Arte garaikidearekin zita

Guaixe 2023ko ots. 27a, 12:47

2022ko 'Uholdeak' programaren 'X hau ez da okupatzen' erakusketa. ARTXIBOA

Martxoaren 3a, ostirala, Uharte Arte Garaikideko Zentroaren 'Uholdeak' egitasmoaren erakusketa mustuko dute Iortia kultur gunean. Programaren barruan eta Filmoteka Nafarroan programaren bat eginez, Helena Tabernaren bi film laburren emanaldia eta solasaldia izanen da ere.

Uholdeak arte garaikidea Nafarroan zabaltzeko programa bat da. Besteak beste, erakusketak, proiekzioak, tailerrak eta bestelako ekimenak antolatzen dira egitasmoaren inguruan. Uharteko Arte Garaikideko Zentroak, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa Fundazioak sustatutako proiektua da. Lekuko artisten lana ikuskaratzea da xede nagusia. Altsasu, Agoitz eta Tafalla izanen dira aurtengo Uholdeak programaren egoitzan.

Altsasun eginen du Uholdeak erakusketak lehenengo geldialdia, eta martxoaren 3an, ostirala, iritsiko da erakusketa. 18:00etan erakusketaren mustutze ekitaldia izanen da, Iortia kultur guneko erakusketa aretoan: Materialak amatu (ama izan/egin). Ondoren, 19:00etan, Iortia kultur gunearen aretoan, Helena Taberna zinemagile altsasuarraren Nerabe eta La Mujer de Lot film laburren emanaldia eta zuzendariarekin solasaldia izanen da, Iortia kultur gunearen areto nagusian, Uholdeak programaren eta Filmoteka Nafarroan programaren barruan.

Erakusketa
Materialak amatu erakusketa martxoaren 16ra arte egonen da ikusgai Iortia kultur guneko erakusketa aretoan. Natalia Isla Sarratea da komisarioa eta amatasuna esperientzia afektiboa eta indar politikoa den heinean, bertatik sortzen diren arazoetara hurbiltzen da. Angela Moreno, Amaia Gracia Azqueta, Beruta Berta Osés, Oihane Mcguinness Armendariz, Txaro Fontalba eta Zarys Falcon artistek zabaldu dute amatasuna beste subjektu batzuetara. 

Materialak amatu programaren barruan idazketa eta irakurketa saioak izanen dira ere, eta Altsasuko Berdintasun zerbitzuk Martxoaren 8aren harira antolatutako programaren barruan sartzen da.