Mendizaletasunaren alfonbra gorria

Guaixe 2022ko urr. 11a, 14:10

Urriaren 14an, ostiralean, Euskal Mendizale Federazioak eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Euskal Mendizaletasunaren Gala eginen dute Iortia kultur gunean. 

Altsasuko ferien barruan, urriaren 14an, ostirala, 19:00etatik aurrera, Euskal Mendizaletasunaren XXVI. Gala izanen da Iortia kultur guneko areto nagusian. Euskal Mendizale Federazioak, Altsasuko Mendigoizaleekin elkarlanean, antolatu du ekitaldia. Galara joateko sarrera doanekoa izanen da, baina gonbidapena hartu behar da Iortia kultur gunearen webgunean edo txarteldegian. 

Ekitaldiaren nondik norakoak: aurkezpena eta Sakanari buruzko bideo baten proiekzioa, Javier Ollo Altsasuko alkatearen agurra, Euskal Mendizale Federazioaren lehendakariaren agurra eta sari banaketa eta Txumarrari omenaldia, Erkudengo Ama Abesbatzaren emanaldia, Axio Aranburu eta Joxemi Larrea Sakanako mendizaleei omenaldia, Tarima Beltzaren emanaldia, Pyrenaycaren agurra eta bideoa eta sari banaketa, Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako talde baten emanaldia eta agurra izanen dira galan.