La Encinak txerri festa hartu zuen

Guaixe 2023ko ots. 3a, 09:57

Lantaldean egin zituzten hestekiak.

Kultur elkarteak bere urteroko jarduera berreskuratuko du aurten.

Ogi apurrak gosaldu ondoren, La Encina Extremadura kultur elkartean lanean hasi ziren larunbat goizean. Garbi 115 kilo zituen txerri bat zatitzen hasi ziren. Teodoro Perez Camararen esanetara aritu ziren lan hori egiten. Azpizuna, hirugiharra, pernilak eta beste baztertu eta kameratan gorde zituzten. Beste zati batzuk bazkarirako erabili zituzten, baita hesteak egiteko ere. Maruja Gallardoren esanetara txorizoak, saltxitxoiak eta odolkiak egin zituzten. Hestekiak 15 egun kameran izanen dituzte, eta ondoren izozkailuan gordeko dituzte. 

Elkartekideez aparte, Gasteiz eta Iruñeko Extremadurako kultur etxeetako kideek ere parte hartu zuten zatikatzean eta hestekiak egiten. Soberan gelditu zen txitxikia prestatu eta bazkaldu aurretik dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Baita txitxi-burruntziak ere. Bazkaltzeko eltzeko-zopa, txitxirioak sakramentuekin eta Extremadurako gozoak dastatu zituzten bazkarian. Lara Iglesias Vela aritu zen sukaldarien buru gisa. Elkartearen edukiera guztia bete zuten 90 pertsonak. Ondoren, hizketaldi eta kantaldiak izan ziren. 

Ateak zabalik
Jesus Cidoncha Zambranok azaldu zuenez, “joan den urtean gauza gutxi antolatu nituen. Pandemiarena bukatuta, gure urteroko egitaraura bueltatuko gara aurten”. Larunbateko txerri hiltzearena egin ondoren, hurrengo hitzordua martxoan izanen da: dardo txapelketa. Horretaz aparte, “Nafarroako erregio etxeen federazioa lagunduko dugu, esaterako, sanferminetan. Herria ere lagunduko dugu. Ihoteetan torradak eginen ditugu eta festetako hamabitakoa emanen ditugu. Gosari horretan eskaintzen ditugun hestekiak gaur egindakoen zati bat da. Beste zati bat Guadalupeko Amaren egunean eskainiko dugu”. Bestalde, gazteek osatutako Brotes de Encina dantza taldeak entseguekin segitzen du. 

La Encina elkarteak gaur egun 35 bazkide ditu. “Batzuek sartzeko eskaera egin dute. Eta nahi duten guztiek aukera dute. Bazkide egiteko ez da sarrerarik ordaindu behar, hilabeteko kuota ordaintzen da soilik”, argitu du Cidonchak. 

Erlazionatuak