Dermauko kuotak jabeei bueltatu dizkie udalak

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 11:29
Altsasu herri sarrera Olatzagutiatik etorrita, eta Dermau industrialdea. ARTXIBOA

Industrialdea garatu behar zuen udalak kooperazio sistemaren bidez, baina urbanizazioa egiteko kobratutako kuotak kobratzeko epea iraungia zegoela ebatzi du epaitegiak.

Nafarroako Auzitegi Gorenaren administrazioarekiko auzien 3. salak apirilaren 15eko 129/2021 epaia betetzeko Altsasuko Udalak aurrekontu aldaketa onartu zuen azken udal bilkuran. Ondorioz, 80.578,52 euro bueltatu dizkie epaitegietara jo zuten Dermauko 14 lurjaberi. 2012an udalak zegokien kuotak ordaintzea eskatu zien jabeei. Haiek Nafarroako Administrazio Auzitegira jo zuten baina atzera bota zituen haien helegiteak. Lurjabeek Nafarroako Auzitegi Gorenera jo zuten ondoren, eta hark arrazoia eman zien, urbanizazio kuotak ordaintzeko lau urteko epea baitago eta kasu horretan hura pasea baitzegoen. Udala ordaindutako kuotak itzultzera eta interesak ordaintzera behartu du epaiak.  

Bestalde, udalaren katastroaren mantentzeaz arduratzen den Tracasa enpresa publikoa arduratuko da herriko balorazio ponentzia egiteaz. Balorazio Ponentziaren helburua da herrian dauden ondasun higiezinak baloratzeko irizpideak ezartzea. Agiri horiek bost urteko indarraldia dute eta Altsasukoa aurten iraungi behar zenez, hura berritzeko pausoak eman ditu udalak. Tracasa enpresak lanagatik 6.414,31 euro jasoko ditu. Balorazio ponentziaren berrikusketa aurten despedituko balute, urte berriarekin batera sartuko litzateke indarrean. Eta heldu den urtean balitz, indarrean 2024an sartuko litzateke. 

Erlazionatuak