Jai Batzordea ez dago ados karpa jartzeko udalak ezarri duen prozedurarekin

Guaixe 2022ko uzt. 27a, 11:00

Altsasuarrak festetan karpara sartzen. ARTXIBOA

Karpa jartzeko eskaera bat baino gehiago badago hura zozketa bidez emateak "festak antolatzeko garaian ziurgabetasunean uzten gaitu". Festak modu irekian eta parte hartze aktiboan jarduteko gogoa duen orori antolakuntza ereduaren alde egin du batzordeak. 

Festetan Zubeztia plazan karpa jartzea interesa duten pertsona, kolektibo eta elkarteek gaur arte dute aukera udaletxean eskaera aurkezteko. Udalak jakinarazi duenez, eskaera bat baino gehiago baldin badaude, eskatzaileen artean zozketa eginda emanen du karpa jartzeko aukera. Altsasuko jai batzordea ez dago ados udalak aukeratutako prozedurarekin: "espazio publikoaren aukeraketa prozesuaren bitartez ustezko demokrazia irudia eman nahi du udalak, baina, benetan espazioarekiko lehia sustatzen ari da". Gaineratu dutenez, "zozketa bidezko metodologia horrek festak antolatzeko garaian ziurgabetasunean uzten gaitu". 

Zozketaren atzean "festen despolitizazio saiakera" ikusi du Altsasuko festa batzordeak. Azaldu dutenez, karpan lortutako diruaren zati bat aurten hiru kolektiborendako izatea nahi lukete: presoendako, Leioako campuseko gertakari batzuengatik auzipetuta dauden gazteendako eta Ikasle Abertzaleak-ek Gasteizen deitutako greba batean atxilotuak izan zirenendako. 

Jai batzordeak ez du egoki jo udalak karpari ezarritako itxiera ordutegia (astean zehar 02:00etan, asteburuan 05:00ak arte). "Festen hobetzea lortu beharrean, geure burua egitarau eskas bat eskaintzera zigortzen gaitu. Herrian barna garatzen den egitaraua karpara pasako da, bilatzen den festen garapena ezerezean utziz". Batzordekideen iritziz, udalaren erabakiak "udaletik kanpo festak antolatzeko gaitasuna ukatzea du helburu, eta bera izatea, aurrerantzean, festak antolatzeko gai den bakarra". 

Arlo ekonomikoaren bi adar aipatu dituzte ere. Batetik, "karpan parte hartzen duten eragileek haien urteko jarduna aurrera eraman ahal izateko ezinbesteko duten finantziazioa guztiz mugatuko da". Bestetik, "ordutegi horiek sarrerak mugatuko ditu eta eragin larriak ditu epe motzean: jai batzordea ekonomia blokeora eraman dezake". Batzordekideek azaldu dutenez, honakoak dira ordaindu beharrekoak: karpa jartzeko tasa, segurantza zibila eta fidantza "ikaragarriak", karparen alokairua, ura eta argia. Lortutako diruaren beste zati bat hurrengo urterako  gordetzen dute.