Foru Erkidegoko Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako bigarren presidenteorde eta kontseilari Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenak eta Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako ministra Raquel Sanchez Jimenezek akordioa sinatu zuten otsailaren hasieran. Haren bidez Nafarroako Gobernuak 6.313.105 euro jasoko ditu Nasuvinsa enpresa publikoaren bidez alokairu sozialeko 158 etxebizitza eraikitzeko. Foru administrazioak bere Navarra Social Housing proiektua garatzeko bide beretik aurten guztira 13,8 milioi euro jasoko ditu.
Gobernuak otsailean jasotako dirutik 1.003.635 euro Altsasun alokairurako eraikiko diren 21 etxebizitzetarako izanen da. Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoarekin hitzarmena sinatu du eta 1.690 m2-ko azalera duen lursaila utzi du Nasuvinsaren esku. Ualdera eta Amandrea kaleen artean dagoen partzela da eta bertan L itxura duen eraikin bat jasoko da, 21 etxebizitza dituena. Haiek 60 m2-koak (logela bakarra), 80 m2-koak (bi logela) eta 90 m2-koak (3 logela) izanen dira. Bakoitzak lurpeko aparkalekuan bina plaza izanen ditu. Beheko solairuan udalak 596 m2-ko azalera eskuratuko du. Udalak eta gobernuak hitzartutakoaren arabera, lehen fasea bukatu eta bost urte baino lehen Nasuvinsak beste 21 etxebizitza eraikiko ditu.
Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik atera da dirua. Alokairu sozialera edo arrazoizko prezioan bideratutako etxebizitza energetikoki eraginkorren parke publikoaren gehikuntza finantzatu nahi da, titulartasun publikoko lursailetan eraikuntza berriko etxebizitzak sustatuz, etxebizitza eskuragarrien parke publikoa gutxienez 50 urtez handitzeko, Eraikuntzako Kode Teknikoan eskatutako baldintzak baino %20 gutxiago berriztatu ezin den energia primarioaren kontsumoa izanen dutenak.