Pilota Pablo Lopez de Goikoetxeak bezainbat ezagutzen duenik gutxi izango dira. Altsasuarrak 50 urte baino gehiago eman ditu pilota munduan lanean, Altsasu Kirol Elkartean eta Nafarroako Pilota Federazioan denetariko karguak beteaz. Nafarroako selekzioko hautatzailea eta material arduraduna izana da. 18 urtetik 60 urtera arte Correoseko postari izandakoak aurten 81 urte beteko ditu. Nafarroako Gazteen Mailako Lau eta Erdia, Guillermo Mazo Memoriala, duela 25 urte sortu zuen eta bere ardura izaten jarraitzen du. Horregatik abenduaren 3an Lekunberrin omendu zuten.
Pablo Lopez de Goikoetxea pilotari lotutako gizona da, baina bera ez da sekula pilotaria izan. "Gehienez, puntura jokatzen zuen, baina gutxi. Hori bai, txikitatik pilota partida guztietara joaten nintzen. Sekulako afizioa dut" aitortzen du. Horregatik jaso zuen 1968an Sociedad Deportiva Alsasua-Altsasu Kirol Elkarte sortu berrian pilotaren ardura hartzeko deia. "Pilota sustatzea eskatu zidaten. 1968. urtean hasi nintzen, eta nahiz eta gaur egun kargurik ez izan -2011n utzi zion elkarteko pilota sekzioko arduradun izateari-, eskatzen didatenean laguntzen diet " gaineratu du. Pilotan erreferente izaten jarraitzen du.
Altsasu Kirol Elkartea, sorrera
Altsasu Kirol Elkartean pilota eskola sortu zuen. "Gure aurretik Peña Pelotazale Alsasuarrak jorratzen zuen pilotaren gaia Altsasun, baina batez ere pilota jaialdiak antolatzen zituzten, erremontekoak gehienbat. Altsasun erremontista gehiago atera ziren pilotariak baino. Gure pilota eskolan 160 pilotari izatera heldu ginen. Pilotari onak atera ziren Altsasu Kirol Elkartetik" oroitzen du. Oinatz Bengoetxea leitzarra izan zen horietako bat. Espainiako Txapelketa jokatu zuen Altsasu Kirol Elkartearekin. "Seme baten moduan maite dut. Espainiako Jubenilen Txapelketara eraman nuen Nafarroako selekzioarekin eta Mundialetan ere parte hartu zuen. Bestalde, Koldo Mendiluze altsasuarra Pilotajauku eskolan trebatu zen, baina Altsasu Kirol Elkartearekin ere jokatu zuen. Juantxo Apezetxea goizuetarra ere pilotari ona zen, gurean trebatua".
Pablo Lopez de Goikoetxea: "1968an Altsasu Kirol Elkartean pilota sustatzeko deitu ninduten"
Pilotajauku
Altsasu Kirol Elkarteko pilota kluba martxan zela sortu zen Pilotajauku pilota kluba. "Gorabeherak izan ziren. Gertatzen ari zena ez nuen gustuko, baina guztia zen pilota eta niretako pilota guztiaren gainetik dago. Horregatik hasieratik Pilotajaukurekin kolaboratu nuen. Pilotajaukuk pilota eskolaren ardura hartu zuen eta Altsasu Kirol Elkarteak Espainiako Txapelketan parte hartzen jarraitu zuen klub gisa, eta 1968tik antolatzen genuen afizionatuen Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoarekin jarraitu zuen". Pilotajaukuko eskola ongi hasi zela dio Lopez de Goikoetxeak, baina gero jaitsiera izan zuen. "Haur gutxiagok ematen zuten izena, futbolaren eta beste kirolen eraginez izango zen. Gaur egun lan ona egiten ari dira Pilotajaukukoak, baina oso zaila da pilotak garai batean izandako indarra berreskuratzea. Urte askoko lana izango da".
Otadiko Kristo Deuna Torneoa
Altsasu Kirol Elkartea sortu eta urte berean, 1968an Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa antolatzen hasi ziren. "51 urte daramatzagu torneoa antolatzen. Afizionatuen pilota txapelketarik entzutetsuenetako bat izan zen". Gaur egun Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajaukuk antolatzen dute elkarlanean, eta finalerdiak eta finala egiten dira. Azken edizioa, 2022koa, Pablo Lopez de Goikoetxeak berak antolatu zuen, bi klubek hala eskatuta. "Gaur egun garai batean baino txapelketa gehiago jokatzen dira aldi berean, tartean Donostiako Antiguoko Txapelketa, eta batzuetan zaila izaten da nahi dituzun pilotariak lortzea, edo azken uneko aldaketak egin behar izaten dira. Aurten Oberenan jokatzen duen Iosu Igoa etxarriarra eta Anton Apezetxea goizuetarra ekarri nahi nituen, baina ezin, Antiguokoan jokatu behar zutelako. Beraiek izan ziren txapeldunak. Azken orduko arazoekin ez ibiltzeko aurten 23 urtez azpira mugatu genuen Otadiko Kristo Deuna Torneoa, eta uste dut oso torneo polita atera zela. Pilotakada ugari gurutzatu ziren, kalitate handiko jokaldiak eta gosez datozen gazteak ikusi genituen. Pilotazaleak kontentu geratu ziren" dio Lopez de Goikoetxeak.
