Astekaria

Dorretxearen hormetatik sortutako istorioa

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 8a, 12:33

Mari Romero idazlea liburu berriarekin. UTZITAKOA

Mari Romero idazleak 'Etxetorre Goikoa. Donde no existe el olvido' laugarren liburua kaleratu du, eta Iortia kultur gunean aurkeztuko du. Memoria historikoa eta homosexualitatea "garai zail horietan" dira gai nagusiak.

"Senarraren familiak dorretxe bat du, zahartuta zegoen, baina 1483. urtekoa da, Kolon Amerikara ailegatu baino lehenagokoa". Duela gutxi senarraren gurasoak hil ziren, "eta alaba gazteenak dorretxea berritzea erabaki zuen". Zaharberritze lanekin hasi zenean Mari Romero idazlea etxe historikoan sartu zen eta "holako paretak eta dauzkan landutako zutabeak" ikusita buruari bueltak ematen hasi zen. "Hasi nintzen pentsatzen zein pertsona biziko ziren bertan. Giltza zahar bat aurkitu nuen ere eta lagun batek informazio bilatu zuen". Aurkikuntza eta pentsamendu horietatik tiraka Etxetorre Goikoa. Donde no existe el olvido eleberria sortu du. Azaroaren 9an, asteazkena, 18:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean liburuaren aurkezpena egingo du, eta liburua Arkatz liburudendan salgai dago.

Familiaren etxedorrean oinarrituta fikziozko istorio bat sortu du Romerok. Protagonista Garazi arkitektoa eta ekintzailea da. "Bat-batean etxedorre bat berritzea proposatzen diote eta lanarekin hasten denean bere familiarekin, bere amonarekin, zerikusia duela ikusten du eta ikertzen hasten da": Misterioa eta intriga duela azaldu du idazleak. "Ez da geldituko egia jakin arte, bere bihotzean eta buruan ahanzturarako lekurik ez duelako".

Etxetorre Goikoa. Donde no existe el olvido eleberrian bi gai nagusi agertzen dira: Memoria historikoa eta desagertuak eta homosexualitatea gerra zibilaren eta gerra osteko garaietan: "Bizitza zein zaila zen eta desagertuen familiak nola bizi ziren eta hori homosexualitatearekin garai zail horietan lotu dut". Eleberria, beraz, bi garaietan oinarritzen da; alde batetik, 1936ko estatu kolpearen ondorengo gerran eta gerraostean eta, bestetik, orainaldian. "Kapituluak dihoaz garai batetik bestera. Pertsonaiak ateratzen joaten dira eta trama garatzen joaten da". Sentimenduz betetako istorioa dela esan du Romerok, "mimo handiarekin tratatzen ditut garai horiek". Romeroren familian ere desagertutako senide bat egon zela azaldu du idazleak, "amaren lehengusua zen eta 16 urterekin desagertu zen. Ez dute inoiz aurkitu".

Memoria

"Aitari zor diot idazteko grin hau, eta aurkezpena berari omenaldia ere izango da"

"Duela gutxi hil da nire aita eta Legazpin omenaldi txiki bat egin genion. Berari zor diot idazteko grina hau". Poesiak idazten zituen Romeroren aitak, "eta berak ez du inoiz eduki bere momentua; horregatik Altsasuko aurkezpena ere omenaldi txiki bat izango da". Idazlearekin batera Iosu Imaz Prim Altsasu Memoria taldeko kidea egongo da ere. "La casa de la buhardilla argitaratu ondoren Altsasuko auziko gertaerak gertatu zirenean mahai inguru bat egin zuten eta bertan egon nintzen berarekin hitz egiten, harremana dugu eta ea prest dagoen esan nion". Aurkezpen lanetan Nati Botant Romeroren laguna egongo da ere.

Etxetorre Goikoa. Donde no existe el olvido eleberriaren pizgarria Olaberria senarraren familiaren etxearen berritzea izan zen, baina Romerok aitortu duenez, "batzuetan ezin dut azaldu nola ateratzen zaizkidan istorioak. Bat-batean gauza batekin hasi eta beste batera joaten naiz". Errealitatean existitzen den dorretxe batean oinarrituta dago, baina istorioa idazlearena da; "ez du etxedorreak zeukan istorioarekin zerikusirik". Pertsonaiak fiktizioak dira, baina deskribatutako paisaiak eta ingurua Legazpikoak dira, "herriaren izena ez dut aipatzen, baina agertzen da". Donostia aipatzen da, baita Altsasuko zonalde batzuk ere, "ikerketaren barruan daudenean, besteak beste, Urbasako Ubabako begiratokira edo Otsaportillora joaten dira".

"Euskal Herriko ohitura zahar batzuk ere atera nahi nituen; nire Euskal Herriari omenadi bat ere bada". Romero Extremaduran jaio zen, "eta asko maita dut", eta hamar urtez Altsasun bizi izan zen, "eta herri maite-maitea da ere, aurreko egunean egunpasa egon nintzen", baina galdetzen badiote legazpiarra da.

Erlazionatuak