Sexu jazarpenen salaketa kalean

Guaixe 2022ko aza. 9a, 10:45

Sexu jazarpena salatzeko egindako bilkura. @Itaia_Sakana

Itaiak deituta kontzentrazioa egin zen ostiralean eta jazarriak izan ziren bi emakumezkoei babes osoa adierazi eta erasoarekiko gaitzespena adierazi zuten.

Bi emakumezkok gizonezko sakandar batek sexu jazarpena egin diela salatu dute. Erasoak gaitzetsi eta emakumezkoei babesa adierazteko makina bat pertsonak kontzentrazioa egin zuten Altsasun ostiralean. Sakanako Itaiak akaberan adierazi zuenez, ″emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogia dira bizi dugun errealitate sozialean eta horrela berresten du azken kasu honek, egunero beste hainbestek″. Itaiako kideen iritziz, ″burgesiaren boterea mantentzeko funtzioa duen ideologia matxistak, biolentzia matxistaren testuingurua du ondorio eta egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeok zapalkuntza forma anitzak pairatzea″. 

Gaineratu zutenez, ″gizona gailentasun″ egoeran dago gizartean eta , ondorioz, ″emakume langileon egoera zaurgarriaz baliatuz, gure aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituzte″. Itaiakoek gaztigatu zutenez, ″gero eta sexualizatuagoa den gizarte honetan garapen teknologikoak indarkeria berriak sortu ditu, besteak beste eraso birtualen areagotzea″. 

Horregatik, ″gero eta normalizatuagoa dagoen indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak garatzea ezinbesteko lana dugu, emakume langileon aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatuz eta egoera horietatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko, sozial eta politikoak garatuz″. Itaiako kideek azpimarratu zutenez, ″indarkeria matxista bere forma guztietan onartezina da eta indarkeria forma guztiei aurre egiteko antolakuntza beharrezkoa da″.

Erlazionatuak