Astekaria

"Alaska aukeratu nuen tokien doluaren sinbolo bezala"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2023ko ots. 15a, 14:36

Castillo Suarez idazlea. UTZITAKOA

 'Alaska' liburuaren aurkezpena eginen du Castillo Suarez idazle altsasuarrak. Doluaren eta abandonuaren inguruko hausnarketa egiten du , eta aurkezteko "toki aproposena" beilatoki bat da

Alaska Altsasu eta Gipuzkoako arteko mugan dagoen abandonatutako hotela sinbolo bihurtu du Castillo Suarez idazleak izen bereko liburuan. Dolua, abandonua eta oroitzapenak dira liburuak osatzen dituen 60 bat olerkietan agertzen diren gai nagusiak. Irailean, Donostiako Victoria Eugenian, Euskal Jaietako Poesia Orduak egitasmoan Alaska liburuaren teaser bat egin zuen Juantxo Zeberio piano-jotzailearekin, oholtza hotelaren gelatxo bat bihurtuz. Orain, otsailaren 16an, osteguna, 18:30ean, Altsasuko Izarra beilatokian Alaska liburuaren aurkezpena eginen du. Aurkezpenean Garbiñe Petriati eta Mikel Legarra izanen dira ere.

Zer da mugan dagoen Alaska hori?
Bidebazterrean dagoen hotel abandonatu bat da. Garai batean Alaskan dirua egin zuen gizon batek ireki zuen. Jatetxe bat eta gero hotel handi bat egin zuen Etzegarate bidean. Beti izan da hotel oso elegantea eta txikitan Las Vegas Txiki bat bezala ikusten genuen. Gaur egun, bidebazterrean dago, aspaldi dago itxita. Nik uste dut badela toki aztoragarri bat, nolabait esateko, baina aldi berean deigarria

Zein da zu eta Alaskaren arteko harremana?
Liburu honen aurrerapena Donostian aurkeztu nuen eta bukaeran emakume batek bukatzean esan zidan berak ere bazuela Alaska bat bihotzean. Oso ongi ulertu zuen zer esan nahi nuen. Alegia, denok daukagu toki, objektu edo pertsona batzuk beraiekiko harremana galdu dugula edo gure bizitzatik desagertu direla, baina gure oroitzapenekin oso lotuta daudenak; ez ditugu ongi oroitzen edo erdizka oroitzen ditugu. Kasu honetan, Alaska-n kokatutako istorio edo narrazio txiki batekin hasten da liburua.

Ideia nondik sortu zitzaizun? Dolutik edo Alaskatik?
Dolutik. Maddi Barberri elkarrizketa batean itzaltuta gelditu zitzaidan esaldi bat entzun nion: "Nola egin tokien dolua". Bera Lakabekoa da eta Itoizko urtegiari eta hor desagertu ziren parajeei buruzko dokumentalak edo ikus-entzunezkoak egin ditu. Askotan hitz egiten da pertsonen heriotzaz eta zenbat aro dituen doluak, zer prozesua den eta horren inguruko ikastaroak daude. Gainera, nire etxeko batek ematen ditu ikastaro horiek. Baina tokiena deigarria egin zitzaidan. Alaska aukeratu nuen horren sinbolo gisa. Gure bizitzan presente egon diren tokiak. Egin nezakeen beste toki bat, baina iruditzen zitzaidan literarioki eta estetikoki oso adierazgarria. Baita historia ere. Bernardo Atxagaren liburu batean aipatzen da jabea, Alaska... Oso interesgarria eta ezohikoa da. Norbaitek han dirua egin, munduaren beste puntan, eta hain toki berezia eraikitzea. Arkitektonikoki ere oso deigarria da. Pena bat da, egia esan.

Liburuak zeri buruz hitz egiten du zehazki?

"Askotan harremanak, hein handi batean, ez daude gure esku; ustekabekoak dira"

Historia txiki bat eraiki dut eta hor kontatzen da garai batean hotel horretan bazegoela zerbitzari bat eta irakurtzen egoten zela. Egia esan, ni ez naiz akordatzen zer irakurtzen zuen, baina nik ekarri dudan istorioa da Virginia Woolfen Orlando liburua irakurtzen zuela. Liburu horretako pertsonaia oso berezia da. Aldi berean, mutil hori gogora ekarri duen neska ari da bere puskak kutxetan sartzen bere etxea utzi behar duelako. Gogoeta egiten du. Askotan harremanak, hein handi batean, ez daude gure esku. Hamaika autolaguntza liburu daude liburudendetan, baina azkenean nor dago gurekin nekez erabaki dezakegu. Orduan, neska honek erabakitzen duena da abandonatu duenarekin ezagutu dituen pertsonak utzi egingo dituela eta gauzekin erabakitzen du kontrakoa, beretako hartuko dituela. Azkenean, aitzaki bat da objektuekin eta tokiekin daukagun harremanari buruz hitz egiteko. Nik esaten dut harremanak oso ustekabekoak direla; askotan idazten dut harremanei buruz, baina gure eskumenetik oso kanpo daude. Pasarte batean aipatzen da aireportuan eskala batean dagoen bitartean bere etxean dagoela norbait abandonatuko duela erabaki duena. Idaztea pila bat gustatu zait. Nik asko bidaiatzen dut bakarrik, normalean aireportuetan bakarrik egoten naiz, eta oso deigarria egiten zait zure ondoan tarte baterako jartzen dena. Nola batzuetan gauden tokian geldituko ginatekeenaren sentsazioa daukagun, Santiago Konpostelan, Bartzelonan... Ez ginatekela etxera bueltatuko. Gauza horiekin entretenitzen naiz

Aurkezpena Izarra beilatokian eginen duzu. Nola sortu da ideia?
Beilatokia delako Altsasun orain dagoen aretorik ederrena eta aproposena horrelako aurkezpen bat egiteko. Mikel Legarra eta Garbiñe Petriati nire lagunak dira, eta liburuaren hasieran tanatorioak aipatzen dira. Azkenean, horrelako tokiak jendea elkartzeko tokiak dira, agur esateko tokiak, eta Izarrak duen heriotza ulertzeko naturaltasun horrekin bat egiten dut. Iruditzen zait ez zegoela toki hoberik. Beraiek pozik eta ni ere bai.

Nolakoa izango da?
Musika egongo da. Aurkezpen oso xumea izango da, lagunarteko gauza bat. Bezperan (otsailaren 15ean) prentsako aurkezpena izango da Donostian. Beste aurkezpen bat egongo da eta bertan Juantxo Zeberio piano-jotzailearekin egingo dut. Pentsatzen dut Garbiñek sarrera antzeko bat egingo duela, hitza hartuko duela ere.

Oraindik ilusioa egiten du?
Beti. Liburuaren zain egoten gara.