Naiara eta Iris

"Juantranposo berdinak dira, baina erosoagoak"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko ots. 21a, 11:40

Naiara Urkijo eta Iris Ramos, juantranposoak egiten aritu direnak.

Iris Ramos Álvarez moda diseinatzaileak Altsasuko ihoteetan oinarritutako jantzi bilduma egin du eta egunotan bera eta Naiara Urkijo Zarrantz ihote batzordeko kidea juantranposo berriak egiten aritu dira.

Azken unera arte josi eta josi egon ondoren, azken orduko aldaketak direla eta ezinen dituzte astearte inauteri egunean mustu.

1. Iris, herriko ihoteetan oinarritutako jantzi bilduma sortu duzu.
Iris. Moda diseinua ikasi dut eta ikasketa amaierako lanean bilduma hori egin nuen. 25 marrazki egin nituen eta lau jantzi egin nituen, unibertsitatean horrela egiten dugulako. Duela urte bat egin nuen eta orain Altsasuko inauterietako erakusketan lau horiek ikus daitezke.

2. Zergatik Altsasuko inauteriak?
I. Beti gustatu izan zaizkit; txikitatik. Asko bizi ditut. Orduan, interesgarria zen zerbait desberdina aurkeztea, beste gaiak errepikatzen zirelako. Gustuko nuen zerbait egin nahi nuen ere.

3. Zertan oinarritu zara?
I. Sinbologian eta historian. Galdu zirenez eta urteekin berreskuratu zituztenez, oso polita eta interesgarria iruditzen zitzaidan hori kontatzea.

4. Juantranposo berriak egiten ari zarete ere. Zergatik?
Naiara. Pasaden urteko juantranposoak jantzi zituztenek aipatu ziguten jantziak berregin behar zirela barruko guztia ateratzen zitzaielako. Begiratzera joan ginen eta berriak sortzea erabaki genuen. Lau handi eta txiki bat. Ez dakit zergatik eta nola baina Iris agertu zen ere eta gure salbatzailea izan zen. Moda diseinua eta patronajea ikasi duenez, sekulako laguntza izan da; proiektuaren burua.
I. Deitu zidaten eta gustukoa dudanez oso gustura ari naiz.

5. Zein da juantranposo?
N. Altsasuko inauterietako pertsonaia bat da. Txerri bat irudikatzen du. Hasieran osten zuen pertsona bat zen eta izkutatzeko zaku batekin, loditua eta txerri baten buztanarekin, txerrien artean izkutatzen zen. Jolasean aritzea gustatzen zaie.

6 Noizkoak ziren aurrekoak?
N. Nik uste lehenengoak izaten jarraitzen zutela, duela 40 urtekoak. Juantranposoek duten saltsarekin apurtu ziren eta zaharberritu ziren. Baina orain berregitea erabaki dugu; zerotik hasita.

7. Nola egiten da juantranposo bat?
I. Ni patroiak egiten hasi naiz. Aurretik ez zegoen patroirik, eta horrela aurreragorako ere erreferentzia bat izango dugu gehiago egin behar badira ere.
N. Juantranposoak janzten dituzten pertsonek mugitzeko arazoak zituzten eta agian hankak txikiegiak zirela esan ziguten. Orduan, Irisek hortik abiatuta aldaketak egiten ditu, eta aldaketekin aurrera.

8. Berrikuntzaren bat izango dute?
I. Tradiziozko jantzia mantendu nahi dugu. Ez da aldaketa handirik egongo. Janzten duten pertsonak erosoago eta mugimendu gehiago izateko aldaketak egingo ditugu bakarrik.
N. Esaterako, hanka txikiegiak zituztenez ezin ziren oso ongi ibili eta asko nekatzen ziren. Nekatuko dira berdin-berdin, baina erosoago mugitu ahalko dira. Juantranposo berdinak, baina erosoagoak.

9. Barruan zer daramate? Kontuan izan duzue?
N. Normalean burbuilazko plastikoa izaten dute, eta bularraldean gomaespuma zonaldea babesteko. Zabalerak kontuan izan ditugu; pertsona baten hanka hartu dugu eta horri zabalera gehiago eman diogu.
I. Bi kapa jarri ditugu ere. Horrela, lurrera botatzen direnez eta abar, puskatzen badira eta zulo bat egiten bada barrukoa ez da aterako.

10. Zaku oihalekozkoak dira. Nolakoa izan da joste lana?
I.
Gogorra, baina umore onarekin aritu gara. Giro oso polita sortzen da.
N. Joste makinekin egin dugu eta horrek abiadura bizkortu egiten du, baina hala ere oihal potoloa denez makinan trabatzen da, haria puskatzen da... Ostitxarrak ere egiten ditugu, baina beti farrez. Batzordeko jendea etortzen da laguntzera: patroiak eta oihala moztera...

11. Zer esaten dute juantranposo izango direnek?
N. Gurekin egon direnak pozik daude haien kezkak zirenak aldatu ditugulako. Probatu ondoren esaten badigute aldaketaren batekin gaizki ibili direla berriz aldatuko dugu.