The Guilty Brigaderen urteurrena

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 1a, 14:09

The Guilty Brigade taldea. UTZITAKOA

Duela hamar urte sortu zuten Atarrabian The Guilty Brigade taldea, eta urriaren 29an diskoaren aurkezpenaren biraren hasierako kontzertua egin zuen Altsasuko Gaztetxean. 

2012ko udan, Atarrabiako Gaztetxean, Amerikako Estatu Batuetako, Britain Handiko eta abarreko doinuak gustuko zituzten gazte batzuk bildu ziren. Helburua amankomunean gustuko genituen talde horien antzeko musika sortzea zen. Horrela sortu zen, duela hamar urte, The Guilty Brigade. "Ordutik gaur eguneraino asko aldatu da egoera, partaideak eta abar". Gartxot Guilty taldeko abeslaria da eta Nestor Aranguren bateriarekin, Xabi Basstard baxu-jolea eta koroen abeslariarekin eta Iñaki Gasco gitarra-jole eta koro abeslariarekin X. urteurren biraren hasierako kontzertua eskaini zuen urriaren 29an, Altsasuko Gaztetxean. Queroseno diskoa aurkeztuko dute ere.

The Guilty Brigaderen musika estiloaz galdetuta, "zaila da holako galdera bat erantzutea; hamar urte hauetan zehar taldekideak, esperientziak, influentziak, bizipenak eta abar berritu egin dira, eta horrekin batera sortzen dugun musika ere". Rock and roll kontzeptuarekin lotuta daude: "Musikaz gain, bizitzeko modu bat bezala ulertzen dugulako". Abestiak egiteko prozesua ere "oso aldakorra" dela esan du abeslariak. "Batzuetan etxetik eramaten ditugu ideiak, bestetan lokalean bertan sortzen ditugu...". Kantaren garapena lokalean egiten dute, eta letrak berak egiten ditu. Oholtzara eramaten dituztenean, "intentsitate handiko" zuzenekoak egiten dituztela esan du.

"Etorkizuna? Hurrengo kontzertua. Errepidea erretzen jarraitzea da espero dugun bakarra".

Erlazionatuak

"Musika nire parte da"

Erkuden Ruiz Barroso 2022 aza 01 Altsasu