Astekaria

"Materialarekin beti egon da polemika, eta egongo da"

Maider Betelu Ganboa 2023ko ots. 9a, 12:00

Pablo Lopez de Goikoetxea, bigarren etxea duen Burundan.

Pablo Lopez de Goikoetxeak 50 urte baino gehiago eman ditu pilota munduan lanean, Altsasu Kirol Elkartean eta Nafarroako Pilota Federazioan denetariko karguak beteaz. Federazioan hautatzailea eta material arduraduna izana da

Nafarroako Federazioko material arduraduna izan zara. Materialaren gaia polemikoa da.
Oso. Gai honekin ez da inor kontentu geratzen. Beti egon da polemika eta beti egongo da. Afizionatuetan profesionaletan baino okerragoa izaten da.

Federazioan nola hautatzen zenituzten pilotak?
Zenbait pilota egile zeuden, eta haiei erosten genizkien. Sestaoko Cipri pilota egileak zuen arrakasta gehiena. Gaur egun jada ez ditu pilotak egiten. Punpa etxekoak erabiltzen dira gehienbat. Maila profesionalean erabiltzen diren guztiak dira Punpakoak. Altsasu Kirol Elkartean Sacristanen materiala asko erabiltzen nuen, Sestaon bizi zen artisau errioxarrarena, eta baita federazioan ere, bestelako egileenekin batera. Gaur egun Punpa, Cervino artisau errioxarra eta materiala ongi lantzen ari den Ander Zulaika nafarra dira pilota egile nagusiak. Azken honek Punparen antzera lan egiten du.

Zeintzuk ziren Punparen eta Cipriren piloten arteko ezberdintasun nagusiak? 
Cipriren materiala nahiko exigentea zen. Askoz ere gehiago kostatzen zen pilota haiek mugitzea. Pilota artisauagoak ziren. Punpan, aldiz, makinak erabiltzen dituzte. Kiskia, hau da, bolatxo txikitik hasten dira lanean. Motorren bidezko makineria bati esker hariz inguratzen dute kiskia, gero artilez, eta, azkenik larrua josten dute, azken hau eskuz. Cipriren pilota batek agian 50 euroko prezioa zuen, eta Punparenak 30 eurokoa. Nik Ciprirenak gustuko nituen, baina Punparenak atera zirenean ez nituen gaizki ikusi. Ezberdinak dira, baina prezioa baxuagoa izatea klubei ongi etorri zitzaien.

Zenbat irauten dute pilotek?
Nik materiala asko zaintzen dut. Guillermo Mazoko materiala nire ardura da. Partida baten ondoren Nivea ematen diet pilotei, larrua eta pilota garbitzeko. Gero gantza ematen diet, eta talko hautsak. Horrela, pilotak partidan galdu duen fintasun hori berreskuratzen da, zerbait. Larrua tenkatzen du, eta hori garrantzitsua da larrua ez atximurtzeko. Materiala zaintzea asko gustatzen zait, eta nahiko maniatikoa naiz. Pilotei bizi luzea ematen diet.

Materialaren inguruko kexa nagusiak zeintzuk dira? Azkarregiak edo motelegiak direla?
Halakoak. Federazioan material arduradun nintzela materialaren ibilbidea mugatu nuen. Maila nagusian, senior mailan, pilota batek hiru koadro baino gehiago ezin dituela korritu uste dut. Hala esan nien, federazioan ongi ikusi zuten, eta erregelamenduan jaso genuen. Pilota batek hiruan baino gehiagoan botea egiten badu, zazpira iristen da eta errebotea jotzen du. Piloten ibilbideari muga jarrita, behintzat, errestoa egitea ahalbideratzen da. Hura onartuta, gainontzeko kategorietako pilotak arautu genituen: jubenilak, infantilak, kimuak eta benjaminak. Federazioan zalaparta gehienak klub bakoitzak bere materiala aurkezten zuenean sortzen ziren, bakoitzak bere pilotariei hobe zegokiena aurkezten baitzuen.

Hori saihesteko, zer da egokiena?
Erdi mailako pilota bat ateratzea da egokiena. Epaileek klubek aurkezten dituzten pilota guztiak aztertu eta ibilbide luzeegia dituztenak kentzen dituzte. Hala ere, oraindik arazoak izaten dira. Berriki, Espainiako Kluben Arteko Txapelketan Uharte Iruñea eta Oberena klubek hika-mika izan zuten, material batek araututakoa baino bote gehiago zuelako. Herrien Arteko Txapelketan erabiliko diren pilotak federazioak berak jarriko dituela erabaki da halakoak ekiditeko. Dena den, azkenaldi honetan ez dago polemika gehiegirik. Banago enpresek eta klubek euren pilotariei esan dietela dagoenarekin jokatu behar dela, eta kitto.

Materialarena oso kontu delikatua da.
Oso. Otsailaren 12an jaialdi profesionala egongo da Altsasun. Ezkurdiak eta Martijak Jakaren eta Arangurenen kontra jokatuko dute. Errandoneari esan nion otsailaren 7an egin zen material aukeraketarako frontoian berogailua jartzea eska zezatela, partida jokatzen denean egongo den antzeko tenperaturarekin aukeratu behar baita materiala. Nabaritzen da. Niri pilotak 20 gradu inguruko tenperaturan mantentzea gustatzen zait.

Nola ikusten duzu pilota Nafarroan?
Pilotariak ateratzen dira; nik uste dut Nafarroan ongi gaudela. GRABNI txapelketan Nafarroak jarraitzen du txapeldun. Atzelariak ateratzea zailagoa da, hori bai. Afizionatuetan pilotari onak ditugu. Josu Igoa etxarriarra, Iker Espinal, Canabal, Aldave, Apezetxea, Irurtzun klubeko Aingeru de La Fuente eta Adrian Azpiroz... Ikusten dudana da profesionaletara pasatzea ez dela hain erraza.

Zuretako zeintzuk izan dira pilotari onenak?
Lehengoetatik, Julian Retegi. Olaizola eta Irujo ere oso gustuko nituen, eta baita Beloki ere. Egungo pilotarietan Jose Javier Zabaleta atzelaririk onena da; zaila da halakorik topatzea. Eta niretako aurrelaririk onena Jokin Altuna da. Angeluak bilatzen ikaragarria da; frontoiko toki guztietako angeluak bilatzen ditu: txokoan, zabaletan, txapa gainean eta atzean.

Eta frontoi bereziena?
Labrit pilotaren teatroa da. Ez du parekorik. Izugarri gustuko dut. Bitxikeria bat: Labrit frontoiko neurriak erabili ziren Altsasuko Burunda pilotalekua egiteko orduan. Burundan iaz hobekuntza lan batzuk egin ziren, ez nahi genituen guztiak, baina lurzorua asko hobetu da. Hala ere, Altsasuko Udalari eskatuko nioke Burundarekin konpromiso gehiago hartzeko. Jarleku batzuk askatuta daude eta argiztapena ere hobetu beharra dago, argiak atzealdean jarri zirenetik argi asko galdu baitzen. Handietan Nafarroa Arena gustuko dut. Obra egiten hasi baino lehen obra zuzendariekin  bildu ginen, eta sistema guztia azaldu ziguten. Frontisa egiterakoan gutxienez 20ko harria erabili zezatela esan nien, eta kasu egin ziguten. Pilotak egiten duen hots ederrean nabaritzen da.  

Erlazionatuak

Bizi guztia pilotari emana

Maider Betelu Ganboa 2023 ots 08 Altsasu