Astekaria

"Arazoak ertz asko ditu; sei zehaztu ditugu"

Guaixe 2022ko eka. 8a, 11:01

Tasio Merchan Fernandez eta Jokin Bereziartu Aiestaran, Gure Etxea udal eraikina atzean dutela.

Udal azpiegiturak “sozializatzeko” eskaerarekin, Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) sinadura bilketari ekin diote. Gazte erakundeetako kide dira Tasio Merchan Fernandez eta Jokin Bereziartu Aiestaran. 

AGAk eta GKSk udalari zuzendutako eskaerak babesteko sinadura bilketari ekin diote. Gazte erakundeetako kideek dinamikaren zergatiak eta hurrengo pausoak azaldu dituzte. 

Zerk bultzatu ditu AGA eta GKS udal azpiegituren “sozializazioa” eskatzera?
Jokin. Hor arazo bat ikusi dugu. Bizi dugun sistema kapitalistaren krisi testuinguruan kokatzen dugu. Bizi baldintzak okerrera doazen momentuan, pobrezia gero eta zabalduagoa dagoen momentuan, udal azpiegituretara iristeko zailtasun gehiago ditugu. Gure ondorioa da langile klasea gero eta kanporatuagoa sentitzen dela udal azpiegituretatik. Haiek eskuratzeko erraztasunik ez du, esaterako, erabiltzeko ordaindu beharreko tasengatik. Horregatik garatu dugu udal azpiegiturak sozializatzeko dinamika. 

Zer ulertzen duzue “sozializazioarekin”?
Tasio. Hitzak planteatzen dugun norabideari egiten dio erreferentzia. Trabak beharrean udal azpiegituren eskuratzea unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa izatea. 

J. Hori bizitzaren esparru guztietara zabaldu beharko litzateke. 

T. Hori kontraesanean dago gaur egun udal azpiegituren eta, orokorrean, sistema kapitalistaren funtzionatzeko ekonomia errentagarritasunaren faktorearekin. Ondorioz, udalek prezio batzuk jarri behar dituzte errentagarritasun hori lortzeko.

Zergatik ekin diozue sinadura bilketari?
T. GKS, AGA eta eragile politikoen artean zabaldua zegoen Gure Etxea eraikinaren erabileraren kontura udalarekin zeuden arazoak. Informazio kanpaina abiatu zen, kultur eragileekin egon, herrian zeuden arazoen berri atera eta haiek gizarteratu genituen. Deitu genuen batzar ireki batean sortu zen sinadura bilketaren proposamena. Nolabait udala presionatzeko bide eraginkor gisa, eta herrian gaia gehiago sozializatzeko; jendearengana iristeko eta haren babesa lortzeko. 

Sinatzaileak zer eskatuko du?
J. Arazoak ertz asko ditu, baina asanbladan sei puntu zehaztu genituen: udal azpiegiturak (kiroldegia, kultur gunea…) erabiltzea doakoak izatea. Bigarrenik, Gure Etxea eraikina erabilera doakoa izatea eta biltzeko beharra duten eragileek partekatutako gelak izatea. Bestetik, errotazio aparkalekuen proiektua bertan behera uztea, zeren denbora muga pasaz gero ordaindu beharko litzateke. Kalearen pribatizazio hori ez da zilegi. Horrekin batera kirol eta kultur eragileek haien beharretara egokitutako espazioa izatea. Bandak entseatzeko toki duina izatea, edo edozein musika taldek… Horrekin batera, auzolan taldearen materiala gordetzeko espazio duin bat izatea; gaur egun oso egoera txarrean dago. Eta, azkenik, goizetan ikasi ahal izateko, liburutegiaren papera beteko duen espazio duin bat behar da. Orain jendea selektibitatea eta azterketekin dago eta halakorik ez dugu. 

Nola bilduko dituzue sinadurak?
T. Plazetan mahaiak jarri ditugu, azokara joan gara, banan-banan, dendetan utziko ditugu, gaztetxeko ostiraleko pintxo potean eta sare sozialen eta Internet bidez sinatu daiteke ere. Horretaz aparte, jendearen parte hartzea bulkatzeko egitarau zabala antolatu dugu larunbaterako; bazkaria eta kontzertuak izanen dira. Orduan ere sinadurak jasoko ditugu. 

Noiz arte ariko zarete?
J. Duela aste bat hasi ginen eta dagoeneko 300 ditugu (herenegun). Hilaren 17ra arte egonen gara horiek biltzen. Egun horretan Udal azpiegiturak sozializatu duen leloa deitu dugu. Han ahalik eta jende gehien batu nahi dugu. Ordurako sinadura kopuru handi bat izatea nahi dugu eta udalaren aurrean indar erakustaldia egin nahiko genuke egun horretan. 

T. Egun horretan sinadurak eraman eta "pilota udalaren teilatuan uztea". Haiek ikusiko dute zer egin.