Josefina Arregi klinikak diru bilketarekin segituko du

Guaixe 2023ko ots. 20a, 08:41

Eguneko zentroko erabiltzaileak patioko baratzean. ARTXIBOA

Altsasuko eguneko zentroa handitu eta eraberritzeko lanei bulkada emateko 75.000 euro jaso nahi dituzte.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko eguneko zentroa modernizatu eta handitzeko proiektua aurten eginen da. Lan hori egin ahal izateko duela bi hilabete diru bilketa kanpaina abiarazi zuten klinikak berak eta klinikaren Lagunen Elkarteak. Epea pasata, lanak egiteko beharrezko jotzen dituzten 75.000 euroak ez dituzte lortu. Batetik, horregatik, erabaki dute diru bilketarekin segitzea. Eta, bestetik, lanak oraindik ez direlako hasi. 

Ibarreko eguneko zentro bakarra 115 metro karratu handitzearekin batera, egungo azpiegitura eraberritu nahi du klinikak. Horretarako, 350.000 euroko inbertsioa eginen du. Aurrekontuaren 120.000 euro Gizarte Eskubideen Departamentuaren dirulaguntzarekin estaliko du. Eta beste zati bat, 75.000 euro, sakandarrek emandako ekarpenekin bete nahi dute. Lanen ondoren, azpiegitura eguneratua lortzeaz aparte, eguneko zentroak bost plaza gehiago izanen ditu, 30.

Klinikak eta Klinikaren Lagunen Elkarteak sakandarrei eskatu diete “laguntzen segi” dezaten, “eta orain arte eman duten laguntza guztia eskertu” dute. Informazioa jaso edo ekarpenak egin nahi dutenek klinika beretik pasa edo www.josefinaarregui.com/eu/ webgunera jo dezakete. Ekarpenak aipatu webgunearen bidez egin daitezke txartel, bizum edo kontu-zenbaki baten bidez. Gainera, La Caixan eta Laboral Kutxan kontu korronteak ireki dituzte. Dirua ematen duten herritarrek eta enpresek zerga hobariak dituzte eta zati bat bueltan jasoko dute. 

Atxikimenduak
Elkartetik jakinarazi dutenez, diru bilketarekin bat egiten duten pertsonen eta elkarteengana jo dute atxikimendu eske. Besteak beste, ibarreko kultura eta kirol taldeekin, gastronomia elkarteekin eta zenbait pertsona ezagunekin harremanetan jarri dira. Haien atxikimendua bideoan jaso eta halako hainbatekin ikus-entzunezkoa osatuko dute, Altsasuko Iortia kultur guneko emanaldien aurretik proiektatuko dena, eta sare sozialen bidez zabalduko dena.