Astekaria

"Aldarrikapenerako eta festarako aitzakia edukiko dugu"

Guaixe 2023ko mar. 20a, 14:03

Lilasterketako aurkezpenean udal ordezkariak, berdintasun teknikaria eta hura abiarazi zuen alkatea izan ziren.

Martxoaren 26an emakumezkoek osatutako kolore moreko zutabe batek ibarra zeharkatuko du: Lilasterketa. Oihana Gallo eta Aizaga Zeberio Sakanako eta Altsasuko Berdintasun teknikariek ekimena aurkeztu dute.

Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak Martxoaren 8aren testuinguruan prestatutako programazioaren barruan dago Lilasterketa. Haren bidez, jendarteko eremu guztietan emakumezkoen eskubideak aldarrikatuko dituzte, besteak beste: enpleguan, kalean, politikan, etxean, hezkuntzan, festetan edo kirolean. Emakumezko guztien artean "hemen gaude" esanen dute, "denon artean aurrera joateko, gure ahalduntzearen bidean beste pauso bat gehiago egiteko". 


Oihana Gallo San Roman eta Aizaga Zeberio Petriati.

Dagoeneko 10. edizioa. 
Oihana. Pitteka-pitteka hamar urte egin ditu. Aurreneko edizioa 2014an izan zen. Garai hartan Garazi Urrestarazu Zubizarreta zen alkatea eta berdintasun teknikari Jaione Iraola Rozas. Azaldu digutenez, kontuan izan zituzten Donostian egiten den Lilatoia, Altsasun ere kirol zaletasuna zegoela eta emakumeak kalera kirola egitera ateratzeko interesa zegoela. Lilatoiaren antzeko zerbait antolatzea bururatu zitzaien eta Lilasterketa izenarekin bataiatu zuten. Garai hartan, Altsasun egiten zen. 

Ondoren, Udala Sakanako Mankomunitatearekin batera antolatzen hasi zen eta Lilasterketa ibarreko ekimena bihurtu zen. 
Aizaga. Hori da. Mank-eko Berdintasun Zerbitzua 2019an sortu zen eta, orduz geroztik, bi berdintasun zerbitzuen arteko elkarlana estua da. Horren adierazgarri da Lilasterketa bera ere; Mank-eko zerbitzua sortu zenetik biok antolatzen dugu. Berdintasun zerbitzuek elkarlanean antolatutako ekimena da, ibarreko emakume guztiendako dena. 

Kirola baino helburu gehiago ditu Lilasterketak, ezta? 
O. Kirol kutsua izan dezake, baina Lilasterketak emakumezkoak elkartzeko gune bat izan nahi du. Lilasterketarekin ere emakumezkoek kalea hartzearen garrantzia azpimarratu eta aldarrikatu nahi dugu. Lilasterketak bi formatu izan ditu hamar urte hauetan. Herri bakar batean ospatzea; garai batean Altsasun, eta joan den urtean, Olatzagutian. Herrian bertan martxa oinez, lasterkan, bizikletan edo patinetan egiten zen. 2020an, probaren bezperan, bertan behera gelditu zen pandemiak ezarritako konfinamenduagatik. 2021ean, pandemia betean geundenez, formatua berrasmatu eta Sakana zeharkatu genuen. Batetik, eskualde ikuspegia emateko eta, garai hartan, talde handitan ezin ginelako elkartu. Horregatik, herri bakoitzeko emakumezkoek beraien herriko zatia egin zuten. Herriz herri ibiltzearena oso esperientzia polita izan zen. Ederra izan zen Sakana guztiko emakumezkoak martxan egotea. Herrietan asko eskertu zuten. Bi formatuak nahastu nahi izan ditugu. Hamargarren edizioa denez, ibarreko martxa Altsasun bukatuko da. Baina Olatzagutitik eta Ziorditik pasatzeko moldaketa bat egin dugu. Horregatik, arratsaldean, bi martxa izanen ditugu aldi berean. 

