25. Altsasu BTT Zeharkaldia abiatu zenean euria ari zuen, baina berehala atertu eta egunak probaren urteurrenarekin bat egin zuen. Barranka Txirrindularitza Taldeak ibilbide ederra antolatu zuen, "orain arte ibili gabeko tokietatik sartu dena, toki ikusgarrietatik. Guretako egun hau gozamen hutsa da, festa polita, eta aurten, agian, bereziagoa, 25. edizioa delako" aitortu zuen Altsasu BTT Ibilbideko arduradun Felipe Troyanok. Barrankako presidente Julian Claver ere pozik zegoen, "guztia primeran" atera zelako.
Barrankak 700 pertsonarendako muga jarri zuen eta tokia bete zen, proba ez lehiakorrak duen arrakastaren isla. Gehienek ibilbide luzea egin zuten (46 km, 939 metroko desnibel +). Santa Luziasakanetik Sorozarretara jotzen zuen, Ibarrea eta Ameztiatik Olazti eta Ziordiarena den Batueko iturrira heltzeko. Aizkibeldik Ziordira jaitsi eta Urdiainera heldu ziren bikerrak, eta hornidura gunean atseden hartu ondoren Iturmendiraino. Han banatzen zen bidea. Laburrekoek (36 km) zuzenean Urdiaingo igerilekuetara jo zuten eta handik helmugara, eta luzekoek eta ertainekoek (42 km) Iturmendiko basorantz jo zuten. Ertainekoak Urdiaingo igerilekuetara iritsi ziren eta luzekoak Intsusburu ingurura igo eta Bernoako galtzadatik jaitsi ziren, helmugara.