Josefina Arregi klinikak eta Altsasuko Udalak sustatutako Altsasu mugitzen da programan parte hartu dute Carmen eta Francisca Guerrero Ruedak eta Venancio Amillano Urdiainek. Venancio eta Francisca hasieratik daude programan, duela hiru urtetik. Izena eman aurretik Venancio igerian aritzen zen, paseatzen zen eta etxean egunero zintan ordubetez ibiltzen zen. Gainera, etxean hainbat gauza egiten ditu. ″Kiroldegiko neskak esan zidan: orain ikastaro hau eginen da. Igerilekua baino onuragarriagoa izanen da zuretako″. Izena eman zuen. ″Egia zen, a zer aldea!″ Programan parte hartu ondoren ″gimnasiokoa egin eta zintan ibiltzen naiz. Hobekuntza ikaragarria izan da″.
Franciscak oinetan eta belaunetan mina zuen. Alabak ″gimnasian″ izena ematea gomendatu zion, ″ona″ zelako, ″eta poz-pozik nago. Lehen, oinazeengatik, ezin nuen ezta ibili ere! Oinak lurrean jartzean, a zer minak!″ Ondorioz, ez zuen inolako ariketa fisikorik egiten, etxeko zereginak ez baziren. ″Orain ez dut maratoi baterako adina korrika egiten, baina askoz hobeto ibiltzen naiz″. Igogailurik gabe, bigarren pisuan bizi da. Lehen beldurrez ibiltzen zen; orain, majo. Horregatik, bere ingurukoei saioen onuraren berri ematen hasi zen.
Carmenek azaldu duenez, ″artrosia dut eta agerraldi izugarriak izaten ditut. Gaizki pasatzen dut″. Etxean, logeletara igotzeko, batzuetan lau hanketan igo izan zela aitortu du. ″Ezin nuen. Eta inori ez nion ezer sekula esaten″. Egoera hartan ez zuen ariketa bat bera egiten, etxeko lanak, eta kitto. Ahizpak aholkatu zion ″gimnasiara″ joateko, ″beharbada on eginen dizu″. Eta Franciscak Carmenen izena eman zuen. ″Egia da, on egin dit. Aldea izugarria da. Poz-pozik nago″. Bere buruan sumatu duen onurengatik adineko jendea ariketa fisikoko programetan izena ematera animatu du.
Programaren ondorioz, bi ahizpek autonomia irabazi dute. ″Lehen ez nintzen paseatzera joaten, ezin nuelako pauso bat bera eman″, ziurtatu du Franciscak. Gimnasiak ″Donostia erdia ibiltzeko″ aukera eman dio, ″eta oinek ez didate minik ematen; lehen, ordea, bai″. Carmenek azaldu duenez, ″etxeko eskailerak igo eta jaistean izugarri nekatzen nintzen, ezin nuen. Gainera, belaun bat asko puztu zitzaidan. Medikuak esan zidan artrosia zela. Hiru infiltrazio egin zizkidaten. Ezin zuten gehiago egin. Orain ezkerraldean eragiten dit, eta agerraldia dagoenean gaizki pasatzen dut″. Botikak hartzen ditu, ″baina gimnasiara noanetik oso ongi nago, eskailerak igo eta jaisten ez naiz nekatzen. Jende larri askori esan diot izena emateko, izugarri ona dela″. Hobe sentitzean ″beste poz bat duzu″, ziurtatu dute hirurek. ″Ezin ibili egotetik, mantso eta gaizki ibiltzetik, ongi ibiltzera pasatzen zara″, argitu du Venanciok.
Aurreikuspenak
Venancio aurreneko egunean ″hobetzeko″ asmoz joan zen, ″kiroldegikoak hori esan zidalako. Zeren baldarrago zabiltzanean, hobetzeko edozer bilatzen duzu″. Begiraleari lehendabiziko saioa despeditu ondoren zera esan zion: ″etxera alaiago joaten naiz. Eta poztu zen″. Beso bat ezin zuen asko jaso, eta, esaterako, txaketa jartzeko zailtasuna zen hori. Jada ez da horrela. Francisca lehen egunean ″haserre″ joan zen, ″gimnasia sekula egin ez nuelako, eta alabak sartu ninduelako. Baina joan izanaz eta segitzeaz poz-pozik nago″. Lehen egunean ″pozik″ joan zen Carmen, ahizpak onurak besterik aipatu ez baitzizkion.