Lilasterketak, gaur egun, kirol zentzurik du? 
A. Lehen Oihanak esan bezala, guri polita iruditzen zaiguna da emakumezkoak elkartzea, kasu honetan jarduera fisikoa egiteko. Baina, aldi berean, hainbeste urtetan gizonezkoendako izan den espazio fisikoa berrokupatzeko. Azken finean, jarduera fisikoa eginez kaleak hartzeko eta emakumezkook elkarrekin, denon artean, ahalduntzeko. Helburua ez da bakarrik kirola egitea, hori ere izan daitekeela. Guretako helburu nagusia da adin, herri, hainbat jatorritako emakumezkoak elkartzea eta berdintasunaren alde Sakana guztia zeharkatzea. Eta ongi pasatzea ere bai. Aldarrikapenerako eta festarako aitzakia ere edukiko dugu egun horretan. 

Lilasterketan korrika egin behar da?
O. Ez, ez. Oinez! Sakana egun bakarrean oinez zeharkatzeko nahikoa luzea denez, Arakil bizikletan zeharkatuko dugu. Beraz, Irurtzun eta Etxarren arteko bidea oinez eginen da, han bizikletek lekukoa hartuko dute eta Irañetarainoko zatia eginen dute. Eta Irañetatik aurrera, atzera ere, Lilasterketa oinezko martxa bihurtuko da. Altsasura iritsitakoan, bakarren batek ibilbidea lasterka edo bizikletan egin nahi badu, aukera izanen du. Baina, berez, oinezko martxa da, bakoitzak bere martxan egiten duena. Lilasterketan nahi bezala parte hartu daiteke: zure herriko zatia eginez, edo hurrengo herriraino joan. Edo aurreko herrian hartu eta hiru herrietara utzi. Hori librea da. 

Noiz abiatuko dira Irurtzundik? 
A. Martxoaren 26an Irurtzungo plazatik 09:30ean abiatuko dira. Irurtzundik Iturmendira arteko ibilbidea jarraian eginen dugu. Han atseden hartuko dugu, guk ere bazkaltzeko eta indarrak hartzeko. Arratsaldean bi martxa aterako dira, bata, 15:25ean Ziorditik eta, bestea, 15:45ean Iturmenditik. Bi adarrak Altsasuko Beheko bentako bidegurutzean elkartuko dira 16:30ean eta Altsasun barna ibiliko da Lilasterketa. Bukaera ekitaldia Foru plazan izanen da 17:00etan. Merienda egonen da. Eta, bukatzeko, Pantxika Lamurrek emanaldia eskainiko du Gure Etxea eraikinean, 18:00etan. 

Aurretik izena eman beharra dago?
O. Bai. Aseguruen kontuagatik Lilasterketan parte hartzeko izen ematea derrigorrezkoa da. Horretarako, Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuan (948 56 48 23 / 628 32 85 93 edo berdintasuna@altsasu.net) edo Mank-ekoan (948 46 48 67 / 660 38 43 28 edo berdintasuna@sakana-mank.eus) izena eman daiteke. Googlen egin dugu formularioaren bidez ere eman daiteke izena (https://labur.eus/vF5Gs). Izen-abizenak, kontakturako bidea, adina eta herria besterik ez dugu eskatzen. Izen ematea martxoren 25era arte dago zabalik. Bakarren bat azken orduan animatzen bada, herri guztietan izena emateko aukera izanen du, guztietan arduradun bat egonen baita; kasu gehienetan berdintasun zinegotzia izanen da.
A. Lehenesten dugu izen-ematea aurretik egitea, guk antolaketa lanak hobeto egiteko. 

Zergatik eman beharko lukete emakumezkoek izena?
O. Aukera polita delako Sakanako herrietako emakumezkoak elkar ezagutzeko, saretzeko, beti aipatzen dugun ahizpatasun hori praktikan jartzeko eta emakumezkoak ere kalean ikustarazteko. Lehen esan dudan bezala, kirola egiten, festa egiten edo txaloekin herriko emakumezkoak animatzen ere. 
A. Hamargarren edizioa denez, sorpresaren bat edo beste ere egonen da. Baina ez dugu aurreratuko.

Erlazionatuak