Iñaki Gasco

"Musika nire parte da"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 1a, 14:01

Iñaki Gasco Claver gitarrista kontzertu batean. UTZITAKOA

Iñaki Gasco Claver altsasuarrak txikitatik jaso du musikarekiko maitasuna, eta gaur egun The Guilty Brigade, Deserrite eta Los del Rayo taldeko gitarrajolea da. 

Musikan "betidanik" egon dela esan du Iñaki Gasco Claver gitarrajoleak. Bere aitaren "errua" izan daiteke, hainbat taldetan jo izan duelako eta txikitatik "gauzak" erakusten eta irakasten joan delako. Hiru taldetako gitarrista da Gasco: Deserrite, Los del Rayo eta The Guilty Brigade. Urriaren 29an, larunbatean, The Guilty Brigaderekin eta Los del Rayorekin Altsasuko Gaztetxean aritu zen. 

Noiz hasi zinen musika ikasten?
Egia esan ez dut gogoratzen, baina betidanik. Aita betidanik ibili da talde desberdinetan eta txikitatik gauzak erakutsi eta irakatsi dizkit. Musika eskolan bateria ikasten ibili nintzen, baina musika gozatzeko ikusten nuen, eta, azkenean, nahi ez nituen gauzak jotzera eta ikastera behartzen ninduten, eta utzi egin nuen. Nire kabuz jarraitu nuen.

Bateria ikastetik gitarra jotzera. Zergatik?
Aitak gitarra jotzen du, nahiz eta gaur egun Los del Rayo taldean baxua jotzen duen. Gitarrak eta musika tresna desberdinak eskura izan ditut. Bestetik, betidanik gustatu izan zaizkit Slash, Angus edo Bonamassa bezalako gitarjoleak, eta zerikusiren bat izan zutela ziur nago. Bateria ere jotzen dut, nire lehen musika tresna bateria izan zen. Etorkizun batean bateriajole gisa talde batean egotea gustatuko litzaidake; etorkizun urrun batean.

Noiz erabaki zenuen modu serioagoan hartzea?
Nire bizitzaren parte da; ez diot nire buruari inoiz esan "serioago hartu behar dut". Beti gauza berriak ikasten ibili naiz, baita musika asko entzuten eta talde desberdinetatik ikasten ere. Egunero jotzen dut gitarra, eta ez dut inposizio bat bezala ikusten. Disfrutatzen dudalako jotzen dut.

Zein taldetan zaude?
Gaur egun hiru taldetan nago: The Guilty Brigade, Deserrite eta Los del Rayo. Egia da azken aldian Los del Rayo taldeari beste biei baino arreta gutxiago eskaintzen diodala denbora kontuengatik. Azkenean, denbora nola banatu behar dudan erabaki behar dut, eta The Guilty Brigaderekin ia astebururo kontzertuak ditugunez, eta izen ezagunena daukan taldea denez, denbora hari eskaintzen diot.

Eta nola uztartzen duzu? Zaila da?
Batzuetan bai. Baina The Guilty Brigaden sartu nintzenean, beste taldetako taldekideei esan nien lehen gauza izan zen nire lehentasuna izango zela. Beraz, Guiltyren daten arabera eta kontzertuen arabera beste biekin moldatzen saiatzen naiz. Orokorrean ez dira kontzertuak zapaltzen. Estilo aldetik Deserriten eta Los del Rayon rock and roll-a egiten dugu, eta The Guilty Brigaden, berriz, punk-rocka.

Zer baldintza bete behar dira talde batean sartzeko?

"Bizimodu bat dela ulertu behar da; oholtzaren gainean zaudenean merezi du"

Gogoa izatea. Nik uste hori dela behar den bakarra. Lan egitea eta taldearekin konpromiso handia izatea. Azkenean, gauza asko alde batera utzi behar dituzu, eta are gehiago, taldea, goiko mailan dagoenean. Ezin zara astebururo herrian atera edo astean zehar, nire kasuan, oso zaila egiten zait arratsaldeetan tarteren bat ateratzea. Bizimodu bat da, eta horrela ulertu behar da. Oholtzaren gainean zaudenean merezi du esfortzu eta lan guztiak.

Nola hasi zinen taldeetan?
Garabatos taldearekin hasi nintzen. Bertsioak egiten genituen eta disko bat kaleratu genuen ere. Oso gazteak ginen eta taldea utzi behar izan genuen. Bestetik, betidanik gustatu izan zait kontzertuen eta musika taldeen mundua. Hau ere aitaren errua izan da, berak txikitatik esaten zidan, "ea noiz sortzen duzun talderen bat". Honetaz gain, beti ibili naiz Los del Rayo taldearen lokalean bueltaka eta haiekin jotzen.

Nola dator udazken-negua?

"Kontzertu asko ditugu; diskoaren aurkezpenaren bira Altsasun hasi dugu"

Orain kontzertu asko ditugu, hainbat aretotan. Gainera, The Guilty Brigaderekin X. urteurrenerako lau abestiz osatutako EP bat egin dugunez, aurkezpen kontzertu dezente ditugu. Urriaren 29an, Altsasuko Gaztetxean, aurkezpen kontzertuarekin hasi eta ondoren leku askotan aurkeztuko dugu. Horien artean, adibidez, Non Serviumekin batera, abenduaren 3an, Gasteizen.

Etorkizuna?
Nork daki, ziur oholtza baten gainean dela.

Zenbat gitarra dituzu?
Eta izatea gustatuko litzaizukeena? Sei bat ditut. 1976ko greco customa da orain gehien gogoko dudana. Orain diot, behin gitarraren munduan sartzen zarenean, hainbat gitarra probatzeko sentimendu bat azaleratzen zaizulako. Orain buruan SG bat daukat. Nork daki. Nire ametsetako gitarra 1959 Gibson les paul standard bat da.

Erlazionatuak

The Guilty Brigaderen urteurrena

Erkuden Ruiz Barroso 2022 aza 01 Altsasu