Energia komunitateak sustatzeko nahiak hitzaldia ekarri du

Guaixe 2022ko aza. 28a, 13:00

Lizarragako mikro sareko eguzki plakak Beriain azpian. ARTXIBOA

Nola eratu eta nola gauzatzen den energia komunitate bat. Hori azaltzeko hitzaldia antolatu du altsasuar talde batek, herrian halakoak sortzeko gogoa dutelako. Jakintza jasota, energia komunitateak eratzeko pausoak ematen hasi nahiko lukete. Non eta nola eginen liratekeen prest daudenek erabakiko lukete.

Energia Komunitateen Sareko kooperatibako presidente Rafa Larreinak eta Mendi Haran Ur Patzuergoko presidente Jose Mari Martiodak Energia komunitateei buruzko hitzaldia emanen dute azaroaren 29an, asteartea, 19:00etan, Altsasuko Iorti akultur gunean.  ″Zer energia komunitate mota dauden eta zein lege egitura har dezaketen azalduko du Larrainak. Martiodak, berriz, hainbat energia komunitate sortu ditu eta bere eskarmentuaren berri emanen du″. Hala jakinarazi digu hitzaldiko aurkezleak, Raul Agirre Siles altsasuarrak. Bera eta beste zenbait herritarrek energia komunitateekiko interesa dute eta haiei buruzko aurkezpena egitea erabaki zuten.

Energia komunitatea ″elektrizitatea sortu eta kilowatta merkeago ateratzea baino askoz gehiago da. Hainbat arlo hartzen ditu: ingurumena, gizartea, pertsonen ingurumen eta gizarte konpromisoak, zero kilometroa, jasangarritasuna, tokiko enpresak laguntzea…″, nabarmendu du Agirrek. Eta gaineratu duenez, ″jendeak egin nahi duenaren eta hartu nahi duen konpromisoaren arabera haziko litzateke. Tresna horrekin arlo ekonomikoa gure esku gelditzen da eta onurak gizartearen aldeko jardueratan inbertitu daitezke″. 

Zuzentaraua
Europako Batasunaren 2018ko zuzentarauaren arabera 2050 urterako kontinentean sortzen den energiaren %48 iturri berriztagarrietakoa izan behar du, ″eta, zehazki, energia komunitateetatik. Berriztagarriei bultzada emateaz aparte, Europako Batasunaren helburuetako bat da sareen bitartez egiten ari den energiaren joan-etorria murriztea. Energia banaketa horretan galera izugarriak daude, eta, logikoki, ahalik eta eraginkorrenak izan nahi badugu, goi tentsioko sareetan ahalik eta energia trafiko gutxien egotea da. Eguzki plaka edo haize errota poligono handiak egitearena, ez. Formatu eta potentzia txikikoak izanen dira, beti ere, sortutako energia bertan kontsumitzeko″. 

Agirrek azaldu duenez, ″filosofia horren arabera energia kontsumitu behar den tokian sortzen da, edo ahalik eta erradio txikienean kontsumitu. Gaur egun 1.000 metroko erradioa onartzen da, baina 2.000 metrora arte zabaltzeko ikerketa abian da″. Baina, betiere, energia iturri berriztagarriak izan behar dira energia komunitate baten oinarrian daudenak: haizea, ura, biomasa, geotermia, biogasa… Pertsonek autokontsumorako sortzen dituzte energia komunitateak. 

Agirrek, gaineratu duenez, zuzentarauak toki erakundeei gomendatzen die energia komunitateei babesa eta laguntza ematea. ″Esaterako, martxan jarri nahi duenak obra baimena udaletxean eskatuko duelako. Gainera, toki erakundeak energia komunitatearen parte izan daitezke plakak jartzeko udal eraikinen teilatuak utziz, biomasa hartzeko erraztasunak emanez… komunitateko pertsonek erabili ahal izateko. Zeren gerta daiteke zure eraikinean halako azpiegiturarik jarri ezin izatea, baina parean dagoen, esaterako, kiroldegian edo komunitatean bai. Horietan sortzen den energiaz baliatzeko bat egin dezake aukerarik ez duenak ere. Beti ere, mila metroko erradioaren barruan badaude″. 

Labur 
Energia komunitate bat sortu eta bere burua hornitzen du. Baina kasu batzuetan behar baino argindar gehiago sortzen dute eta, halakoetan, edo galtzen utzi edo elektrizitate sarera saldu dezake. Kooperatiba forma hartzen dute energia komunitate askok, besteak beste, energia operadore lizentzia eskuratu eta elektrizitatea Red Electrica Españolaren sarera sartzeko, ″bestela ezin da″. Hala ere, komunitate batek beste batengandik argindarra eskuratzeko aukera ere badagoela gaztigatu du altsasuarrak. ″Halako energia joan-etorrian ez dago sarearen bidesaririk, ez dago BEZik ez ezer. Kilowat orduko ezarritako prezioa besterik ez da ordaintzen halakoetan. Horretarako urtero tarifa bat zehazten da″. 

Beraien komunitatean energia premia handiagoa balute, gainontzeko komunitateei soberan duten energia eska diezaiekete. Eta hori nahiko ez balitz komunitateak elkartu eta kooperatiba sortzeko aukera dagoela azaldu du Agirrek. ″Irabazi asmorik gabeko kooperatibak dira, eta, irabazirik balego, gizartearen onurarako proiektuetara bideratzen dira. Hori kooperatibak berak markatuko du″. 

Energia komunitateen argindar instalakuntzek sortutako elektrizitatea kontsumitzen ez bada, gordetzeko modu bat bateria birtualak direla azaldu du Agirrek. ″Horrek sortu duzun energia sortze momentutik aparte kontsumitzeko aukera ematen du. Ez da fisikoa. Esanen dizu zure azpiegituran ordu batean 10 kilowatt sortu dituzula eta kopuru hori baliatzeko preferentzia izanen duzu beti, eguneko edozein ordutan, eta sareak eman beharko dizu″. Agirrek azpimarratu duenez, ″energia komunitateen kudeaketa gizarteak egiten du, ez dadila energiaren salerosketa horretaz ez dadila entitate pribaturik onuradun izan″. 

Sakanako Estrategia Planaren ardatzetako bat energiarena da, horren jakitun da altsasuar taldea. ″Hitzaldia abiapuntua da, zerbaitean mamitzen bada Sakanako Garapen Agentziarengana joko du. Hau elkarlan kontua da″. 

Erlazionatuak