Mugako egoeren absurdoa

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mar. 14a, 13:48

Juan Manuel Herrero eta Merche Herrera Tarima Beltzako kideak.

Hiru urteren ondoren Tarima Beltza taldeak antzezlan berria mustuko du martxoaren 25ean: 'Sin salida'. Elkar ezagutzen ez duten eta oso desberdinak diren sei pertsonaiak dira komediaren protagonistak, eta egoera "zentzugabeak" sortzen dira.

Zer gertatuko litzateke lau ezezagun merkatal gune bateko igogailu batean itxita geldituko balira? Eta merkatal gunean bakarrik egongo ez balira? Egoera "komiko eta absurdo" horretan oinarritzen da Tarima Beltza Antzerki Taldeko Sin salida antzezlan berria. Hiru urte apenas eszenatokietara igo gabe, antzezlan dibertigarri batekin itzuliko dira eszenara. Martxoaren 25ean, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean aurkeztuko dute lan berria.

"Gure azken aurkezpena pandemiaren aurretik izan zen, A la deriva antzezlanarekin, ordura arte egindakoaren zerbait oso desberdina zela". A la deriva Tarima Beltzak Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuarekin eta Médicos del Mundo GKEarekin elkarlanean egindako errefuxiatuen inguruko lan bat izan zen, Merche Herrera antzerki taldeko kideak azaldu bezala. "Pandemia etorri zen, eta dena bertan behera gelditu zen". Hala ere, hiru urte hauetan "zerbait" mugitu dira eta, esaterako, Dulantziko Antzerki Jaialdian izan ziren. "Pandemiaren aurretik izena eman genuen, eta hartu gintuzten". Madres y pasotas haien aurreko lanarekin egon ziren. "Zerbait berria egiteko gogoz geunden eta aurten estreinatu behar genuela pentsatu genuen". Antzerkia "behar" zuten

Antzokira itzultzea erabaki zuten, "baina betetzen gintuen ezer ez genuen aurkitzen", esan du Juan Manuel Herrero Zapa taldeko kideak. "Lan pila bat bilatzen eta irakurtzen egon ginen". Komedia bat egin nahi zuten, "barre egiteko eta gustura egoteko". Izan ere, gaineratu duenez, A la deriva "opari bat" izan zen arren, "asko" kostatu zitzaien egitea. "Ez genuen ezer topatzen eta orduan burura etorri zitzaidan Isabel Agirrezabala lakuntzarra, Donostiako antzerki talde batean dagoela, eta noizbait esan zidala antzezlan batzuk idatzita zituela". Antzezlan bat bidali zien, "baina bost pertsonaia ziren eta gu sei ginen". Herreroren eta Agirrezabalaren artean antzezlana moldatu zuten, "gauzatxoak" betetzen joan ziren eta horrela sortu zen Sin salida.

Lau pertsona merkatal gune bateko igogailu batean gau batean itxita gelditzen dira eta "istorio pila bat" gertatzen zaizkie. Merkatal guneko sotoan bukatzen duten arte. Bertan okupa bat dago, baita segurtasun langilea ere. "Pentsa soto batean amaitzen duzula ezagutzen ez duzun jendearekin, bakoitza bere istorio, pentsamendu eta abarrekin, eta bertan gaua pasatu behar duzula ez duzulako ateratzeko modurik". Mugako egoeratan alde dibertigarriak eta aldrebesak gertatzen dira. "Komedia bat da bere absurdoarekin, zentzugabeko egoera bat delako".

Ezezagunak
Aurrejubilatu bat, etxeko andre bat, banandu berri den gizon parrandazale eta ligoia eta estutasun egoera batean dagoen exekutiba bat dira Sin salida antzezlaneko lau pertsonaia nagusiak, sotoan dauden segurtasun langilea eta okupa gehitzen zaiela. "Bakoitzak badu bere istorioa eta izaera bat". Lan oso "dibertigarria" dela esan dute antzerkigileek. "Isabelek kaxoi batean izan du eta ez da inoiz ausartu ateratzera, eta gu animatu gara".

Isabel Arrizabalaga lanaren egilea da, Ion Barbarin beste behin Tarima Beltzaren zuzendaritzapean jarri da, eta aktoreak Juan Manuel Herrero, Merche Herrero, Jose Luis Liberal, Nahikari Gonzalez, Olibi Galparsoro eta Pili Maldonado dira. "Pertsonaia bat aldatu behar izan genuen gizonezkoa zelako eta emakumezkoa bihurtu dugu, eta beste bat sortu, baina bazirudien lana guretako egina zegoela". Idazleak taldea ezagutzen zuen arren, ez zuen antzezlana talderako sortu, "baina badirudi horren arabera idatzi duela eta alderantziz izan da".

Mugako egoeretan harremanetan etapa desberdinet pasatzen dela erakusten duela azaldu du Herrerak. "Lau ezezagun dira eta bakoitzak bere istorioa kontatzen du. Gai sozial batzuk ere lantzen ditu". Momenturen batean lau pertsonaiak "berdina" pentsatzera iristen direla gaineratu du: "Elkar laguntzen dute. Batzuetan horrelako egoera batean errazagoa da ezagutzen ez duzun pertsona bati zure arazoak kontatzea ezagutzen duzun pertsona bati baino; ez dizulako epaituko". Momenturen batean denak bihotzak irekitzen dituzte.

Entrenamendua
Edozein antzezlanekin bezala, testua irakurtzen aspaldi hasi ziren; udan lehenengo irakurketak egin zituzten. Ondoren, udazkenean entseguak "serio" hasi zituzten Barbarinekin. "Normalean horrela egin izan dugu beti". Aldiz, ia hiru urte entseatu gabe egon ondoren "entrenamendua" falta zaiela aitortu dute antzerkigileek. "Kostatzen ari zaigu pila bat testuak barneratzea". Entseguak astelehenetan izatea eta Eguberri, Santa Ageda eta Inauteri festak erdian izateak ere ez duela asko laguntzen esan dute. Orain, intentsiboak egiten dituzte igandeetan. "Iortian ixten gara eta martxa hartzen dugu". Antzezlanaren zailtasun handiena "erritmo bizian" dagoela uste du Herrerak. "Erritmoa behar du eta horretarako testua oso ongi menderatu behar duzu. Baita mugimenduak ere". Entseguetan zuzendariak ikusten du zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, "eta agian hurrengo entseguan zerbait aldatzen dizu".

Martxoaren 25ean mustuko dute Sin salida eta dagoeneko sarrerak Iortia kultur gunearen webgunean eta txarteldegian salgai daude zazpi eurotan, zortzi eurotan egunean bertan. "Jendea animatu nahi dugu. Oso ongi pasatuko du, eta guri ere fabore handia egingo digute". Bi urte geldirik egon ondoren lanean jarraitzeko eta gustatzen zaiena egiten jarraitzeko "bultzada" behar dute.

Erlazionatuak