Dagoeneko Aratzek ez du kontrolerako eskumuturrekorik ezta etxean gailu elektronikorik ere. Berak larunbatean bete zuen Altsasuko auziagatik Espainiako auzitegiek jarritako zigorra. Bai berak bai familiak esan dutenez: "Azaldu diguzuen elkartasunagatik, bihotzez eskerrak eman nahi izan dizkizuegu bai Sakanan bai munduan eskubideen eta askatasunen alde egin eta borrokatzen duzuenei. Elkartasuna da indarra. Guztiak aske gelditu arte!"
Aratz 2016ko azaroaren 14an atxilotu zuen Guardia Civilak eta 36 egun preso egon ondoren epaiketaren zain baldintzapean aske utzi zuten. Fiskalak berarendako lau terrorismo deliturengatik 50 urteko zigorra eskatu zuen. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2018ko garagarrilaren 1ean emandako epaian bederatzi urteko zigorra ezarri zion hiru lesio deliturengatik 6 urte eta 3 agintearen agentearen kontrako delituagatik.
Epaia jaso eta bigarrenez 2018ko garagarrilaren 5ean atxilotu zuten. Auzitegi bereko Apelazio Epaitegiak 2019ko martxoaren 7an emandako epaia berretsi zion. Azkenik, egitateak aztertu ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak 2019ko lastailaren 9an eman zuen epaian 4 urte eta 2 hilabeteko zigorra ezarri zion Aratzi: 2,5 urte agintearen agentearen kontrako delituagatik. 2019ko abenduaren 20an atera zen kartzelatik azkenezkoz Aratz eta, ordutik, hirugarren graduan zegoen urruneko kontrolarekin. Estreinakoz atxilotu zutenetik 2.028 egun pasa zirenean utzi zituen kontrol neurriak Aratzek. Bere zigorraren 599 egun kartzelan preso egin ditu altsasuarrak.
Altsasuko auziagatik auzipetutako gainontzekoei dagokienez, Ainarak eta Iñakik, dagoeneko zigorra bete dute. Ainara kartzelatik pasa gabe, baina hainbat kontrol neurrirekin izan da urtetan. Iñakik, berriz, 1.283 egun egin zituen zigorpean, haietatik 598 kartzelan preso. Gainontzeko bost auzipetuak hirugarren graduan daude, ez dute kartzelara joan beharrik baina kontrol telematikoa dute. Adurrek, Jokinek eta Oihanek 2024ko maiatzean beteko dituzte zigorrak. Jonanen eta Julenen kasuan 2025eko lastailera arte segituko dute zigorra betetzen.