Makina bat sakandarrek turismo bidaia egin izan du Marrakexera. Han duela 48 urte jaiotako altsasuarrak 35 urte darama ile apaintzaile gisa lanean. San Joan kalean du lantokia.
Hiritik ateratzea erabaki zenuen.
Txikitatik bidaiatzea gustatu zait. 12 urteetatik Maroko goitik behera zeharkatu dut. Espainian, aldi bakoitzean toki batera noa. Hemen, iparraldean, lasaiago nago. Gustatzen zait. Bilbon egon nintzen eta Nafarroagatik aldatu nuen.
Noiz utzi zenuen Maroko?
1999ko akaberan, 2000. urtean. Hona, gertu, etorri nintzen zuzenean, Zumarragara. Han lagun bat nuen eta harengana etorri nintzen. Han hilabete eman nuen eta Bilbora lanera joan nintzen. Han ia 16 urte eman nituen lanean.
Nolaz bukatu duzu Altsasun?
Bilboko negozioa, ile apaindegia, saldu eta Marokora joan nintzen, han bizitzeko, guraso eta seme-alaben ondoan. Gauzak gaizki atera ziren eta, atzera, bueltan etorri nintzen. Ezin nuen Bilbora itzuli, lotsa sentitzen nuen: lehen negozioa nuen, galdu nuen... Eta hiriz aldatzea erabaki nuen. Iruñera joan nintzen. Han urte batez lan egin nuen. Bi toki nituen aukeran: Zangoza eta Altsasu. Zangoza ez zitzaidan gustatu, herri oso zaharra iruditu zitzaidan, ez du dendarik ere. Altsasu ikustera etorri nintzen eta ile apaindegi bat falta zela ikusi nuen. Hemen hasi eta askoz hobe nago.
Zenbat denbora daramazu Altsasun?
Aurten bost urte eginen ditut.
Bakarrik etorri zinen, edo familiarekin?
Bakarrik. Familia berriz elkartzeko ahalegina egiten ari naiz. Seme-alabak ekarri nituen garagarrilean. Orain emaztea eta beste seme txiki bat ekartzeko zain nago. Autonomoa naiz eta gobernuak ez dit laguntzen. Paper asko eskatzen dituzte, nomina igo behar duzu asko irabazten ari zarela erakutsi... galbidea da.
Seme-alabak ekartzea asko kosta zitzaizun?
Bai. Pandemiako berrogeialdia ezarri zutenean atzera bota zuten eskaera. Zergatik galdetu eta esan zidaten ile apaindegia itxita nuelako zela. Baina garai hartan guztiok genuen negozioa itxita, hilabete edo bi hilabete egon ginen berrogeialdiagatik negozioa itxita. Eta ordaintzen segitu nuen. Seme-alabak ekartzeko asko sufritu dut, eta sufritzen segitzen dut.
Emaztea eta semea ekartzen saiatzen zenbat denbora daramazu?
Altsasun 2019an hasi nintzen lanean eta 2020an eskatu nuen familia berriz elkartzea. Ea zenbat gelditzen den. Oxala baietz erantzun, sufritzen ari bainaiz.
Harremana nola mantentzen duzu?
Egunero hots egin behar dut eta hitz egiten dugu. Seme-alabek oporrak dituztenean, udan, hara jaitsiko naiz, familia eta gurasoak ikusteko. Hilabete ematen dut, ezin dut gehiago egon, lana dut eta negozioa zaindu beharra dut.
Ile apaindegia zabaltzeko laguntzarik edo aholkurik izan zenuen?
Nafarroako Gobernuak pixka bat lagundu zidan, 2.000 euro eman zizkidan. Eta aurreztuta nuenarekin zabaldu nuen negozioa. Aurreneko urtean autonomo kuota 50 eurokoa izan zen, hori ere laguntza zen, kuota baxuagoa baitzen. Orain kuota normala ordaintzen dut.
Gizonezkoen ile apaindegia zabaldu zenuen.
Hala da. Bizargina ere banaiz. Oxala neskaren bat nirekin lanera etorriko balitz, ile apaindegi unisex-a egin nahi dut. Nik gizonezkoei ilea mozten dakit bakarrik, gizonezkoekin konformatzen naiz. Baina emakumezkoekin lan egiteko norbait baletor, ongi, hemen ere behar dut. Arazoa da.
Dagoeneko bezeroak dituzu.
Bai. Lehen atera den gizon horren (bezero bat) iloba Iruñean nuen ile apaindegira joaten zen ilea moztera. Iruñean Altsasutik joaten ziren bezeroak ezagutu nituen. Hitz egitean herria aipatzen zuten eta Altsasun ile apaindegia zabaltzeko esaten zidaten, marokoar ile apaindegia falta baitzen. Altsasu ezagutu nahi izan nuen, gustatu zitzaidan eta hemen nago. Hemen zabaldu nuenean, jendea erraz etortzen zen, aurretik bezeroak bainituen. Ez nuen asko sufritu. Beste toki batzuetan negozioa zabaldu eta zain gelditzen zara, ea bezeroak lortzen dituzun. Hemen, jainkoari eskerrak, jendea banuen.
Bezeroekin, beraz, ongi.
Oso ongi. Jendea oso atsegina da. Jainkoari esker, bezero onak ditut, ea horrela segitzen duen.
Laguntzailea ere baduzu.
Hotzarekin ez dago hainbesteko lanik, udan lan gehiago izaten dut eta orduan laguntza premia handiago dut. Orain, lasaiago.
Aita zara eta seme-alabak hemen dituzu. Lana eta familia kontziliazioa, zer moduz?
13:30ean itxi eta janariak prestatu behar ditut seme-alabak etortzen direnerako, berotu besterik ez. Gauzak gauez egiten ditut. Orain ramadanarekin zaildu egiten da. Arratsaldean guztia prestatu behar da, dena beroa. Egun osoa jan gabe daramazu eta jatekoak prestatu behar dira. Eta hurrengo egunerako gauzak ere prestatu behar ditut, gero lan egin ahal izateko. 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara bainago lanean, ordu asko. Seme-alabak ere ramadana egiten ari baitira. Haurrak dira eta ez dakite, ez didate laguntzen. Eta nik hemen eta etxean lan egin beharra dut. Emaztea faltan dut, ea aurten etortzen den. Zain nago. Ea horrela lan pixka bat kentzen dudan.