Altsasuko San Joan eguna

Guaixe 2022ko eka. 13a, 11:28

Udako solstizioarekin San Joan ospakizunak izanen dira, besteak beste, Altsasun, ekainaren 23an eta 24an.

Ekainaren 23an, osteguna, San Joan bezpera ospatuko dute Altsasun. 17:00etan, San Joan plazan, txupinazoa botako dute trikitilariek lagunduta, eta Tramankulu taldearen animazioa izanen da. Ondoren, Chuchin Ibáñez y los Charros taldearen kontzertua bitartean txokolate jana izanen da. 

19:30ean Altsasuko udalbatza udaletxetik aterako da eta San Joan ermitara abiatuko da. Bitartean, plazan udako solstizioa ospatzeko festa izanen da, Foruen plazan eta Kukuerrekak antolatutako auzatea izanen da. 

20:30ean, San Joango ermitako suaren piztearekin herriko suak pizteko txupin iragarlea jaurtiko dute, eta Altsasuko txistulariek lagunduta kalejira eginen dute San Joan ermitatik Foru plazaraino. Eztanda txarangak suak dauden kaleak girotuko ditu gauean, eta San Joan plazan Azabache taldearekin dantzaldia izanen da. Altsasuko Udalak suak pizteko zenbait aholku helarazi ditu: zorua babesteko area bota behar da; Pilotajauku, Amandrea, Zubeztia, Zelai, Intxaurrondo, Idertzagain, Amaia, Zumalakarregi eta Iortia kaleetan eta plazetan egonen da area eskuragarri. Egurra basotik hartzekotan, haizeak botatako adarrak edo sasiak hartzea gomendatzen dute, baita lehoarrak egotea ere. Koadrilen artean suak konpartitzea ere eskatzen du Udalak, modu honetan suen kopurua murriztu eta kaleak garbiago geldituko dira. 

Segi sua zabaltzen lelopean Altsasuko Gaztetxeak ohiko elkartasun afaria antolatu du, 12 eurotan, 22:00etan, gaztetxeko plazoletan. Tiketak Lezea, Arkangoa eta Idergi taberanetan eros daitezke eta aukera begoa izanen da. 

Ekainaren 24an, San Joan egunean, etxeko ezkaratza asko iratze alfonbra batekin esnatuko dira, Altsasun etxekoak babesteko ohitura baita. Gainera, zenbait balkoi eta leihoetan abardiak egonen dira; Altsasun gustuko edo ez duten pertsona adierazteko modua da. Lizar adarra maite dutenarendako jartzen dute, eta makalarena horren gustuko ez dutenarendako. Udalak ohitura hau gorde eta bultzatu nahi du, eta horregatik aurten ere abardi lehiaketa antolatu du. Parte hartzaileen artean sariak egonen dira. Parte hartzeko abardiaren argazkia eta datuak iortia@altsasu.net helbidera bidali behar dira, ekainaren 30a baino lehen. Festetako herri bazkarirako lau txartel bikoitzen zozketan sartuko dira parte hartzaileak. 

San Joan egunean, 20:00etan zortzikoa dantzatuko dute eta auzatea izanen da, Foru plazan eta 22:30ean Haize Berriak bandaren dantzaldia izanen da. 

Altsasuko San Joan eguneko egitaraua

Ekainak 23, osteguna

  • 17:00 Txupinazoa trikitilariak lagunduta eta animazioa Tramankulu taldearekin, San Joan plazan

  • 18:30 Txokolate jana Chuchín Ibáñez y los Charros girotua, San Joan plaza

  • 19:30 Udalbatza Altsasuko txistulariekin udaletxetik San Joango ermitara abiatuko da
    Foru plazan, Udako solstizioa ospatzeko festa eta auzatea Kukuerrekak antolatuta
  • 20:30 Festaren hasiera: San Joango ermitan sua piztea
    Herriko suak pizteko txupin iragarlea
    Kalejira San Joan ermitatik plazaraino Altsasuko Txistulariek lagunduta
  • 21:30-22:30 Eztanda Txarangak suak dauden kaleak girotuko ditu
  • 23:00-02:00 Dantzaldia Azabache taldearekin, San Juan plazan

Ekainak 24, ostirala

  • 20:00 Zortzikoa Altsasuko txistulariekin eta auzatea, Foru plazan
  • 22:30 Haize Berriak bandaren dantzaldia, Foru plaza

Erlazionatuak