Astekaria

Terapiarako patioa mustu du klinikak

Guaixe 2022ko eka. 20a, 08:57

Klinikako terapiarako patioaren ikuspegia.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoan eraberritu duten patioak familia giroa sortzea du helburu, dementzia duten erabiltzaileen eta pazienteen partaide izate sentimendua, erabilgarritasuna eta independentzia sustatuz.

Klinikaren erdigunean dagoen patioak zuhaitzak baino gehiago du orain. Izan ere, lurra berdez margotu, bide bat egin, hainbat aulki jarri eta sei txoko prestatu dituzte: erlaxazioa, oroitzapena, usaimena, ukimena, terapia baratza eta oreka plataforma. Kanpoko aldean oilategia jarri dute. Haien guztien helburua da erabiltzaileen artean ahalik eta zentzumen gehien piztea. Palmlöf terapiarako lorategien ereduan oinarritu dira klinikan patioa eraberritzeko. Eredu horren arabera erabiltzaileen aldartean aldaketa positiboak eta indar fisikoaren hobekuntza eragiten dituen eredu bat sortu dute, gune seguruak sortuz, non erabiltzaileek sentitzen duten beren eguneroko bizitza aberastu dezaketela. Klinikan COVID-19 gaitzari aurre egiteko neurriak indarrean daudenez, talde burbuilak daude eta, ondorioz, terapiarako patioan goizetan eguneko zentroko erabiltzaileak egonen dira eta arratsaldean ospitalekoak. 

Klinikako okupazio terapeuta Loreto Velillak azaldu duenez, "patioa eta bertako txokoak erabiliz erabiltzaile eta pazienteek gehiago ibili ahal izango dira, memoria eta esperientzia positiboak sortuz, estresa gutxitzen lagunduz eta lo zikloak egonkortuz, argi naturalari esker". Gaineratu duenez, "patioa erabiltzaileen behar espezifikoen arabera diseinatu da, hau da, dementzia motaren bat duten adineko pertsonak, eta lehengoratze edo errehabilitazio prozesuan daudenendako". Angel Gardachal klinikako gerenteak azaldu duenez, "ingurune seguru bat diseinatu da, osasuna eta ongizatea maximizatzeko, proaktibitatea sustatzeko eta erabiltzaileek ahalik eta gehien modu autonomoan eta aktiboan bizi ahal izan dezaten". 

Txokoak 
Eremu sentsoriala elementu irudimentsu eta interaktiboek osatzen dute, patioa bera inguratzen duten eraikinaren hormetan jarritako panelen formakoak, naturako materialez eginak (harriak, pinaburuak, adarrak, eta abar). Gainera, gune horek ibilaldirako plataforma bat du, hainbat materialekin egina, ibilbidean zehar sentsazio desberdinak pizteko. Entzumena estimulatzeko eta erlaxatzeko iturri bat ere badu. Horretaz aparte, ukitu daitezkeen eta hainbat sentsazio somatiko ematen dituzten landareak jarriko dira, baita usaimenaren zentzua garatzeko landare aromatikoen gune bat ere.

Ibilaldia errazten duten bideei esker, narriadura kognitiboa duten pertsonen mugikortasuna erraztuko da. Horregatik aurrez ikusten dira, zabalak, kurbatuak eta material irristagaitzekin eginak. Espazio horren barruan, zirkuluan jarritako aulki batzuk jarri dira, ariketa fisikoa eserita egiteko. Barra duen beste espazio batekin osatzen da, zutik baina laguntzarekin egon behar duten jarduerak egiteko.

Baratzea eta landareak zaintzeko eremua zabaldu egin da, jarduera hori (Klinikan garatua, emaitza bikainekin) ahalik eta denbora gehienean egin ahal izateko. Horretarako, erreminta etxola txiki bat jarri dute patioan.

Azkenik, patioa oroitzapenen txoko batekin osatu dute, eta oroitzapen berriak sortzea bilatzen da, ahaztuen oroitzapena aldi berean suspertuz. Horretarako, garai batean erabiltzen ziren lorategiko eta soroko lan tresnak jarri dira, bai eta baratxurien, piper lehorren, belar fardoen eta abarren arrastoak ere. Elementu horiek guztiek gaur egungoaren eta iraganaren arteko lotura ekar dezakete gogora. Egurrezko pergola bat ere badu, itzalean atseden hartzeko eta oroitzapenak gogorarazten dituzten elementuak jartzeko.

Gainera, kanpoko aldean oilategi bat jarri da Klinikako Eguneko Zentroko erabiltzaileei jarduera terapeutiko esanguratsua eskaintzeko. Animalia horiek zaintzeak lagundu egiten die erantzukizun sentimendua izaten, autoestimua hobetzen edo arreta eta memoria suspertzen, eta aukera ematen die haietako askok beren etxeetan egin duten jardueraz gozatzeko. Gune horretan berotegi txiki bat jarriko da datozen hilabeteetan, urteko urtarorik hotzenetan ere baratzea erabili ahal izateko.

Patioa egokitzeko klinikak Laboral Kutxaren laguntza jaso du eta ordezkariek bisitatu zuten hilaren 15ean. Mustutze ekitaldian izan ziren Laboral Kutxako Gizarte Ekintza, Ekitaldi eta Babeslaritzako lurralde buru Aranzazu Olaizola, Eskualdeko buru Maitane Bueno eta Altsasuko bulegoko zuzendaria, Izaskun Erdozia. 

Erlazionatuak