Gaztetxoko ondoko gimnasioan egiten dute ariketa, astelehen eta asteazkenetan, 90 minutuko saioak dira, ″konturatu gabe pasatzen da″, ziurtatu du Venanciok. Saioetan honakoak egiten dituzte: oinekin ariketak: soina aldeetara mugitu; besoak bular parean gurutzatu, kuxkurtu eta ezer ikutu gabe zutitzea 10 aldiko hiru saio; lepoa mugitu; oin bat bestearen aurrean jarriz ibiltzea duten egonkortasuna ikusteko; puxikak kolpatuz punta batetik bestera ibili; hanketan pisuak jarri eta 10 aldiz jasotzea, lehenik ezkerra eta ondoren eskuina; oin puntetan ibili… ″Azken finean, gorputz mugimenduak lantzen ditugu; besoak, hankak eta soina″, laburbildu du Venanciok. ″Gihar guztiak mugitzen ditugu, eta erreflexuak lantzen ditugu″, berretsi du Franciscak, ″ondoren ez dugu giharretako minik″. Begiralea, Ander Galarza, ″bikaina da. Gu guztioz asko arduratzen da. Azalpenak oso ongi ematen ditu. Niri errieta gutxi egin dit. Batzuetan gauzak zuzendu dizkit, besterik ez. Mutilarekin poz-pozik nago″, nabarmendu Carmenek.
Programak 24 plaza ditu eta bi txandatan egiten dira. Hasieran 21 emakumezko eta 3 gizonezko zeuden, baina bi gizonezkok utzi zuten eta Venancio izan da jarraitu duen bakarra. Emakumezkoek izena gehiago zergatik ematen duten eta gizonezkoek zergatik ez galdetuta, ″ez dakit, gizonezkoek pentsatuko dute: ni ongi nago. Baina, ez dakit″, esan du Venanciok. Carmenek ustez, ″lagunak kafea hartzera elkartzen garenez, han esaten dugu zein gustura joaten garen gimnasiara eta zein onuragarri zaigun. Horregatik izan liteke?″
Garagarrilean despeditu zuten ikasturtea eta ordutik ez dira gelditu. ″Nik etxean ariketak egiten segitu dut. Baina ez da gauza bera, han 1,5 kiloko pisuak ditugu, eta etxean ez dugu halakorik. Baina baloia eta puxika bai eta haiekin ariketak egiten ditut″, azaldu du Carmenek. ″Opor″ garaian ″betiko martxarekin″ segitu du Venanciok. Eta Francisca ″Donostian barna asko ibili″ da.
Beste pauso bat
Josefina Arregi klinikako medikuak bitan izan dituzte bisitan ikasturtean zehar. Eta bukaeran jubilatuen elkartera deitu zituzten, eta bi adituren aurrean denetariko probak egin zituzten. ″Guztia apuntatzen zuten″. Hirurak gainditu zituzten. ″Ez ziguten gimnasia begirale diplomarik eman″, esan du umoretsu Franciscak. Hiruak ikasturte honetan kiroldegian ariko dira. Sara Salazar Romo Altsasuko Udaleko kirol teknikariak azaldu duenez, ″programaren jarraipena da. Gauza bera eginen da: indarra eta mugikortasuna landu. Baina pixka bat gehiago eginen dute″. Festen ondoren hasiko dira kiroldegian. Bitartean haiek utzitako tokiak betetzeko hiru ezagunek dagoeneko izena eman dutela jakinarazi du Franciscak.
Haien eskarmentua kontuan izanik, izena emateko zalantza dutenei ″animatzeko eta joateko″ aholkatu dio Carmenek, ″asko hobetzen baita″. Venanciok aitortu duenez, ″egun bakarrean ez da aldaketarik nabaritzen. Hasieran zerbait nabari duzu. Pixka bat itxaron, hasieran kostatzen delako, baina denbora pasatzen da eta askoz hobeto zaude″. Franciscaren iritziz, ″gimnasian izena ematea egin daitekeen gauzarik onena da. Nik ez nuen batere gogoko, baina, ondoren, egunerokoan asko laguntzen du″.
Izen ematea
Ariketa fisikoaren bidez autonomia sustatzeko eta mendetasuna prebenitzeko programa da Altsasu mugitzen da. Ariketak Josefina Arregi klinikako adituek gidatzen dituzte. Programa 70 urte baino gehiago dituztenei zuzenduta dago. Saioak irailaren 19tik abenduaren 21era arte izanen dira, astelehen eta asteazkenetan. Bi talde izanen dira: 10:00etatik 11:15era eta 11:30etik 12:45era. Izena ematen dutenen hasierako balorazioa klinikako profesionalek eginen dute irailaren 7an eta 12an.
Ikasturteko berritasuna ur terapia da. Uraren propietateak eta tratamendurako teknika eta esku hartze espezifikoak konbinatzen ditu helburu terapeutikoa lortzeko, beti ere, autonomia sustatzeko eta mendetasuna prebenitzeko. Klinikako adituek izena eman dutenen hasierako balorazioa irailaren 8an eta 12an eginen dute. Saioak irailaren 19tik abenduaren 23ra arte izanen dira, astelehen eta ostiraletan, 12:15etik 13:00etara, Zelandiko igerilekuan. Zortzi plaza daude.
Izen ematea irailaren 10era arte dago zabalik. Horretarako, honako telefonoetako batera hots egin daiteke: Altsasuko Udaleko 948 012 012 edo 948 468 343 telefonoetara hots egin, bestela, Josefina Arregi klinikara 948 563 850 edota Oinarrizko Gizarte Zerbitzura 948 467 662. Matrikula norberaren errentaren arabera ordaindu beharko da.