Nork ez du Mowgli oihanean animaliekin hezitako haurraren istorioa ezagutzen? Disney konpainiak, herri ipuin askorekin egin bezala, Oihaneko liburua hartu zuen eta marrazki bizidunen bidez oihaneko haurraren eta bere lagunen istorioa "azukreztua" kontatu zuen. Aldiz, Victoria Álvarez Musetti dramaturgoak eta Sergio Gayol zuzendariak Rudyard Kipling idazlearen ipuina hartu zutenean, istorioa ez zela popularizatu zena konturatu ziren. Ipuinaren gainean egindako ikerketaren ondoren Shere Khan. El otro libro de la selva antzezlana sortu zuten Pájaros pintados, Teatro El Cuervo eta Realidad Traviesa antzerki konpainiek. Otsailaren 26an, igandea, 17:00etan, Iortia kultur gunean, antzezlanaren Nafarroako aurkezpena eginen dute.
"Ipuina hartu genuenean gogorragoa zela ikusi genuen", azaldu du Álvarezek. Proiektua Gayolek familiarteko eta haurrei zuzendutako antzezlan bat egiteko ideia izan zuenean hasi zen. Horretarako "ipuinak begiratzen hasi ginen. Nahi genuen zerbait desberdina egitea, beti egiten diren ipuin bertsioetatik urrundu". Kiplingen lanarekin eman zuten arte: "Ez da asko egin. Nahiko ezezaguna da". Hain zuzen, Oihaneko liburua-ri buruz hitz egitean Disneyk 1967. urtean egindako bertsioa dator burura. "Zerbait desberdina egin nahi genuen ere, ipuin originaletik gertu dagoen zerbait".
Shere Khan tigre "gaiztoa" da Victoria Álvarezen antzezlanaren protagonista
Kiplingen Oihaneko liburua Indiako oihanean oinarritutako zortzi ipuinez osatuta dago. Horietan Mowgli oihanean agertu den haurtxoaren istorioa kontatzen da. Otso talde batek hartzen eta hezten du. Haurra Baloo izeneko hartz baten eta Baghera deitutako pantera baten laguna da. Antagonista bengala tigre bat da: Shere Khan. Tigreak gizakia gorroto du eta Mowgli akatu nahi du.
Protagonista
"Liburuaren ikerketa egin genuenean Shere Khan pertsonaia gustatu zitzaigun. Gaiztotzat jotzen da, gauza oso txarrak egiten ditu". Haien lanaren protagonista izatea erabaki zuten. “Zergatik egiten ditu gauza horiek? Zer dago horren atzean?".
Álvarez Shere Khan tigrearen haurtzarora joan zen erantzunen bila, eta antzezlanean ikusten den bezala, oso haurtzaro zaila izan zuela ondorioztatu zuen. "Zerbait gertatzen zaizunean bi bide har daitezke. Ez dago erantzun egokia, gainera, batek ondorio batzuk izango ditu eta besteak beste batzuk". Shere Khanek mendekuaren bidea hartu zuen. Antzezlan batean agertzen diren pertsonaien atzean, esaten eta egiten dutenaren atzean, istorio oso bat osatzen dute idazleek. "Kasu honetan Shere Khanen haurtzaroa eta istorioa ezagutzea garrantzitsua zen. Antzezlanean ikusten direlako zenbait pasaje ere". Badira beste pertsonaia batzuk, Baloo edo Baghera, esaterako, ez dutenek istorioa hain osatua.
Protagonistaren istorioa idazteko Álvarezek antzezlanak sortzen duen esperientzian oinarritu da, baita bizitzaren gertakarietan ere. "Azkenean, ezinezkoa da zure esperientzia konkretuetan ez oinarritzea". Dokumentazioa eta ikerketa ere ezinbestekoak dira pertsonaia bat perfilatzeko orduan.
Minimalista
"Nik istorioa idatzi nuen eta gero entseatzen hasi ginen. Inprobisazioen bidez istorioarekin jarraitzen nuen". Shere Khan. El otro libro de la selva antzezlana lan kolektiboaren bidez egin dute; entseguetan antzezlana sortuz joan dira, zuzendariaren, idazlearen eta aktoreen inpresioak batuz. Ángela Tomé, Laura Penagos eta Idoia Salguero dira antzezlanean parte hartzen duten hiru aktoreak. "Batzuetan ez da erraza izan animaliak interpretatu behar dituztelako".
Eszenatokian hiru kubo agertzen dira. "Desagertutako oihan batetik hasten gara. Gizakiak oihana suntsitu duela salatu nahi izan dugu ere". Geratzen den bakarra kutxa horietan dago gordeta. Marrazki bizidunetan ikusitako irudietatik urrundu nahi izan dute eta horregatik ere eszenografia soilarekin batera pertsonaiak ez dira guztiz animaliaz janzten. "Maskara batzuk daramatzate, horregatik beraiendako ere erronka handiagoa izan da. Mugimenduaren bidez adierazi behar dituzte animaliak".
Altsasuko otsailaren 26ko emanaldia Nafarroako aurkezpena izanen da, baina aurretik haurrekin "probak" egin dituzte eta emaitzarekin pozik dago Álvarez. "Asko eman digute. Antzezlana aldatzeko aukera izan dugu haiei esker, zer funtzionatzen duen eta zer ez ikusteko". Esaterako, Shere Khan pertsonaia gehiago karakterizatzea erabaki zuten haurren begiradatik pasa ondoren.
Ko-produkzioa
Teatro El Cuervo Asturiasko antzerki konpainia bat da eta bertako kidea da Sergio Gayol antzezlanaren zuzendaria. Álvarezek harreman estua du konpainiarekin eta aurretik lan gehiago egin dituzte elkarrekin. Shere Khan. El otro libro de la selva egitearen ideia bertatik atera zen. Realidad Traviesa Errioxako konpainia bat da eta proiektuan parte hartzen du ere. Antzezlana errealitate bihurtzeko lanean ere Pájaros Pintados Iruñeko konpainia aritu da, Álvarezen konpainia. "Hiru herrialdetako konpainiek parte hartu dutenez, hiru herrialdetan egoteko aukera izanen dugu".
Pájaros pintados Álvarezek duela urte bat inguru sortu zuen konpainia da. Shere Khan. El otro libro de la selva ez ezik, proiektu gehiagotan lanean ari dela esan du idazleak. Heziketara bideratutako proiektuak egingo dituela aurreratu du ere.
Antzerkiak guztiz harrapatu du Álvarez. Antzezlanak idazten esperientzia dauka, baina Altsasun aurkeztuko dutena haurrei edo familiei bideratutako lehenengo lana izanen da. Bakarra ez izatea ere espero du olaztiarrak. "Beste lengoaia bat erabili behar da. Idaztean konturatu naiz gauzak beste modu batera esan behar direla. Agian ez direla hainbeste gauza esan behar...". Normalean testu "asko" idazten duela eta lana idazteko hori aldatu behar izan duela esan du. Entseguetako lana eta haurrekin egindako emanaldiak oso baliagarriak izan dira ere.
Emanaldiaren ondoren, seguruenik, sortzaileek hitza hartuko dute, izan ere, publikoarekin duten hartu-emana "oso garrantzitsua" dela esan du. "Beste zentzu bat ematen dio antzezlanari; publikoa barnebiltzen duzu".