez zegoenez modurik, azkenean markagailua ere joan zitzaigun. Ez zitzaigun partida ongi atera. 

Ligan zazpigarren izan zineten, baina San Ignacio liderretik lau puntuko eskasera, liga estua izan denaren erakusle. 
Aurten, egia esan, oso berdindua egon da liga, eta hori kontentu egoteko modukoa da. Azkenean, gurea talde ia berria zen, aldaketa askorekin, eta goian egon gara. Uste dut hurrengo denboraldian abantaila hori izango dugula. Printzipioz taldea ez da apenas aldatuko, eta horrek esan nahi du aurtengo emaitza berdindu daitekeela, edo hobetu. Beraz, alde horretatik, pozik gaude. 

Bigarren Maila Autonomikoko 2022/2023 denboraldirako noiz hasiko zarete lanean?
Abuztuaren bukaera aldera hasiko gara entrenatzen, baina nik aurten Bigarren Maila Autonomikoko taldeko lehen entrenatzaile postua utziko dut. Laguntzaile gisa jarraituko dut, baina beste entrenatzaile bat bilatzen ari gara. Izan ere, datorren denboraldian nesken senior talde bat aterako dugu, eta ni izango naiz talde berri horren entrenatzailea.

Aspaldiko nahia zen nesken senior mailako talde hori sortzea.
Urte dezente daramatzagu emakumezkoen senior taldea ezin atera, eta talde honen aldeko apustua egiteko gogotsu nago, nesken proiektua bulkatu beharra dagoelako. Bigarren Maila Autonomikoko mutilen taldeak ongi jarraituko du, nukleo edo oinarria badagoelako. Nik ahal dudanean laguntzen jarraituko dut, baina entrenatzaile berri batekin gauzak antzeko jarraituko dutelakoan nago, jokalariek badakitelako azken bi urte hauek nola joan diren. Nesken taldeak norbait hor jartzea behar zuen, eta pozik eta gogotsu nago. 

Altsasuko CBASK Saskibaloi kluba oso osasuntsu dago: talde asko, emaitza onak, emakumezkoen senior talde berria…
Bai, egia esan klubaren martxarekin pozik gaude. Jendea saskibaloiarekin engantxatzen ari dela iruditzen zait, eta hori da garrantzitsuena. Geroz eta haur gehiago hasten dira saskibaloian, eta hori da albisterik hoberena, horrek bulkatzen eta eragiten duelako goiko taldeak atera ahal izatea.

Larunbatean saskibaloi festa antolatu zuen CBASKek Zelandin. 3x3 partidak, jolasak eta zozketak izan ziren eta Altsasu klubean sortutako jokalari handi bat omendu zenuten, Naiara Diez. 
Denboraldiari bukaera emateko festatxoa da, klubekoei eta saskibaloian probatu nahi dutenei irekia. Polita izan zen, baita Naiara Diezen omenaldia ere.

Naiararen ibilbidea jarraitu duzu?
Jakina, aspalditik. Altsasutik atera den jokalaririk ospetsuena da, Iñigo Zabalorekin batera.