2022-2027 bideragarritasun planari argi berdea eman zioten Sunsundeguiko akziodunek joan den astelehenean. Enpresaren zuzendaritzaren esku daude akzioen %51 eta gainontzeko %49 150 langileen esku dago. Bideragarritasun plana onartzeko akziodunen bi heren behar ziren, eta %73ko babesarekin aurrera egin zuen. Cofidesek, Estatuko funtsak kudeatzen dituen sozietate publiko-pribatuak, Sunsundeguiren finantziazio eskaera onartu du eta 8,9 milioi euro emanen dizkio. Dirua Cofidesek kudeatzen duen COVID-19ak kaltetutako enpresak Birkapitalizatzeko Funtsaren (FONREC laburdura gaztelaniaz) Inbertsio Batzorde Teknikoak finantzaketa baimendu dio Sunsundeguiri, 4,5 milioi euroko partaidetza-mailegu baten eta 4,4 milioi euroko beste mailegu arrunt baten bidez.
Plan horren bidez, enpresa altsasuarraren helburuak dira “eskaera zorroak handitzea, karrozeria berriak eta etorkizunerako ereduak garatzea (elektrikoak barne), enplegua berreskuratzea, Europako beste merkatu batzuetara hedatzea, produktibitatea hobetzea, digitalizazioa eta lan eta ingurumen segurtasuna indartzea”. Hori guztia, “aldi baterako finantza laguntza publikoaren itzulketari aurre egiteko gai izateko eta enpresa kaudimenduna, iraunkorra eta etorkizuna duena izateko”.