Nobedade gisa, aurten neska eta mutilez osatutako bikote mistoen partidak antolatu zituen lehenengoz. Nafarroako pilota selekzioko hautatzailearekin harreman estua du, urtero Iscarren (Valladolid) jokatzen den Espainiako Eskolarteko Pilota Txapelketara joaten baita Lopez de Goikoetxea. Hautatzaileari eta neska pilotariei aipatu zien ideia "eta haiek baietz. Pilotajaukuko mutilekin bikote orekatuak egiten saiatu ginen, eta ongi atera zen, pilotazaleei gustatu zitzaien. Esan didate nesken eta mutilen maila parekatzeko aukera bikaina dela partida mistoak egitea".
Nafarroako Pilota Federazioan
Altsasu Kirol Elkartean jarraitzearekin batera, Nafarroako Pilota Federazioko juntan sartu zen altsasuarra, 1980. urte inguruan. "Orduko federazioko presidente Jose Mari Kareagak hots egin zidan, Altsasuko aurreko delegatu Josetxo Yeregiren tokia hartuko ote nuen. Jesus Reclusarekin, Lekunberriko Guillermo Mazorekin eta bestelakoekin hasi nintzen juntan. 30 urte inguru egon nintzen, eta denetatik egin izan dut: esku pilotako delegatua, Nafarroako Selekzioko hautatzailea, material arduraduna..." oroitzen du. Ordutik federazioko presidente guztiekin egin du lan. Miguel Pozuetak presidente izateari utzi zionean, Nafarroako Gobernuko Kirol Institutuko kudeatzaile izateko, Ramon Martinezek hartu zuen bere kargua, eta azkeneko hauteskundeetan federazioa utzi zuen Lopez de Goikoetxeak. "Javier Condek, egungo presidenteak, galdetu zidan ea zein asmo nituen. Eta nik esan nion junta utziko nuela baina Nafarroako Gazteen Lau eta Erdia, Guillermo Mazo Memoriala, antolatzen jarraituko nuela. Baiezkoa jasota, gaur egun txapelketa antolatzen dut eta Iscarren jokatzen den Espainiako Eskola Arteko Txapelketarako egonaldia kudeatu eta bertara joaten naiz txapelketak irauten duten 5 egunetan".
Pablo Lopez de Goikoetxea: "50 urte hauetan poz handiak eman dizkit pilotak, eta lagun asko"
Mazo, lagunaren omenez
Guillermo Mazo Lekunberriko eskolako arduraduna eta Nafarroako Pilota Federazioko juntakidea. "Lagun minak ginen. Bera ere materialaren maitale amorratua zen, ni bezala. Makina bat txapelketa antolatu genituen elkarrekin" oroitzen du. 1998 urtean federazioak lehenengoz antolatutako Nafarroako Jubenilen Lau eta Erdiko Txapelketari bere izena jarri zioten, Guillermo Mazo urte horretan zendu zelako. Lopez de Goikoetxeak antolatzen du urtero txapelketa. "Astearteetan Etxarrengo frontoian eta asteazkenetan Lekunberrikoan jokatzen da, hemen inguruan egitea nahi dudalako eta materialaren arduraduna naizenez, hobeto kontrolatzeko. Finala abenduaren 3an jokatzen da Labriten, baina Mazoren heriotzaren 25. urteurrena zenez, aurtengo finala Lekunberrin egin genuen".
Lopez de Goikoetxeak sorpresa hartu zuen Guillermo Mazoko finalean, Nafarroako Federazioak omenaldia egin baitzion, 25 urte hauetan guztietan txapelketa antolatu izanagatik. "Ez nekien ezer, sorpresa izan zen. Plaka eman zidaten. Oso eskertuta nago, halakoak politak izaten dira" dio.
Urrezkoa eta zilarrezkoa
Hori ez da altsasuarrak jasotako oroigarri bakarra. 1999. urtean Nafarroako Gobernuaren Kirol Merituaren zilarrezko domina jaso zuen; 2008an Nafarroako Pilota Federazioaren urrezko domina; 2011n Altsasu Kirol Elkartearen oroigarria; eta 2019an Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako oroigarria. "Harrotasuna da. Pilotaren munduan 50 urte egotea... ez dira ni bezalako asko egongo".
Halako ibilbidearekin, ezagun ugari. Altsasun partida profesionalak daudenean ere guztiak hurbiltzen zaizkio agurtzera, "gehienak ezagutzen ditudalako. Pentsa, Aspeko zuzendari komertzial Inaxio Errandonea, Otadiko Kristo Deunan jokatzeko ekarri nuen, eta Baikoko "Gorostiza" intendentea hemen izan nuen Bartzelonako Joko Olinpiarretarako entrenatzera etortzen zenean. Eta pilotariak, ia guztiak ezagutzen ditut". Pablo Lopez de Goikoetxeak asko ematen dio pilotari, baina pilotak berari ere bai. "Poz handiak eman dizkit pilotak, eta lagun asko. Ahal dudan heinean, pilotan laguntzeko prest nago".