La Encinaren kultur astea eta urteurren ospakizuna

Guaixe 2022ko ira. 29a, 12:42

Brotes de Encina dantza taldearen emanaldia.

Maria Pinto Balsera idazle altsasuarraren pregoiak hasiera eman zion La Encina Extremadurako kultur zentroaren kultur asteari.

Hogei urte bete ditu La Encinak, Extremadurako kultur zentro altsasuarrak. Urtero antolatzen duen kultur astea baliatu du urteurrena ospatzeko. Ostiralean Maria Pinto Balsera idazle altsasuarrak ireki zuen kultur astea. Pintok pregoian bere bizitzaren pasarteak eta bizipenak gogorarazi zituen. Horiek Extremadura, Altsasu eta Gasteiz artean kokatu zituen. Aitortu zuen ohorea zela herrian kultur asteari hasiera ematea. 

Hitzartzearen ondoren, zentroko zuzendaritzako kideek urteurreneko ttattarra eta arte baten eskultura oparitu zioten. Idazleak, berriz, Una vida entre letras liburuaren ale bat oparitu zion elkarteari. Pinto lekuko zela Nagore Gallardo eta Oihana Baltasar kultur asteko ohorezko damak izendatu zituzten. Beraiek eta beste bi gaztek Brotes de Encina dantza taldea osatzen dute. Jesus Cidoncha Zambrano irakaslearekin Extremadurako dantzak dantzatzen dituzte. Haien artearen erakustaldia egin zuten auzatearen aurretik. Larunbateko bazkidearen egunean mahaiaren bueltan 70 bat pertsona elkartu ziren. Bazkideen urteurreneko ttattarra jaso zuten, eta bazkide beteranoek, aitortza. Domekan, egun guztian zehar, elkarteari buruzko bideo emanaldia eta erakusketa izan ziren ikusgai. Jan-edanak ere ez ziren faltatu. 

Erlazionatuak